martes, 14 de abril de 2020

Aldorra toponimoa

Errigoitiko toponimoa da Aldorra, tontor bat, hain zuzen.
Toponimoan aldaketarik gertatu ez bada, erraz analizatzekoa litzateke, aldor hitza eta -a artikulua.
Baina, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, hauxe litzateke aldor izena:
aldor.
1. (V ap. A ; Lar?H).
"Tronco hecho carbón" Lar. "(Vc) carbón hecho de tronco de árbol" A.
2. "(V-arr-och), centro de árbol, de donde parten las ramas" A.
Zer biotzaren izurri, / legortearen suarri! / Zer aldorraren lergarri! '¡Qué puñal al tronco del árbol!' . Gand Elorri 96.
3. "(V-ple), ramas principales" A.
4. "(V-ger), pedazos grandes del tronco del árbol" A.
Esanahi guztiek zuhaitza dute oinarri, zehatzago, zuhaitz baten zatiren bat. Esanahi horiek ez dira ongi egokitzen tontor bat izendatzeko eta orduan, beste azalbide bat beharrezkoa litzateke.
Tontor bat izanik, egokiagoa izan liteke alda- 'alde' + gogor + -a bezalako egitura. Hasierako toponimoa *Aldagogorra izan liteke eta gero, mendeak igaro eta hitz barruko bokalarteko herskariak galdu ziren, beharbada haplologiak lagundurik, toponimoaren -gogo- soilduko zen eta gero, geratzen zen azken herskaria ere galduko zen. Aldorra izan baino lehenago *Aldaorra bezalakoa geratuko zen eta orduan ao > o bokal bilkura ere soilduko zen. Dena den, aipatutako guztia hipotetikoa da. Beharbada, toponimoaren lekuko zaharrak eskuratuz, proposatutako analisia sendoturik geratuko litzateke. Hala ere, hemen eskainitako azalbideak ez du inolako oztoporik eta esanahia ere egokia izan liteke tontor baterako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario