Mostrando entradas con la etiqueta Belasko. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Belasko. Mostrar todas las entradas

lunes, 13 de octubre de 2025

Elaskolaza toponimoa

 Arabako toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XX. mendearen erdialdekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

ELASCOLAZA, término de la mojonera Salvatierra-Urbia.
Toponimo analizatzeko bi muga nabarmen ditugu, alde batetik lekuko bakarra dago eta nahiko berria da eta horrek esan nahi du sortu zenetik mende batzuk igaro direla, nahikoak aldaketa larriak izateko. Dena den, muga aipatu ondoren adierazi beharra dago toponimoa nahiko gardena dela eta badirudi aldaketa bakarra jasan duela.
Toponimoan hiru elementu izango ziren, bukaeran -tza atzizkia, aurrerago ola izena, oso ohikoa toponimian eta oinarrian Belasko antroponimoa, hasierako fonema galdu duela. Galera hau ez da ezezaguna eta euskal lurraldean adibideak badira.

martes, 23 de marzo de 2021

Belaskozabal toponimoa

 Arabako Zanbrana herriko aurkintza batek Belaskozabal izena du.
Ez dago lekuko zaharrik baina bai XX. mendearen erdialdeko bat, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan dagoena:

VELASCOZABAL, término de Berganzo.
Toponimoa interesgarria da, Zanbrana Ebro ibaiaren ondoan dago eta inguru horretan erdararen nagusitasuna agerikoa da. Hala ere, euskal toponimoak ez dira gutxi, Belaskozabal bezalakoak.
Toponimoak bi elementu ditu, Belasko antroponimoa eta zabal hitza, toponimo honetan leku zabala izendatzeko erabilia.
Euskaraz Berasko da gehien erabilitako aldaera, bokalarteko l > r aldaketa gertatua. Hala ere Belasko ere ez da ezezaguna, erdaraz erabilia izan delako eta elementu antroponimikoak erraz mailegatzen direlako, hala gertatu zen antroponimo askorekin.
Aukera dago oinarrian Berasko izatea eta gero r-l > l-l izateko, baina eskura dauden datuek ez dute hori berresten eta lehenago jarri bezala, Belasko izatea ez da ezusteko handikoa.
Aipagarria da toponimo luzea bada ere, bost silabatakoa, oraindik gardena dela, nahiz eta gaztelaniaren nagusitasuna aspaldikoa izan.

sábado, 6 de marzo de 2021

Belaskoperraia toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan agertua:

BELASCOPERRAYA, 1735, labrantío de Junguitu.
Nahiz eta lekuko bakarra izan, nahiko zaharra da. Bi elementu ditu, Belasko antroponimoa eta perra izenaren aldaera bat, perrai(a). Ziurrenik azken hau arkaismoa da, hitza mailegatua da eta perrai(a) aldaera hurbilago dago latineko hitzetik. Hitz honetaz informazio gehiago Otxandaperra toponimoaren sarreran.
Gorago adierazi bezala, antroponimoa Belasko litzateke, baina bada aukera Berasko izateko eta ondoren r-rr > l-rr bilakaera gerta zitekeen. Dena den, Belasko ere euskal lurraldean ezaguna eta erabilia izan da.

miércoles, 9 de diciembre de 2020

Belakostegi toponimoa

 Arrasateko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XV. mendearen erdialdekoa. Arrasateko toponimia liburuko 179. orrialdean:


 Toponimoak bi elementu izango lituzke, Belako antroponimoa eta estegi izena, blog honetan aztertutako Jandustegi toponimoan bezala.
Badago beste aukera bat, oinarrian patronimiko bat izatea, *Belakoiz, ondoren *Belakox bihurtu liteke iz > x bilakaeragatik, sartaldean ohikoa dena eta azken honi -tegi gehiturik, *Belakoxtegi sortuko zen, ondoren Belakostegi bihurtua, herskari aurreko txistukari neutralizazioagatik. Baina azkeneko hau, posiblea bada ere, hipotetikoa da, daturik ez dagoelako, baina bilakabidea ohikoa izan liteke.