sábado, 27 de marzo de 2021

Alamandegizar toponimoa

 Alamandegizar Donostiako baserria da. Lekuko zaharrik ez dago, Donostiako toponimia izeneko laneko informazioak ez du urte askorik, 1989. urteko lekukoa bildu dutelako, baina behintzat beste datu bat gehiago ematen dute, Alamandegi berri izeneko toponimoa bazela:

ALAMANDEGI BERRI: Alamandegi berri (U.T.); Alamandegi berri (1989, D.U.T.B.). 64-20-7, m. C-5.
ALAMANDEGI ZAHAR: Alamandegi zahar (U.T.); Alamandegi zahar (1989, D.U.T.B.). 64-20-7, m. C-5.
Dirudienez, etxe bat izango zen Alamandegi izena zeukan, eta beste etxe bat eraiki zutenean, beharbada etxe zaharretik hurbil, biak bereizteko, batek Alamandegizar izena hartuko zuen eta besteak, Alamandegi berri.
Toponimo zaharra izango zena, Alamandegi, ez da zaila analizatzeko. Atzizkia -tegi ezaguna da, sudurkari ondoan horkaria ahostundu dela. Oinarrian Alaman antroponimoa izango zen:
Alaman
Erdi Aroan maizxko erabili zen egun deituretan eta etxe izenetan gordetzen den hau. Jatorriz latineko Alamannus 'alaman herrikoa' hitzetik dator. XIV. mendean Iruñean, Zangozan eta Lizarran (Nafarroa) ageri da.
Etnonimoa izango zen jatorriz, baina gero antroponimo bihurtu zen eta Euskal Herrian ere ezaguna eta erabilia izan da. Lekuko toponimiko batzuk utzi ditu, esaterako, blog honetako Alamena, Galdakaoko toponimoa. Antroponimo eratorri bat ere sortu zen, *Txalaman, Txalamanenea toponimoaren oinarria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario