martes, 27 de junio de 2023

Frantxo toponimoa

 Arabako toponimo honetaz lekuko bakarra ezagutzen da, XX. mendearen erdialdekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan dago:

FRANCHO (Pieza de...), término de Lagrán.
Euskal antroponimia ezagutuz, Frantziskoren hipokoristiko baten antza du eta Patxi Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan izen oso antzeko bat dago, 55. or.:
Frantzisko, Frantzisku, Frantziska -> Frantxisko, Fantxisko, Frantxiska, Frantxixka, Frantxix, Frantxi, Frantxixko, Frantxisku, Frantxixku, Frantxiko, Maintxika, Prantxisko, Patxiko, Patxiku, Prantxo, Prantxito, Pantxito, Patxito, Patxi, Pantxo, Pantxa, Pantxika, Pantxix, Patxika, Patxo, Patxu, Patxikito, Prakito
Salaberrik, Frantziskoren hipokoristikoen artean Prantxo zerrendatzen du, Frantxo daitekeenaren oso hurbilekoa. Aldaketa bakarra, /f/ gordetzearena izan da, Frantziskoren hipokoristiko gehienetan /p/ bihurtu delako. Ezaugarri hori, beharbada, erdararen eraginari zor zaio. Dena den, erdarazko Paco hipokoristikoa oso ohikoa da eta /p/ du.
Toponimoan elementu bakarra dago eta beste askotan bezala, antroponimo bat da, kasu honetan hipokoristikoa.
Frantzisko ohikoa da azken mendeetako antroponimian eta horren isla toponimiara ere heldu da. Multzo horretakoak dira Fraiskozurikoa eta Pantxun toponimoak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario