Mostrando entradas con la etiqueta Morron. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Morron. Mostrar todas las entradas

miércoles, 26 de abril de 2023

Morrontxo toponimoa

 Morrontxo da Errenteriako baserri baten izena. Errenteriako udalaren web-gunean informazioa dago Morrontxo toponimoari buruz, toponimo eratorri batzuk ere ageri direla, Morrontxo dorretxea, Morrontxoerreka eta Morrontxoiturri. Lekukotza handia toponimo nagusiarena da:

1794     Morroncho            AME A/1/113
1808     Morroncho           JIJCO
1819     Morronco           LGV
[...]
Lekuko zaharrena, urte gutxigatik, Morrontxo dorretxearena da, Morroncho (1785).
Toponimoan *Morrontxo antroponimoa litzateke, Morron antroponimotik sortua, eta -txo atzizkiarekin, hipokoristikoa delako. Ez dago *Morrontxoren lekukorik horregatik izartxoa izenaren aurrean, lekuko zuzenik ez dagoelako. Baina toponimo honen bitartez jakin dezakegu inoiz izan zela.
Euskaraz bada morroitxo hitza, *Morrontxo izenaren elementu berberaz osatua, Morron litzateke morroi hitzaren erdal aldaera, erabilera antroponimiko izan zuena euskal lurretan.

lunes, 24 de abril de 2023

Morrontegi toponimoa

 Morrontegi da Amurrioko bizkarra, hegia.
Lekuko batzuk daude, ez oso zaharrak, lehenengoa Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburukoa:

MORRONTEGUI, monte de Lezama.
Bestea, hau ere XX. mendeko bigarren erdialdekoa, Federico de Barrenengoaren Onomástica de la Tierra de Ayala liburuan, 56. or.:
MORNOTEGI.—Jaro en Larrako.—Probable variante de MORRONTEGI.
MORONTEGI.—Var. de MORRONTEGI.
Eta 57. or.:
MORRANTEGI.—Monte mojonado: O. arroyo, N. arroyo, E. arroyo que baja de la fuente de Iturrigorri.—Var. de MORRONTEGI.
MORRONTEGI.—Monte encima de los caseríos de Lezameta (Txatxi) y de Arrugalde, al O. de éstos, y entre La Magdalena y la Txara.
Lekuko zaharrik ez izateak oztopatzen du analisia, baina aldaera horietatik fidelena Morrontegi dela uste izanez gero, analisia egin liteke arazorik gabe, jakinik Morron antroponimoa izan zela, toponimo gutxi bazuen oinarria dena, hala nola, Morronea eta Morrongibel toponimoak, blog honetan aztertuak. Aipagarria da azkena, Morrongibel, Zuiako toponimoa delako, Amurriotik oso hurbil, bi herriak mugakideak direlako. Bigarren elementua -tegi ezaguna da, baina oraingoan, nahiz eta oinarriko izenak sudurkaria bukaeran izan, atzizkiaren hasierako horzkaria ez da ahostundu ohikoa den bezala, cf. Kapagindegi toponimoa.

miércoles, 19 de abril de 2023

Morrongibel toponimoa

 Morrongibel da Zuiako aurkintza baten izena. Bi lekuko, ez oso zahar, daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburutik jasoak:

MORRONGUIBEL, término de Murguía.
MORRONQUIBRE, término de Murguía.
Bigarren lekukoa aldaturik dago eta jasan dituen aldaketak nabarmenak dira, guztiak toponimoaren azken elementuari dagozkionak. Beharbada euskararen galerarekin sortutako aldaketak izan daitezke, baina ezusteko handirik gertatu ez bada, Morrongibel litzateke aztertzeko izena.
Toponimoak bi elementu lituzke, Morron antroponimoa eta gibel "atzeko aldea" esanahia duena toponimian. Morronen lekukoak Gipuzkoako sortaldeko bazterrean ezagunak badira ere, izenak hedapen handiagoa izango zuen, Arabako sartalderaino.

Morronea toponimoa

 Morronea da Asteasuko baserri bat. XIX. mendearen erdialdeko lekuko bat dago Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa liburuaren 701. or.: Morronéa.
Lekukotza zahar handirik ez da baina azken 150 urtetan aldatu gabea da toponimo hau.
Toponimoaren bukaeran -(r)en + -a daude, ohikoak etxe izenetan eta oinarrian, Morron antroponimoa omen dago. Antroponimo hori morroi hitzarekin loturik dago, eta bukaerako ezberdintasuna beste hitz askotan aurkitzen da, zahar zein berrietan, lehoi : león, kamioi : camión...
Toponimoan gertatutako aldaketa bakarra izan da sudurkarien disimilazioa, Morron + -(r)en + -a > *Morronena > Morronea.

miércoles, 5 de abril de 2023

Morron antroponimoa

 Morroi hitzari eskainitako sarreran Morroe Zuria izeneko gizona agertzen zen, morroi hitzetik sortutako antroponimoa. Sarrera honetan bere erdarazko kidea aurkeztuko dugu, Morron. Lekuko gutxi dauden arren, kidetasuna argia da, kontuan harturik erdarazko -on eta euskarazko -oi bukaera, horrela, león : lehoi, beste adibide askoren artean. Orotariko Euskal Hiztegiaren morroi hitzaren sarreran, jatorria horrela azaltzen dute:

Etim. Puede explicarse bien en forma y sentido a partir de rom. *borrone (cat. borró 'yema', etc.).
Aipatutako lekukoak Erdi Arokoak dira eta Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuan daude. Bi dira jaso ditugun lekukoak, biak daude 61. agirian, 1500. urtean:
Morrón tenía vn mançanal cerca de la cruz. Linderos: de la vna parte la cruz e de la otra parte Adamecho d’Iparraguirre.
[...]
Domingo, cantero, tenía vn mançanal en Alçubide Legarra. Linderos: mançanal de Esteuan Morrón y de la otra parte Saubat de Guillemo.
Bilakaeraren urratsak beteagoak daude lekuko hauekin, lehenengoa izan ezik, *borrone berreraiki delako, baina bai ondorengoak, Morroe, Morroi, Morron, azken hau erdararen eragina duena.