Mostrando entradas con la etiqueta Mauri. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Mauri. Mostrar todas las entradas

viernes, 18 de julio de 2025

Mauritegi toponimoa

 Mauritegi bi aldiz agertzen da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Arrasateko agirien artean bataio agiri bat dago:

Agiria 1547. urtekoa eta han semearen izena agertzen da, Martin Mauritegui Mendibe eta baita bere aitarena ere, Andres Martinez Mauritegui. Mauritegi hori toponimoa izango zen, ziurrenik etxe baten izena baina lekuko gehiagorik ez dagoenez, ezin jakin non zegoen baina beharbada Arrasate ingurukoa zen, nahiz eta hori ere ziurra ez izan.
Toponimoaren analisi etimologikoa erraza da, bi elementuz osaturik dago, bukaeran -tegi, oso atzizki ohikoa etxe izenetan eta oinarrian antroponimo bat, Mauri, latin jatorrikoa. Antroponimo honetan informazio gehiago Mauri toponimoaren sarreran.

lunes, 14 de julio de 2025

Mauri toponimoa

Lizarrako toponimo zaharren artean bazen Mauri, XIII. mendeko lekuko bakar baten bitartez ezaguna. Toponimoaren dokumentazioa José María Jimeno Jurioren Estella/Lizarra. Toponimia lanekoa da, 150. or.:

 Toponimoak ez du zailtasunik, antroponimo huts bat dagoelako, Mauri, latin jatorrikoa eta blog honetan toponimo eratorri bat aztertu zen, Maurizeta, Getxokoa.
Mauri oso aspaldian erabili zen, duela mila urte, San Juan de la Peña monasterioko agirien artean agertzen da jaun mauri blascoz de bosturia, bizkaitarra. Agiri berean dago sanxo mauriz de bosturia, Mauriz patronimikoa duela.
Beraz, Mauri antroponimoaren lekuko urriei bere bat gehitzekoa da, Mauri toponimoa, Nafarroakoa.

miércoles, 27 de abril de 2022

Mauruazarizolaza toponimoa

 Ataun inguruko saroi honen lekukoak Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren bi agiritan agertzen dira. Lekuko gutxi dira baina aldaerak asko. Lehenengo lekukoak 18. agirikoak dira, 1409. urtekoa dena. Lehenengo lekukoa dago 53. orrialdean:

Yten la mitad del sel de Mauruas açareyçolaça, el de suso.
Orrialde berean beste behin agertzen da:
Maruçariolaça
Eta oin-ohar batean agiriaren kopia baten aldaera dago:
Ídem dice “Maurua çariolaça”.
Hurrengo lekukoa 58. orrialdekoa da:
E bien asy la mitad de los seles de Vr[e]scotia e de Maruaçariolaça e de Fardaluscobaçiuerre e de Latosa  e de Fardaol,
Hurrengo lekukoa 59. orrialdekoa da:
...e Burançiçu e Aguiguerençiça e Hormaçar e Latosa e Pardalus e Maruaçariolaça e Alçolaça e Le\içaosveeracoa e Leyçaosgar\aycoa e Vrroytigaraycoa e a cada vno d’ellos...
Agiri honen azken lekukoa 63. orrialdean dago:
...el noveno el sel de Maruçariolaça...
Eta oin-ohar batean agiriaren kopia baten aldaera dago:
Ídem dice “Mauru açariçolaça”.
Azken lekukoa beste agiri batean dago, 34. agirian, 1452. urtean:
...primeramente el sel de Fardelus25 e el sel de Fitueta-ondarra e el sel de Mauruacarizolaça e el sel de Loyola-saroea e la meytad del sel de Ydoybelcibar e el sel [de] Otocor de yuso e el sel de Arpeolea e el sel de Fardelus-ausurdia.
Toponimoa luzea da eta nabarmena da aldaketa ugari agertzen direla, lehenengo silabatik hasita, diptongoa galdua da lekuko batzuetan, beharbada hurrengo silabaren bokalak eragina izan du: au-u > a-u. Beste aldaketa aipagarria da azken aurreko txistukaria galdu dela lekuko askotan, Mauruazarizolaza > Maruazariolaza, agian azken silabako txistukariaren disimilazioz.
Mauruazarizolaza bada azaltzeko izena, bi elementu nagusi izan ditzake, Mauruazariz- eta -olaza, azken honetan ola + -tza dago. Lehenengoan antroponimoa eta patronimikoa daude, Mauru eta Azariz, Azeari antroponimotik sortua. Mauru litzateke mairu izenaren aldaera, jatorrizkotik hurbilago dagoena, latineko maurus hitzetik, hain zuzen. Baina toponimo honetan ez dago izen arrunta, antroponimoa baizik. San Juan de la Peña monasterioko agiri zaharrenetan Bizkaiko lekuko batzuk daude, Mauri antroponimoarenak: Jaun Mauri Blascoz de Bosturia, 1070. urtean. Eta bi aldiz dago, data berean, patronimikoa: Sanxo Mauriz de Bosturia eta Munnio Mauriz suo germano.
Aztergai den toponimoan Mauru agertzen da, beharbada antroponimoa galdu ondoren, izen arruntarekin ordezkatua izan zen, eta inguru horretan mauru erabiliko zuten.
Patronimikoa, lehen adierazi bezala, Azeari antroponimotik sortua da, azeri animalia izenaren jatorri bera du, latinetik hau ere, asinarius izen arrunta latinean, antroponimo bihurtu zen, euskarara mailegatua izan zen eta gero, izen arrunt bihurtu zen.