Mostrando entradas con la etiqueta Bikendi. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Bikendi. Mostrar todas las entradas

viernes, 29 de abril de 2022

Bikendi toponimoa

 Bikendi toponimoa hiru aldiz agertzen da Gipuzkoan, Azpeitian eta Zestoan badaude Bikendi izena duten baserriak, eta Urola ibaiaren erreka baten izena da.
XX. mendeko bigarren erdialdeko bi lekuko daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

BIKENDI (prop.), Urrestilla ballara, Azpeitia
BIKENDI (col.), Aizarna ballara, Zestoa

Toponimo hauetan guztietan Bikendi antroponimoa, latin jatorrikoa. Ikus daitekeenez, izena ez da aldatu azken mendeetan, ezaguna da Bikendiren lekuko antroponimikoak, oso gutxi izateaz gain, oso zaharrak ere direla. Toponimian ale gehiago daude, Bikendaran toponimoa bezala, antroponimoaz gain haran izena duena.

Eguneraketa (2026-03-20):
Sarreran eman genuen lekukotza XX. mendekoa zen. Toponimoa argia zen eta alde horretatik ez zen arazorik etimologia egiteko. Hala ere, onena da lekuko zaharrak izatea eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendetik lekukoak daude:

Lekukoak Azpeitikoak direnez, lotura egin daiteke toponimoarekin eta deiturarekin. Beraz, oraingo lekukotza XVI. menderaino heltzen da.

martes, 10 de marzo de 2020

Samikendi toponimoa

Kuartango haraneko Katadianoko leku izena. Lekuko bakarra, Gerardo Lopez de Gereñuren
Onomasticon 5: Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses  liburukoa:
SAMIQUENDI, 1731, heredades en Catadiano
Lekuko interesgarria da, analisia zuzena bada: *San Bikendi > Samikendi, -nb- > -m- asimilazioa gertatu da, ezaguna garai zaharretan: *senbe > seme. Aztertutako Bikendi antroponimarekin sortutako beste hagionimoetan done hitza ondoan zuten, hala nola Donebikendi edo Donikendi toponimoetan bezala, baina honetan 'San' berriagoaz baliatu ziren, horrek dakarren azalpen beharrarekin; Bikendi, lehen adierazi bezala, laster ordezkatua izan zen erromantzetik igarotako Bixintxo eta Bizente izen berriagoengatik. Toponimoaren historia osoa ezin da ezagutu lekuko bakar batean oinarrituz, baina gerta zitekeen leku izen zaharra *Done Bikendi izatea, done aspaldikoa galdu edo ahaztu, san berriaz ordezkatua izateko. Hortik, San Bikendi izenera aldatu, eta ondoren asimilazioa gertatu. Gerora, ez zen beharko izenaren osagarriez ezagupena izatea, fosildurik gorde baitzen. Kontuan hartu beharra dago Kuartango mugako lekua dela, erdal eremua hurbil izan duelako, eta litekeena da leku horretan Bikendi zaharrari oraindik eustea, XVII. mendeko Oihenarten doné Vikenti bezala.

martes, 3 de marzo de 2020

Donikendi toponimoa

Arabako toponimo honi buruzko bi aipu baino ez dira ezagutzen, biak Gerardo Lopez de Gereñuren
Onomasticon 5: Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan jasoak:
DONEQUENDI, 1713, labrantío de Gauna.
DONIQUENDI, término de Alegría.
Bi lekukoetatik, bata egungoa da, Dulantziko toponimoa dela adieraziz, Doniquendi; bestea XVIII. mende hasierakoa, Gauna herrixkako nekazaritza eremua, Donequendi. Kontuan izanik bi herriak mugakideak direla, kokapen zehatza jakin gabe ere, bi lekukoak toponimo bakartzat hartuko ditugu.
Toponimo honen azterketa etimologikoaz, Donebikendi toponimoaren azalpena honetarako ere egokia da, done 'santu' eta Bikendi antroponimoa. Erdi Aroko Donebikendi osorik bazegoen ere, Donikendi aldatu da, mendeak ere igaro dira eta bokalarteko /b/ galduko zen eta ondoren ei bokal multzoa soildu zen, lekuko zaharragoan /i/ galduz eta berriagoan /e/. Bebarbada bokal asimilazioak eragina izan zuen aldaketan.
Nabarmentzekoa da Donebikendi eta Donikendi toponimoak Arabakoak direla, santu honen kultuaren sustraien zahartasuna toponimian ere islatu delako.

sábado, 29 de febrero de 2020

Donebikendi toponimoa

Arabako toponimo honen lekuko bakarra dago, Erdi Aroaren bukaera aldekoa. Egino eta Ziordia arteko toponimoa zen, Entziako mendia aldea mugarriztatzean aipatua, Documentación Municipal de la Cuadrilla de Salvatierra: municipios de Asparrena y Zalduondo (1332-1520) liburuko 29. agirian, 1499. urtekoa:
“Y digo que en la sentencia difinitiua que los comisarios de Castilla e Nauarra pronunciaron y dectararon (sic) e mandaron amojonar començando de la Peña Oradada fasta Donebiquendi, y ansi mismo desde la Peña Oradada a fasta el çerro de Beruerica, todo lo de medio del çerro de Beruerica e peña del, asi en la parte de Eznate y Carabide y toda Encia, manden guardar los capitulos fechos antes de aquella segun que es esta que digo para en buen biuir de las partes”.
Toponimoak bi elementu lituzke, done 'santu' hitz zaharkitua eta Bikendi antroponimoa, aspaldi galdua. Mikendi toponimoari emaniko sarreran, Mitxelenaren Nombres vascos de persona lanaren lerroen artean bazen Oihenarten doné Vikenti, XVII. mendearen erdialdean. Beharbada Arabako Donebikendi litzateke hagionimo honen lehenengo agerpena testuetan, 1499. urtean. Kontuan izanik toponimoa, gerta liteke aipatzen den inguru hartan garai zahar batean santu honen omenezko eraikin bat izatea, nahiz eta ez aipatu.

martes, 25 de febrero de 2020

Mikindain toponimoa

Uribarri Arratzuko leku izen honek lekuko zaharrik ez du, baina aurkitutako biek forma bera erakusten dute, biak XX. mendekoak izanik. Gerardo Lopez de Gereñuren Onomasticon 5: Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa lehenengo lekukoa litzateke:
MIQUINDAIN, pozo y término de Ullíbarri Arrazua
Gonzalez Salazar Cuadernos de toponimia 5. Vitoria-Gasteiz liburuko lekukoa gerokoa da, baita XX. mendekoa ere, 73. or.:
36.— Miquindain.
Toponimoaren egituraz, oinarrian antroponimo bat izan liteke, baina bigarren zatia ilunagoa da. Gerta liteke Pikandiain toponimoarekin bezala, azken zatia gain izena, 'tontor', edo -ain atzizkia izatea, baina badirudi Uribarri Arratzuko eskualdean gan erabiltzen zela, ez gain. Beraz, antroponimorako bi aukera daude, Vincentius latina edo Bikendi, bere euskal ondorengoa. Azken zatia -ain atzizkia izan liteke. Toponimoa bi garai ezberdinetan sortu zitekeen, erromatar aroan izan bazen, Vincentius antroponimotik izango zen, baina ezaguna da batzuetan -ain bukaera duten toponimo batzuk Erdi Aroan sortu zirela, eta hori ere izan liteke Mikindain toponimoaren sorrera-data.
Gerora, aldaketa batzuk gertatu ziren mendeen joanean, nabarmenena, b-n > m-n, Mikendi toponimoan bezala.

viernes, 21 de febrero de 2020

Bikendaran toponimoa

Bikendaran toponimo arabarra da, Kuartango herrikoa, erreka-zulo bat izendatzeko.
Lekuko zaharrik eskura ez badago ere, toponimoaren egitura nahiko gardena da eta, aldaketa larririk gertatu ez bada, azaltzeko zaila ez da, bi elementuz osaturik dagoelako, Bikendi antroponimoa eta haran izena. Bikendi gutxitan agertzen da pertsona izen bezala, baina toponimian utzitako aztarrenek erakusten dute izen hau ezaguna zela garai zaharretan. Mikendi toponimoari eskainitako sarreran informazio gehiago, Mitxelenaren eskutik.

martes, 18 de febrero de 2020

Mikendi toponimoa

Mikendi Abadiñoko leku izena da, baserria. Mikeldi toponimotik ez urrun, Abadiño eta Durango herri mugakideak direlako.
Bildutako lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan jasoak:
Micuendi [N, TO]
Micuendi (la casa de) [Muncharay (cofradia de)], Abadiano, a.1704, FogVizcayaMs.

Miquendi [N, TO]
Miquendi (la casa nueba llamada) [Muncharaz (cofradia de)], Abadiano, a.1745 , FogVizcayaMs.
Miquendi (la caseria de) [Muncharaz (cofradia de)], Abadiano, a.1796, FogVizcayaMs.
Miquendi (la hauitacion de la ermita de), Mañaria, a.1796, FogVizcayaMs.
Lekukoetan bi idazkera daude, 1704an Micuendi agertzen den bitartean, 1745 eta 1796koetan Miquendi dago. Kontuan izanik egungo forma, Mikendi, eta XVIII. mendeko azken biak, 1704koa idazketa akatsa delakoan gaude, ziurrenik, eskribauak <q> jarri beharrean <c> idatzi zuen, marra bertikala ahaztuz. Mikendiren lotura Mikeldi toponimoarekin agerikoa da, bilakaeraren urrats bat gutxiago izan zuen Abadiñoko leku izenak: Bikendi > Mikendi (b-n > m-n asimilazioagatik) > Mikeldi (m-n > m-l disimilazioagatik). Biak euskal hitzetan fenomeno fonetiko oso ohikoak dira.
Erakutsi bezala, jatorrizko izena Bikendi izan zen, latin jatorrikoa eta Mitxelenaren Nombres vascos de persona lanean aipatua: 
Bikendi, Bikenti Vicente: top. Bikendi en Vizc. (ermita de S. Vicente de Miqueldi), ap. Biquendi, Viquendi (casa solariega en Aizarna, Guip.) «doné Vikenti, qui veut dire Saint Vincent» Oih. Préface, cf. CSM 48 Tellu Vinquentize (Alava, año 952); top. Domitxenti en Garde, Roncal, a comparar con Gauzfredus capellanus Sancti Vincentii et clerici de Garde Pedro I 43 (concordia entre el abad de Leire y los vecinos de Garde, año 1098). En RS 318 Done Viçen arguia «San Viçente reluziente»; Gar. dice Fray Vicente refiriéndose a S. Vicente Ferrer. El dim. Bixintxo (en Guip. Bixintxo o Mixintxo), nombre de una fiesta, aparece ya en Noelac 222: Iaun Doni Vichintcho / Martir eta apphizpicu.

martes, 13 de marzo de 2018

Pikandiain toponimoa

Legazpiko toponimoa, Biurrain bezala. Pikandiain (https://www.mendikat.net/com/mount/5088) tontor izena litzateke, oronimoa. Azterketa etimologikoa egiteko, egungo aldaera kontuan hartu eta piku + handi + gain bezalako bat proposa liteke, baina badago Erdi Aroko toponimo bat, egungoaren aldaera zaharragoa izan daitekeena, Bikendiain, muinoa omen zena, lekukoak irakurrita. Documentación medieval del Archivo Municipal de Legazpia (1290-1495) liburuan badira urte bereko bi lekuko, 1430. urtekoak:
56. or.: “Iten, mojonamos e ponemos otro mojón en [e]l çerro que desçiende del lugar llamado Viquendiayn ayuso fasia Legaspia, entre una faya e un otro árbol qu’es llamado en vascuençe urquia, que nos las dichas partes sennalamos e trasamos por sennales del dicho lugar donde posimos el dicho mojón”.
68. or.: “Fecha e otorgada fué esta carta cabo el dicho mojón qu’está puesto en el dicho çerro que desçiende de Viquendiayn fasia Legaspia, a veynte e ocho días del mes de otubre anno del nasçimiento de Nuestro Salvador Ihesu Christo de mill e quatroçientos e treynta annos”.
Bi aldaerak, Bikendiain eta Pikandiain toponimo bakarrekoak badira, azaldu beharra dago gertatutako aldaketak. Hasierako b- > p- erraz azaltzen da asimilazioz, bigarren silaban zegoen herskari ahoskabeak lehenego silabakoa ahoskabetu zuen. Beste aldetik, bigarren silabaren bokala, e > a irekitzerako, badira azalpen bat baino gehiago, edo disimilazioaz gertatuko zen, i-e-i > i-a-i. Baina beste azalpenen bat ere izan liteke, i-a > i-e bilakaera hainbat lekutan gertatzen da eta berranalisiz i-e > i-a bilakaera gertatu zen, gertatu ez zen aldaketa zuzendu nahian.
Zalantza bat geratzen da, toponimoaren jatorriaz, lekuko zaharrena Bikendiain zen, eta lehenengo elementua Bikendi antroponimoa da, edo bere latin aurrekaria, Vincentius? Zaila da jakitea toponimoa garai erromatarrekoa den edo Erdi Arokoa, non Bikendi-ren lekukoren bat baden. Zalantza horretaz gain, azken elementua geratzen da, gain izena zen ala -ain atzizkia? Badakigu toponimoa leku garaian bazela, beraz, aukera bazen gain izateko, nahiz eta egituraren aldetik, -ain atzizkia ere izan ahal.