martes, 27 de marzo de 2018

Telutegi toponimoa

Blog honetan Teluola toponimoaren azterketa izan zen. Oraingo honetan Telutegi, Bizkaiko toponimoa aztergai izango da. Telutegi Erandioko toponimoa da, eta nahiz eta lekuko zaharrik ez ezagutu, egitura gardena du, eta, aldaketa larririk gertatu ez bada, azterketa etimologikoa erraza du; Teluola bezala, oinarria antroponimoa litzateke, Telu, Tello gaztelaniazkoaren euskal aldaera, eta azken zatia, -tegi ezaguna. Beraz, Telu antroponimoaren lekuko gutxiei beste bat gehitu ahal zaie, hau toponimikoa, Telutegi bizkaitarra.

*Larritizabal toponimoaz berriro

*Larritizabal toponimoari buruzko sarrera  idatzi ondoren ikusi nuen Orpustanek ere aztertua zuela. Nahiz eta iruzkin luzerik ez idatzi, sarrera honetan erantzuna jasoko du.
Orpustanek toponimo aztertu zuen beste hitz eta toponimo askorekin Essais d'etymologie basque lanean, 161. orrialdean, eta hauxe da idatzi zuena:
"1074 vacariza de ritizaval: de même ici, car c’est encore sûrement une cacographie pour le très connu ariztizabal"
Beraz, *Ariztizabal-en kakografia litzateke. Honaino Orpustanek idatzi, eta orain, lehenago idatzitako sarreran berresteko arrazoiak:
1. Orpustanen transkribapenean ez dago 'la' ustezko artikulua, baina gure ustez toponimoaren lehenengo silaba litzateke. Guk erabilitako transkribapena zuzena bada, 'la' horrek inportantzia nabarmena luke. Gainera, 'la' hori bazen, artikuluak ez du zentzurik *ritizaval bezalako hitzik ez delako.
2. Errioxako euskara sartaldekoa zen, cf. baltz, huri ugariak... Sartaldeko euskaran hitza *Arexti edo izango zen.
3. Hasperena ere gordeko zuen, eta gehienetan hori islatuta geratzen zen idatzitakoan.
Beraz, kakografia izatea baino ekonomikoagoa litzateke susmatzea hor idatzi zena zuzena zela, baina toponimoaren lehenengo silaba izenetik banatu gabe.

martes, 20 de marzo de 2018

Donostia toponimoa

Harrigarria gerta daiteke Donostia izenaz aritzea, hauxe baita Hego Euskal Herriko hiriburuen artean etmologia argiena duena. Hala ere, badago etimologia ezaguna zalantzan jartzen duenik, Jabi Goitia: posible etimología de Donostia izenburuko artikuluan irakurtzen den bezala. Funtsean, bere ustez duna + oste + -a lotuz lortuko litzateke Donostia. Testuan hemen aztertutako toponimo bat aipatzen da, Donustebia, baina hau toponimo xumea da eta interesa badago Donostia handian.
Azalpen etimologiko hori bukaerarako utziko da, aurretik badaude aipatutako testu horretan argitzeko behar diren hainbat esaldi, nahiz eta testu osoa iruzkintzekoa izan.
Hasiera aldean jartzen du "Vaya por delante la afirmación de que los hagiónimos son escasísimos en España y que la mayor parte de lo que parecen santos y santas, no son tales, sino la consecuencia del “rebautizado” de numerosos lugares que ya tenían nombres parecidos a los que resultaron de la aplicación del cristianismo en los últimos dieciocho siglos".
Alde batetik santu eta santa duten toponimoak oso ugariak dira, eta bestetik eliza, monasterio, baseliza edo ermitak ere oso ugariak dira, baina loturarik ez dago: "birbataiatze masiboa" gertatu dela. Horrelakorik esaten duenak probatu beharko luke, bestela, edozeinek pentsatu beharko du elizak eta sortu direla, ondoren santu-santa izenak zabaldu direla.
Gehiago: "Esto quiere decir que lo más probable es que la parte final de Donostia, “ostia”, no sea un capricho ni esa evolución fantástica que quieren los académicos y que desde “San Sebastián” en doce pasos a partir de trasplantes y evoluciones regladas, llega a “Donostia” por el arte del birle birloque, como si las gentes fueran estúpidas y se pudiera cambiar un nombre de referencia a otra cosa distinta col la facilidad que ellos hacen cábalas con los sonidos." Hasierako *Donne Sebastian(e)-tik egungo Donostia-ra ez dago 12 urrats egin beharrik (hasiera ez litzateke inondik inora San Sebastián) eta izenen bilakaeraz: Arespakotxaga ahoz Aspotxa bezala ezaguna zen, Arrigorriaga, Arguia, eta Arabako Monasterioguren, Mostrun. Nafarroako Otsagabia, Otsagi. Adibideak herri izenetan zein mikrotoponimoetan erraz aurkitzen dira, bere teoria okerraren adierale nabarmenak. Toponimoak nahiko luzeak direnean joera dago horiek laburtzeko, beraz, ez litzateke ezohikoa Donostia bera laburketaren ondorengoa izatea. Areago, kontuan izanik Donostia euskal aldaera dena eta forma ofiziala, San Sebastián. Beraz, hemen aipatutako beste toponimo batzuk bezala, bilakaerak ez zuen galgarik izango, forma ofiziala gaztelaniazkoa zelako.
Bukatzeko, ematen duen etimologiaren azterketa, duna + oste + -a. Orotariko Euskal Hiztegian bilatuz gero, duna hitzak ez du ia erabilerarik, egile bakarra dago, Agustin Anabitarte, XX. mendekoa. Horrek argi eta garbi erakusten du hitz horrek ez duela tradiziorik hemen, Anabitartek erdaratik hartuko zuelako. Bide batez, euskal hiztegi bat begiratzen duen edonork ikusiko du d- hasiera duten hitzen kopuru urria, eta askoren jatorri mailegatua. Ondorengo elementua oste bada, "un precursor del “post” latino", edo errazagoa dena, post > *poste > *boste > oste, non gertatutako aldaketak normalak diren latinetiko maileguekin. Beharbada batzuek gogoratu beharko dute izan zen inperioa erromatarra izan zela. Horrek ispilu dira, toponimoez gain, erromatarren hizkuntzan idatzitako harriak, hemen zein Europako beste leku askotan daudenak. Eta ez alderantziz.
Azkenik, -a artikulua. Baina badakigu lehen ez zutela horrela hartzen, "Donostiako hiru damatxo" kantuan bezala. Donosti geroagokoa da, eta jakinik, ez da *Donoste, J. Goitiak nahiko lukeen bezala.
Eta artikulua horrela bukatzen du, "Otro día nos entretenemos con san Sebastián". Erraza da asmatzen San Sebastian izeneko santuak ez du inolako loturarik, baita ere izan bera edo antzekoa duten toponimo ugariek.
Zientziaren edozein alorretan ona da kritika, ezagutzen (uste) dena berriro aztertzea, jakintzat ematen diren hainbat ezaguera oker zuzentzeko. Baina horretarako zientziaren ezagutza gutxienezkoa beharrezkoa da.

martes, 13 de marzo de 2018

Pikandiain toponimoa

Legazpiko toponimoa, Biurrain bezala. Pikandiain (https://www.mendikat.net/com/mount/5088) tontor izena litzateke, oronimoa. Azterketa etimologikoa egiteko, egungo aldaera kontuan hartu eta piku + handi + gain bezalako bat proposa liteke, baina badago Erdi Aroko toponimo bat, egungoaren aldaera zaharragoa izan daitekeena, Bikendiain, muinoa omen zena, lekukoak irakurrita. Documentación medieval del Archivo Municipal de Legazpia (1290-1495) liburuan badira urte bereko bi lekuko, 1430. urtekoak:
56. or.: “Iten, mojonamos e ponemos otro mojón en [e]l çerro que desçiende del lugar llamado Viquendiayn ayuso fasia Legaspia, entre una faya e un otro árbol qu’es llamado en vascuençe urquia, que nos las dichas partes sennalamos e trasamos por sennales del dicho lugar donde posimos el dicho mojón”.
68. or.: “Fecha e otorgada fué esta carta cabo el dicho mojón qu’está puesto en el dicho çerro que desçiende de Viquendiayn fasia Legaspia, a veynte e ocho días del mes de otubre anno del nasçimiento de Nuestro Salvador Ihesu Christo de mill e quatroçientos e treynta annos”.
Bi aldaerak, Bikendiain eta Pikandiain toponimo bakarrekoak badira, azaldu beharra dago gertatutako aldaketak. Hasierako b- > p- erraz azaltzen da asimilazioz, bigarren silaban zegoen herskari ahoskabeak lehenego silabakoa ahoskabetu zuen. Beste aldetik, bigarren silabaren bokala, e > a irekitzerako, badira azalpen bat baino gehiago, edo disimilazioaz gertatuko zen, i-e-i > i-a-i. Baina beste azalpenen bat ere izan liteke, i-a > i-e bilakaera hainbat lekutan gertatzen da eta berranalisiz i-e > i-a bilakaera gertatu zen, gertatu ez zen aldaketa zuzendu nahian.
Zalantza bat geratzen da, toponimoaren jatorriaz, lekuko zaharrena Bikendiain zen, eta lehenengo elementua Bikendi antroponimoa da, edo bere latin aurrekaria, Vincentius? Zaila da jakitea toponimoa garai erromatarrekoa den edo Erdi Arokoa, non Bikendi-ren lekukoren bat baden. Zalantza horretaz gain, azken elementua geratzen da, gain izena zen ala -ain atzizkia? Badakigu toponimoa leku garaian bazela, beraz, aukera bazen gain izateko, nahiz eta egituraren aldetik, -ain atzizkia ere izan ahal.

martes, 6 de marzo de 2018

Biurrain toponimoa

Gipuzkoako Legazpiko bi baserriren izenak, Biurrainbekoa eta Biurraingoikoa.
Analisia egiteko, atzizkia -ain izan liteke, Nafarroan ezaguna hainbat herri izenetan agertzen delako, baina hortik kanpo ere ez da ezezaguna, Gipuzkoan bertan badira -ain atzizkia duten herri izen batzuk: Andoain, Beasain, eta mikrotoponimian ere badira adibide gehiago. Haietako bat Legazpiko Biurrain izan liteke. Orduan oinarria antroponimoa izango zen, kasu honetan bihur adjektiboa izan liteke, izengoitia bihurturik eta gero funtzio horretan aztertutako toponimoan gordea.