Zornotzako toponimoen artean Keriketena bada, batetik dago Keriketena baserria eta Keriketena basoa. Azkenik, Keriketenagoikoa izeneko txaleta bada. Guztietan lekukotza oso berria da, mende honetakoa, basoaren izen bat izan ezik, Keriketene, 1999. urtekoa. Aldaera gutxi daude, horrela, baserrirako daude kéketene, kéreketena eta keriketéna, guztiak 2008. urtekoak. Izen hauen atzean izen zaharrago bat susma daiteke, horregatik ahozko lekukotasunen ezberdintasunak.
Toponimo nagusia, ziurrenik, Keriketena da. Hortik aldaketak ongi azaltzen dira: bokal asimilazioa, kéreketena aldaeran eta bokalarteko dardarkaria galdu eta bokalak batu, kéketene aldaeran.
Toponimoaren azken zatian -(r)en + -a daude, ohikoak etxe izenetan eta ziurrenik hasierako toponimoa baserriari zegokiona zen, ondoren basora hedatua. Etxe izenetan ohikoa da PI + -(r)en + -a egitura, eta hobekien egokitzen dena Periket(e) antroponimoa litzateke, Periquete toponimoan dagoena. Azken honetan erdarazko izena izango zen, baina euskaraz ere erabilia izan zen eta horrela agertzen da P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan, 122. or.:
Periket (Per, Pero, Peru). Soraurengo Periquetena oikonimoan azaltzen zaigu (1589, Ih.p., 2, 1605, 1606, Ue.p., 42; 1726an Periquitenecoa ageri da). Saurak Benasquen (1999-2000: 174) Petriquet bildu du.Salaberrik Soraurengo Periquetena aipatzen du eta Zornotzako toponimoarekin berdintzeko aldaketa bakarra beharrezkoa da, herskari asimilazio bat, p-k > k-k: *Periketena > Keriketena. Aldaketa erraztuko zuen toponimoaren lekukotza izkribatu gabea. Izena mendeetan ahoz transmitituko zen eta horrela, proposatutako aldaketa errazagoa izango zen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario