viernes, 30 de enero de 2026

Txurisoloa toponimoa

 Txurisoloa da Gasteizko aurkintza bat. Izendegi ofizialean lekuko zaharrik ez dago. Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan toponimo hori badago, baita ere beste bat, Zaratekoa:

CHURISOLO, 1724, labrantío de Yurre. 1713, íd. de Zárate.
Toponimoek bi elementu dituzte, bukaeran solo hitza, soro hedatuagoaren aldaera eta oinarrian Txuri antroponimo hipokoristikoa dago, zuri izenondotik sortua, z- > tx- bilakaera jasan duela, hipokoristikoa egiteko. Txuriena toponimoan ere hipokoristiko bera dago. Egungo toponimoan artikulua ere bada.

lunes, 26 de enero de 2026

Katalintxo eta Katalintxonea toponimoak

 Katalintxo da Oiartzungo etxe bat eta bide bat. Oiartzungo toponimia liburuan ere badago:

Katalintxone.
XV. mendetik gaur egun arte Katalintxo eta Katalintxone gisa dokumentatu da. Ahozko forma Katalintxo da.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:
KATALINTXO (prop.) Palacio ballara, Oiartzun
Katalintxoenea da Donostiako baserri bat, egun desagertua. Izendegi ofizialeko lekukoetan izen bat baino gehiago daude: Catalincho, Katalintxone, Katalintxoenea...
Lekuko gehiago Donostiako toponimia lanean agertzen dira:
KATALINTXOENEA: Catalinchoene (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Catalinchoene (1844, casa, D.U.A.-C-5-I-1691-1); Katalintxoene (1989, D.U.T.B.). 64-14-7, m. I-4.
Katalintxoren lekukoak ere badira, XX. mendekoa da Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburukoa:
KATALINTXO (col.) Alza, Donostia
XIX. mendekoa da Donostiako toponimia bilketa lanekoa:
Catalincho (1864, Casa de labor, N.P.G., 38 orr.).
Donostiako toponimoarekin bukatuz, XVIII. mendearen bukaerako lekuko zahar bat dago, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, Cathalinchoenea.
Dirudienez, Donostiako lekukoetan Katalintxo zein Katalintxoenearen lekukoak daude eta fenomeno bera gertatzen da Oiartzungo toponimoan, aipatutako liburuan, Katalintxo eta Katalintxone delako.
Azkenik, Errenteriako toponimoen artean Katalintxo ere bada. Etxe honen lekukotza 400 urtetan agertzen da:
1549     Cathalin
1819     Catelinchiquienea
1933     Katalincho-alde
Hiru lekuko eta hiru izen, azken bietan elementu txikigarriak daude, txiki, -txo, eta, beharbada, lehenengoan ere izan liteke <th> digrafoan egungo <tt> edo. Dena den, toponimo honek erakusten du izen batzuetan ezegonkortasuna izan dela. Hala ere, izenak ezberdinak badira ere, adierazitakoa bertsua litzateke.
Toponimo hauetan antroponimo hipokoristiko bat dago, Katalintxo, oinarrian Katalin(a) antroponimo emakumezkoa dago eta ondoren -txo atzizki txikigarria. Toponimoen banaketa geografikoa nahiko estua da, oso eremu txikian hainbeste Katalintxo agertzeak adieraziko luke garai batean hipokoristiko honek erabilera handia izan zuela.

Katalinpagoa toponimoa

 Katalinpagoa da Orozkoko pagadi bat. Izendegi ofizialean ez dago lekuko zaharrik eta, beraz, analisia egungo izenetik egingo da. Toponimoak bi elementu izango zituen, artikulua zenbatu gabe, bukaeran pago hitz arrunta eta oinarrian Katalin antroponimo emakumezkoa, Katalinaren aldaera. Katalinpozu toponimoaren sarreran informazio gehiago antroponimo honetaz.

miércoles, 21 de enero de 2026

Kataliñene toponimoa

 Kataliñene da Donostiako etxe bat. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

KATALIÑENE (prop.) Alza, Donostia
Donostiako toponimia bilketa lanean lekukoak XIX. mende erdiraino heltzen dira:
KATALIÑENEA: Catalinene (1844, casa, D.U.A.-C-5-I-1691-1), Cataliñene (1864, Casa de labor, N.P.G., 38 orr.); Kataliñene (1989, D.U.T.B.). 64-14-4, m. J-3.
XVIII. mendearen bukaerako lekuko zahar bat dago, Proyecto de erección de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, Catalinaenea, Altzako etxeen artean. Testu berean beste aipu bat dago, beharbada Donostiako beste toponimo bat da, Catalinene.
Toponimoan bi elementu daude bukaeran genitiboa, eta bakar batean artikulua eta oinarrian antroponimo emakumezko bat, Katalin ala Katalina, izen bera da, baina aurreko mendeetan lehenak erabilera handiagoa izan zuen, egun ez bezala. Elantxobeko Katalinena toponimoan elementu berberak dira, nahiz eta bukaera apur bat ezberdina izan.

Katalinena toponimoa

 Bizkaiko Elantxobe herrian bazen Katalinena izeneko etxea, XVIII. mendearen bukaeran. Toponimoaren lekukoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Catalinena [N, TO]
Catalinena (la casa de) [Elanchobe (uarrio y puerto de)], Ybarranguelua, a.1798, FogVizcayaMs.
Cathalinena (la casa de) [Elanchobe (uarrio y puerto de)], Ybarranguelua, a.1798, FogVizcayaMs.
Cattalinena (la casa de), Nachitua, a.1796, FogVizcayaMs. -/Ybarranguelua, a.1796, FogVizcayaMs.
Toponimoan hiru elementu daude, bukaeratik hasita, artikulua, genitiboa eta antroponimo bat, emakumezkoa, izan daiteke Katalin edo Katalina. Katalinpozu toponimoaren sarreran informazio gehiago antroponimo honetaz.

lunes, 19 de enero de 2026

Zereintza toponimoa

 Zereintza da Berrizko baserri bat, Bizkaian. Izendegi ofizialaren arabera, ahoz Saintze eta Seintze da baina XVIII. mendeko lekukoetan beste bi izen agertzen dira, osoagoak, Zereinza eta Zereniza, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Cereinza [N, TO]
Zereinza (la casa de) [Berano (cofradia de)], Mallabia, a.1798, FogVizcayaMs.
Zereinza (la caseria de) [Sarria (cofradia de)], Berriz, a.1745, FogVizcayaMs., a.1796, FogVizcayaMs.
Zereinza (la caseria de) [Verano (cofradia de)], Mallavia, a.1796, FogVizcayaMs.
Zereinza (la caseria de) [Verano (valle de)], Mallabia, a.1745, FogVizcayaMs.


Cereniza [N, TO]
Zereniza (la casa de) [Berano (cofradia de)], Mallabia, a.1704, FogVizcayaMs.
Zereniza (la casa de) [Sarria (cofradia de)], Berriz, a.1704, FogVizcayaMs.
Toponimoa deitura ere izan zen eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Zereinzaren lekukoak ugariak dira, XVI. mendearen erdialdetik:

Zerenizaren lekuko bakarra eskuratu da, XVI. mendearen bukaerakoa:
Bi aldaerek jatorri bera izan zuten, baina gero bereizketa gertatu zen eta ezberdintasun horren azalbide errazena da pentsatzea garai batean *Zerenitza izan zela. Gero, bokal arteko sudurkaria galdu zen, baina sudurkaritasuna ondoko bokaletan gertatu zen eta gero berriro ezarri zen, *Zerenitza > *Zerêîtza > Zereintza? Bilakera bera Abadiño toponimoan, gaztelaniazko Abadiano izenak gorde du izen zaharra, gero *Abadîô izan zen eta azkenik, euskaraz Abadiño sortu zen.
*Zerenitza izen zaharra da, sudurkariaren bilakaerak erakusten duenez, baina analisia egin daiteke, bukaeran -tza atzizki ezaguna genuke eta aurrekoa *Zereni, antroponimo bat izan daiteke. Latinez bada bat egokia, I. Kajantoren The Latin Cognomina liburuan aipatua: Serenus 261.
Erdi Aroan ere erabili zen, Albeldako kartularioak erakusten duenez: Serenus, 1. agiria, 921. urtean. Euskarazko egokitzapena izan bazen *Zereni bezalako bat sort zitekeen. Hala izan bazen toponimo ere oso zaharra izango zen, sudurkaria oraindik galdu gabea zelako.

viernes, 16 de enero de 2026

Katalinperra toponimoa

 Katalinperra da Legutioko aurkintza bat. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrena XX. mende hasierakoa da, Luis de Eleizalderen Listas alfabéticas de voces toponomásticas vascas bilduman, Katalinperra. Beste izen batzuk ere agertzen dira, Catalinsolo eta Catalin sagasti, batzuk aipatzearren. Baina ziurrenik interesgarriena da Catalainperra, data gabe. Ez da ohikoa ai > i laburketa, baina lekukoak badira, hala ere, bestelakoa ere gerta zitekeen, pentsatzea Katalinperra izen laburtua zela eta izena 'zuzentzea'.
XX. mendeko beste lekuko bat dago, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

CATALIMPERRA, término de Urbina.
Toponimoan bi elementu daude, bukaeran perra hitza, Arabako toponimian hitz ohikoa, Otxandaperra toponimoan, perra hitzaren informazio gehiago sarrera horretan dago.
Oinarrian Katalin antroponimo emakumezkoa dago, Katalinaren aldaera, Katalinpozu toponimoaren sarreran informazio gehiago.
Etimologia hau zuzena da jatorrizkoa Katalinperra bada, baina oinarrian *Katalain izango balitz, etimologia aldatu beharko litzateke. Lekuko gehiago beharrezkoak dira ziurtatzeko toponimo honen jatorrizko izena.