martes, 7 de abril de 2020

Bizentxoenea toponimoa

Toponimo honek 150 urteko dokumentazioa utzi du, XIX. mendearen erdialdetik. Eskuratutako lekuko guztiak hartu dira Donostiako toponimia izeneko lanetik:
*BIZENTXOENEA: Bisenchone/ Bisinsenea (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Vicenchoéne (67) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Vicenchoene (1864, Casa de labor, N.P.G., 70 orr.), Visunchene (1885, caserío, D.U.A.-D-9-II-1960-6); Bizentxone (1989, D.U.T.B.). 64-6-7, M. I-2.
Toponimoa, ziurrenik etxe bat edo baserri bat, antroponimo batez osaturik izango zen, ondoren ohikoak diren -(r)en + -a, jabegoa adierazteko erabiliak euskal oikonimian. Antroponimoa Bizentxo izango zen, Vincentius latinaren ondorengoa eta, beraz, Bikendi izenaren jatorri berekoa. Ezberdintasun nabarmenak daude, hala ere: bigarren silaban latinaren belare zaharra oso aldatu da Bizentxo izenean eta antzekoa gertatu da azken silaban, Bikendi izenean herskari horzkaria gorde da, ahostun bihurtua baina Bizentxo izenean aldaketa gertatu da. Horrek esan nahi du azken izen honen sorrera berankorragoa dela eta ziurrenik erromantze baten bitartez sartua izango zen euskal antroponimian. Bikendi, aldiz, latinetik euskarara sartu zen, zuzenean, eta oso garai goiztiarrean.
Mitxelenaren Nombres vascos de persona izeneko lanean Bikendirekin batera Bixintxo ere agertzen da:
El dim. Bixintxo (en Guip. Bixintxo o Mixintxo), nombre de una fiesta, aparece ya en Noelac 222: Iaun Doni Vichintcho / Martir eta apphizpicu.
Bizentxo izenetik Bixintxo izenerako aldaketak gutxi dira, i-e > i-i bokal asimilazioa eta z > x, beharbada txikitasuna adierazteko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario