Mostrando entradas con la etiqueta Meltxor. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Meltxor. Mostrar todas las entradas

martes, 1 de julio de 2025

Txirtxorrena toponimoa

 Txirtxorrena da Otxandioko baserri bat eta eskura dagoen lekukotza ez da batere zaharra, Otxandioko toponimia liburuan informazioa eta toponimo eratorriak daude, 222. or.:

Herri berean beste toponimo bat dago, agian aurrekoaren eratorria edo, besterik gabe, oinarri berarekin sortua, Txirtxorren zubia, 223. or.:
Etxe izen askotan bezala, bukaeran genitiboa eta artikulua daude, bestean zubi hitza. Elementu hauek oso ohikoak dira eta ez dute ezer aipagarri baina ez da bera gertatzen oinarriarekin, txirtxor- ezezagunarekin. Kontuan izanik beste toponimo askorekin gertatu bezala, elementu hori antroponimoa edo izengoitia izan zitekeen, baina ez da halakorik, antza, ezagutzen. Baina lekukoak oso berriak direnez, gerta liteke aldaketak jasatea, jatorrikoena erabat iluntzea lortu dutenak. Lekuko gehiago edo argiagorik lortu ezean, proposamen bat egin liteke, Meltxor antroponimoaren hipokoristikoa izatea:
Hebreerako *Melki'or (Melki 'erregea' eta or 'argia') izenetik. Mateoren Ebanjelioa da ekialdetik etorritako magoak aipatzen dituen bakarra, izenak eta errege kopurua zehaztu gabe, gainera. Izenak IX. mendeko Liber Pontificalis-en agertu ziren, non mago bakoitzak munduko eskualde bana ordezkatzen baitzuen. Meltxor Asiako ordezkaritzat azaltzen da bertan.
Antroponimo hori behin baino gehiagotan agertzen da toponimian, Meltxorrenea toponimoan bezala, baina Otxandioko honetan aldaketak izan ziren, hasierako fonema ordezkatu zuen <tx> afrikatuak, hau ohikoa da adiera txikigarria ematekoa, Txominlarrena toponimoan, oinarria Txomin da, Domingo antroponimoaren hipokoristikoa. Gainera, dardarkari asimilazioa izan zen, l-rr > r-rr. Hasierako silabaren bokalari dagokionez, goragoko Meltxorrenearen lekukoak dira Milchiorrenea (1793) eta Milchiorrrenea (1794).
Nahiz eta izena laburra izan, aldaketa ugari gertatu ziren, baina horiek guztiak azaldurik geratu dira eta, beraz, litekeena da inoiz *Txirtxor hipokoristikoa izatea, edo izen antzeko bat.

miércoles, 5 de febrero de 2025

Beltxiorrenekoa toponimoa

 Beltxiorrenekoa da Ondarroako baserri bat. Lekuko zaharrena duela bi mendetakoa da, Belchigorrenecoa (1827). Azken urteetan Beltxior eta Beltxiorrenekoa izenak darabiltzate. Bukaeran, artikuluaz gain -ko eta -(r)en daude eta aurrerago, oinarria, antroponimo bat izan ohi dena. Toponimoak antz handia du Errenteriako Meltxorrenea toponimoarekin. honetan Meltxor antroponimoa ikusten dugu, Ondarroako toponimoan bezala. Izan ere, Errenteriako toponimoaren lekuko zaharrena Milchiorrenea da, bestearenetik oso hurbil. Beltxigorrenekoaren /g/ erraz azaltzen da, diptongo hori ez izateko. Beste hizkera askotan yod bat ezarri ohi da, Laudiyo 'Laudio', Oriyo 'Orio'...
Egun, Meltxor da Errege Magoetako bat, baina garai batean antroponimo huts bat zen, beste asko bezala.

viernes, 26 de enero de 2024

Meltxorrenea toponimoa

 Meltxorrenea zen Errenteriako etxe baten izena, bi lekukoren bitartez ezaguna, biak XVIII. mendearen bukaerakoak:

1793     Milchiorrenea
1794     Milchiorrrenea
Dirudienez, ezberdintasun bakarra akats bat da, azken lekukoak hiru dardarkari dituelako. Toponimoren azterketan sartuz, bukaeran etxe izenetan ohikoak diren -(r)en eta -a daude eta oinarrian antroponimo bat, Meltxor:
Hebreerako *Melki'or (Melki 'erregea' eta or 'argia') izenetik. Mateoren Ebanjelioa da ekialdetik etorritako magoak aipatzen dituen bakarra, izenak eta errege kopurua zehaztu gabe, gainera. Izenak IX. mendeko Liber Pontificalis-en agertu ziren, non mago bakoitzak munduko eskualde bana ordezkatzen baitzuen. Meltxor Asiako ordezkaritzat azaltzen da bertan.
Eliza kristauren eraginez hedatutako izen honek hainbat aldaera izan zituen eta Errenteriako toponimoan Miltxior dago, beharbada *Meltxior zaharrago batetik, aipatutako web orrian Beltxior aldaera agertzen da, lekuko bakarra duela.