Jaunsuaga da Deba ibaiaren erreka baten izena. Lekuko zaharrik ez dago baina toponimoa, dagoen bezala, analiza liteke. Jakina, lekuko zaharragoak izanez gero, izena aldaturik agertzen bada, etimologia ere aldatu beharko litzateke.
Toponimoak bi elementu lituzke, Jaunso antroponimoa eta -aga atzizkia. Normalean atzizki honek pluraltasun zentzua du, baina antroponimoen ondoren izanez gero, leku esanahia baino ez zuen izango.
Toponimoan gertatutako aldaketa bakarra oa > ua bokal disimilazioa izan da, ohikoa euskararen eremu askotan.
Jaunso izenak, bere aldetik, bi elementu baditu, jaun eta -so atzizkia. Bi lekuko baino ez zaizkio ezagutzen, A. Irigoienek erakutsiak, De re philologica linguae uasconicae V izenburuko liburuko Formación de hipocorísticos en la onomástica medieval de área vascónica lanean bilduak, 20. or.:
Iaunso hic rouorauit a.956 ChartValpuesta 33, Jaunso de Calullano [a.1108] DocLeire 222, frente a: Jaun Belça [a.1235-1236] CD PrioradoNavarra 263 [con jaun ‘señor’ como praenomen].Jaunsoren lekuko zuzenak oso gutxi dira, beharbada gehiago izan daiteke eratorri toponimikoak, Jaunsola eta Jaolatza toponimoak aztertuak izan dira blog honetan lehenago, eta Jaunsuaga gehitu ondoren hiru lirateke antroponimo honekin sortutako toponimoak, beraz, toponimo hauek lekuko antroponimikoak baino gehiago dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario