Legazpiko toponimoa, Biurrain bezala. Pikandiain (https://www.mendikat.net/com/mount/5088) tontor izena litzateke, oronimoa. Azterketa etimologikoa egiteko, egungo aldaera kontuan hartu eta piku + handi + gain bezalako bat proposa liteke, baina badago Erdi Aroko toponimo bat, egungoaren aldaera zaharragoa izan daitekeena, Bikendiain, muinoa omen zena, lekukoak irakurrita. Documentación medieval del Archivo Municipal de Legazpia (1290-1495) liburuan badira urte bereko bi lekuko, 1430. urtekoak:
56. or.: “Iten, mojonamos e ponemos otro mojón en [e]l çerro que desçiende del lugar llamado Viquendiayn ayuso fasia Legaspia, entre una faya e un otro árbol qu’es llamado en vascuençe urquia, que nos las dichas partes sennalamos e trasamos por sennales del dicho lugar donde posimos el dicho mojón”.
68. or.: “Fecha e otorgada fué esta carta cabo el dicho mojón qu’está puesto en el dicho çerro que desçiende de Viquendiayn fasia Legaspia, a veynte e ocho días del mes de otubre anno del nasçimiento de Nuestro Salvador Ihesu Christo de mill e quatroçientos e treynta annos”.
Bi aldaerak, Bikendiain eta Pikandiain toponimo bakarrekoak badira, azaldu beharra dago gertatutako aldaketak. Hasierako b- > p- erraz azaltzen da asimilazioz, bigarren silaban zegoen herskari ahoskabeak lehenego silabakoa ahoskabetu zuen. Beste aldetik, bigarren silabaren bokala, e > a irekitzerako, badira azalpen bat baino gehiago, edo disimilazioaz gertatuko zen, i-e-i > i-a-i. Baina beste azalpenen bat ere izan liteke, i-a > i-e bilakaera hainbat lekutan gertatzen da eta berranalisiz i-e > i-a bilakaera gertatu zen, gertatu ez zen aldaketa zuzendu nahian.
Zalantza bat geratzen da, toponimoaren jatorriaz, lekuko zaharrena Bikendiain zen, eta lehenengo elementua Bikendi antroponimoa da, edo bere latin aurrekaria, Vincentius? Zaila da jakitea toponimoa garai erromatarrekoa den edo Erdi Arokoa, non Bikendi-ren lekukoren bat baden. Zalantza horretaz gain, azken elementua geratzen da, gain izena zen ala -ain atzizkia? Badakigu toponimoa leku garaian bazela, beraz, aukera bazen gain izateko, nahiz eta egituraren aldetik, -ain atzizkia ere izan ahal.
No hay comentarios:
Publicar un comentario