Mostrando entradas con la etiqueta Zabalo. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Zabalo. Mostrar todas las entradas

lunes, 10 de octubre de 2022

Lopezabaloaga toponimoa

 Toponimo hau behin baino ez da agertzen, lekuko bakarra bada ere, nahiko zaharra da eta toponimoaren elementuak nahiko argiak dira. Ez da aldaketarik gertatu eta, beharbada, zailtasun bakarra litzateke erdiko elementua, Zabalo izengoitia.
Aipatutako lekukoa Colección Documental del Archivo Municipal de Lequeitio. Tomo IV. (1514-1520) liburuan dago, 225. agirian, 1514. urtean:

E luego, yncontinente, yendo los dichos partidores onbres vuenos en vno con las dichas partes, pusyeron desde la orilla de Leyave, donde se parte lo de la dicha villa e las dichas anteyglesias con los caseros de la dicha anteyglesia de Yspaster, hasta donde se parte el monte de la dicha villa e de las dichas anteyglesias e Açiro fasta el alto del enzino que esta en Lopeçabaloaga, e dende a vna aya, e el dicho ençino queda para anvas partes, e desde la dicha aya fasta donde esta vn monton de piedras, donde esta el mojon de entre los de Açiro e Lequetio que esta sennalado con vna crus...
Toponimoa, lehenago adierazi bezala, hiru elementuz osatutakoa da, Lope antroponimoa, Zabalo izengoitia eta -aga atzizkia, normalean ugaritasun adiera duena baina hau bezalako toponimoetan lekuzko adiera du, lekua edo lur eremua.
Zabalo arrain mota bat da, baina toponimo honetan izengoitia da zabal izenondotik sortua eta -o atzizkiarekin gizonezkoentzat erabilia. Zabalo izengoitiaz informazio gehiago Zabaloenea eta Zabalonea toponimoen sarreran dago. Horiek ez dira izengoiti horrekin sortutako toponimo bakarrak, Zabalotegi toponimoen oinarrian ere bada.

viernes, 5 de agosto de 2022

Zabalobaso toponimoa

 Zabalobaso da Zumarragako aurkintza bat.
Toponimoak aldaketa ezezagunik jaso ez badu analisi erraza luke, bi elementuz osaturik dagoelako. Azkena baso izen arrunta da eta hasierakoa Zabalo izengoitia, zabal izenondotik sortua. Izengoiti honetaz informazio gehiago Zabaloenea eta Zabalonea toponimoen sarreran.

viernes, 26 de noviembre de 2021

Zabaluaga toponimoa

 Markina-Xemeingo tontorren artean bada Zabaluaga izenekoa.
Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoa erraz analizatzekoa da, aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, behintzat.
Toponimoak bi elementu lituzke, Zabalo izengoitia eta -aga atzizkia. Honek normalean ugaritasuna edo pluraltasuna adierazten zuen, baina batzuetan, leku izengoitia zeukan, horrela, "Zabaloren lurra, eremua" ulertu behar da.
Aldaketa bakarra gertatu omen zen, bokal disimilazio bat, oa > ua. Horrelako bokal disimilazioak oso arruntak izan dira eta, ziurrenik, toponimoa berandu finkatu zelako geratu da aipatutako disimilazioa.
Zabalo izengoitiaz informazio gehiago Zabaloenea, Zabalonea toponimoen sarreran.

lunes, 15 de noviembre de 2021

Zabalotegi toponimoak

 Zabalotegi toponimoa Gipuzkoan dago, hainbat herritan, salbuespena Ereñoko tontor baten izena, hau Bizkaian. Besteak dira, Azkoitiko alorra eta soroa eta Bergarako soroa.
XX. mendearen bigarren erdian bazen Azkoitian Zabalotegi izeneko baserria, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan dagoena:

ZABALOTEGI (prop.), Santa Kruz ballara
Baserri honen lekukotza XVII. menderaino atzera daiteke, 1625. urte ingurukoa delako Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan dagoena, Azkoitiko etxeen izenak zerrendatzean,
Zavalotegui. Aipatutako liburu horretan badago etxe bat, Legazpikoa, izen bera izan zuena, Zavalotegui. Toponimo honen lekuko zaharrenak Bergarako baserri baten dagozkio, Archivo Municipal de Zestoa (1338-1520) liburuan daude, behin eta berriz agertuz. Lehenengoak jarriz, 19. agirian, 1426. urtean:
Juan Martines de Çabalotegui, vesino de la Villa Nueba de Vergara
Hurrengoak, 40 urte geroago, 23. agirian 1462. urtean:
En el mançanal debaxo la casa de Çabalotegui [...] e por el jurado d’esta villa fuera fecha entrega e execuçion en la casa e caseria de Çabalotegui [...] que ellos que consentian e consentieron a que fuesen rematados la dicha casa e caseria de Çabalotegui
Askoz gehiago badira liburu horretan, ez da ezberdintasunik ageri, b/v alternantzia grafikoa izan ezik.
Toponimoek luzaroan iraun dute, ziurrenik guztien sorrera Erdi Aroan kokatu beharra dagoelako. Aldaketarik ez da jaso eta beraz, alde horretatik ziurtasuna handia da.
Toponimoak bi elementu lituzke, oinarrian Zabalo izengoitia dago, Zabaloenea eta Zabalonea toponimoen sarreran azalpena luzeago baterako. Azken elementua -tegi atzizki ezaguna da.
Zabalotegi toponimoen ugaritasunak erakusten du Zabalo izengoitia askotan erabilia izan zela.

jueves, 4 de noviembre de 2021

Zabaloenea eta Zabalonea toponimoak

 Oso izen antzekoak dituzten etxe horiek Gipuzkoan daude, Zabaloenea baserria Jauregi bailarakoa da, Hernanikoa.
Zabalonea etxea Txikierdi Auzokoa da, Usurbilgoa.
Azken honen lekuko bat dago, XX. mendearen bigarren erdikoa, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

ZABALO ENEA (col.) Txiki Erdi ballara, Usurbil
Lekuko zaharragorik ez badago ere, toponimoak gardenak dira, alde batetik Zabalo elementu antroponimikoa izango zen, ondoren etxe izenetan ohikoak diren -(r)en + -a.
Badago zabalo izena, arrain mota bat dena:
zabalo.
(V-m-gip). Ref.: A Apend; Zubk Ond 238.
"Pez marino que se interna en los ríos" A Apend. "Platusa" Zubk Ond 238. v. txabaloi.
Baina hitzaren egokitasuna gorabehera, Zabalo behin baino gehiagotan agertzen da XVI. mendean, adibidez, El triunfo de las élites urbanas guipuzcoanas: nuevos textos para el estudio del gobierno de las villas y de la Provincia (1412-1539) liburuko 44. agirian, 1533. urtean:
Miguel Zabalo
[...]
Juan Zabalo
Lekuko hauetan Zabalo izengoitia litzateke, gizonezkoei emanda, oinarrian zabal izenondoa dago eta azken aldean -o atzizkia, erromantze batetik jasoa, generoa emateko, Apalo antroponimoan bezala, Apaloberro toponimoaren oinarria dena.
Zabalo izenak izan zuen hipokoristiko bat, *Txabalo, Txabalonia toponimoaren bitartez ezaguna.

jueves, 8 de febrero de 2018

Txabalonia toponimoa

Donostiako etxe izen honek ez du lekuko oso zaharrik, bildutako zaharrena XIX. mende erdikoa da, Chabalonia (1841). Beste bi lekukoak, garai bertsukoak ere badira: Chabolanea (1844) eta Chabaloene (1864). Guztiak 1995. urteko Donostiako toponimia izeneko lanetik hartuak. Lekuko gehiago ez izateak adieraz lezake toponimoa galdu zela, eta ziurrenik, ez zela XX. menderaino heldu.
Toponimoak baditu hiru lekuko eta hiru aldaera, baina bi, Chabalonia eta Chabaloene oso antzekoak dira eta biek oinarri bera dute. Baina Chabolanea diferentea da, oinarrian txabola izen arrunta egongo zelako. Aipatutako lanean aldaera zaharrenari lehentasuna eman zioten eta, eskura dauden datuak kontuan izanik, zuzen zeuden. Chabolanea azaltzeko, *Txabalo ezezaguna ordezkatua izan zen txabola izen ezagunarekin, herri etimologia eginez.
*Txabalo zuzena bada, zer zen? Etxe izenetan ohikoak dira antroponimoak, eta *Txabalo izenak lotura handia luke Zabalo izengoitiarekin, Erdi Aroan ezaguna izan zena. Zabalo > *Txabalo bilakaera hipokoristiko bihurtzearekin batera gertatuko zen, cf. *Txalaman. Eta Zabalo azaltzeko zabal adjektiboa bada, -o atzizkiaz bi azalpen izan dira, baina egiantzekoena litzateke erromantzearen genero-ereduetarako egokitzapena, beraz, *Zabala orokorra izan ahal, baina gizonetarako, oso aldi gutxitan, Zabalo.
Txabalonia izenak hipokoristiko ezezagun baten albistea ematen du, *Txabalo, eta Zabalo-ren bizitzaz informazio gehiago.