miércoles, 14 de junio de 2023

Aldaeta toponimoa

 Aldaeta da Segurako toponimo batzuen oinarria: Aldaetaerdi, Aldaetabarrena eta Aldaetagoena baserriak daude eta gainera, beste bi etxe daude: Aldaetaberri eta Aldaetagoenaberri.
Toponimo honen lekuko zahar bat izan daiteke Colección Documental del Archivo Municipal de Oñati (1149-1492) liburuan dagoena, 34. agirian, 1489. urtean:

Martin de Aldaeta, dies maravedis.
Bi herriak, Oñati eta Segura, ez daude elkarretatik hurbil baina izena berdina da, beraz, Oñatiko lekukoa ez badagokio Segurari, azterketa etimologiko bera egin litzaiokeen.
Toponimoak bi elementu lituzke, azkena -eta atzizki ezaguna da, toponimian oso ohikoa. Hasierakoa alda-, ezin da alde hitzaren eratorpen aldaera, -eta atzizkiarekin oinarriak aldatzen ez direlako. Egokia izan daiteke alda:
2 alda.
"Tablas laterales de la gezuraska y ondaska" GoiBur 226. "Deberán ponerse con la debida perfección las aldas o tablas de los costados" (1752). Ib. 226. v. aldol.
Hala ere, hitz hori ez da hiztegi arruntekoa eta oso lekukotza urrikoa da. Horregatik, azalbidea beste hitz batengatik etor liteke. Ezaguna da toponimo batzuetan bokalarteko /i/ galtzen dela, cf. Ibaeta. Ustez galdutako fonema berreskuratzen badugu *Aldaieta izango genuke.
Araban badago Aldaieta toponimoa eta honek -eta atzizkiaz gain, oinarrian *aldai hitza izango zuen. Orotariko Euskal Hiztegian bada aldai hitza:
aldai.
"(V-arr-oroz-m), voz con que anuncian los niños el cambio de posición en las 'cuatro esquinas'" A.
Berriro, hitz horrek ez dirudi egokia toponimoa izateko. Hala ere, bada hitz bat, Alfonso Irigoienek aipatua eta toponimian agertzeko hitz egokia dena, Las lenguas de los vizcainos: Antroponimia y toponimia medievales ikerlanean, 411. or.:

Irigoienen arabera, hitz hori Bizkaian ezaguna zen eta Aldaieta toponimoari esker, jakin dezakegu Araban ere ezaguna zela. Aldaeta toponimoaren jatorria ere aldai hitzean bada, erabil-eremua Gipuzkoara ere heda daiteke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario