martes, 21 de enero de 2020

Amabizkar toponimoa

Amabizkar toponimoa Bizkaiko Enkartazioetakoa da, Galdames herriko erreka bat. Bi toponimo eratorri utzi ditu, Amabizkarbekoa eta Amabizkargoikoa, biak auzoak.
Toponimo honetaz arduratu direnak ama eta bizkar izenak aurkitu dituzte, A. Irigoienek bere Las lenguas de los vizcainos lanean erakusten duen bezala:
54. “Amabizkar barrio de Galdames”, “térm. de Güeñes con alguna casa; también se oye la forma Amaizkar”, por pérdida de -b- intervocálica, con segundo elemento bizkar ‘loma’, y primero Ama-, seguramente referido a persona, probablemente de sexo femenino. En el Map. top. Vizc. se registra como Amavizcar de Arriba y Amavizcar de Abajo.
Ez dago inolako oztoporik azalpen horretarako: ama eta bizkar ezin ezagunagoak dira euskaraz, baina ama ez da normalean toponimian azaltzen, eta toponimoaren azalpena ulertzea ez da erraza, zergatik 'amaren bizkarra'?
Badago beste azalbide bat, toponimoaren lehenengo elementua ez litzateke ama, hamar baizik. Ezaguna da hitz eratorrietan dardarkaria galtzen duela: hamaika, hamabi... Bilakabide ezaguna da bukaeran dardarkaria duten hainbat hitzetan, eratorriak sortzerakon fonema hori galtzen dutela. Horixe uste zuen K. Mitxelenak Ama jaureguiaga Erdi Aroko toponimoa azaltzeko, bere Fonética histórica vasca liburuan:
... En nuestro caso, hay que partir de (h)ama-, forma de composición de (h)amar 'diez': a las formas bien conocidas en numerales se puede añadir ahora Ama jaureguiaga en Leire, 1110, citado según Ciérvide, que difícilmente puede ser otra cosa que 'Diez Palacios'...
Beraz, hamar bizkar > Amabizkar sortuko zen. Aipagarria da, toponimia zaharrean gertatzen den bezala, bizkar izenak ez duela jaso plurala markatzeko elementurik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario