miércoles, 17 de agosto de 2022

Zarkumendegi toponimoa

 Zarkumendegi Astigarragako basoa da.
Errenteriako udalaren web-gunean Zarkumindegi ere aipatua da, bi lekuko eskainiz:

Carquimindigui 1495
Zarcamundegui 1945
Antzinako lekukotza nagusia Documentación medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. III. 1320-1520 liburuan dago, bertako agiri batean toponimoa lau aldiz aipatzen dute, 50. agirian, 1495. urtean:
... los quales dichos mojones están debaxo de vn espino, e del dicho mojón de Mocorregui a otro mojón que se llama Cabeça de Mocorregui, e d’este dicho mojón a otro que se llama Olla de Oro, el qual está a cabeça de Çarquimindegui, donde está vn sennalamiento
de sepultura antigua, e vn grande morcuero de piedras, e dende a otro mojón qu’está ay çerca, el qual asimismo Çarquimindegui al camino, e desde el dicho mojón a otro que está en vn rrecuesto, que asimismo se llama Çarquimindegui e debaxo del dicho rrecuesto ay çerca otro mojón, el qual está en el mismo término de Çarquimindegui, çerca del camino que ba a Armanan...
Bilakaera, orduan izango zen Zarkimindegi > Zarkumindegi > Zarkumendegi. Azken aldaketa bokal asimilazioa izango zen, i-e > e-e. Aurreko aldaketan aldaketaren norabidea alderantzizkoa izan zen, disimilazio bat gertatu zelako, i-i > u-i. Azaltzeko geratzen da Zarkimindegi izena. Bukaerako mindegi izan liteke, azarorik gabe, baina hasierakoak azalpen luzeagoa merezi du, zarkin hitza izan daitekela, izengoiti bezala erabilia. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatua da, 141. orrialdean:
Zarkin, Zarkina (Zar): Sanso Zarquina (Art., c. 1158, 123), «Pascoal, fijo de Lope Çarrguin» (sic) (Oteitza Iguzkitzaibar, 1330, LPN, 289). Bigarrena zalantzazkoa da, izengoiti itxura handia izateaz landara, <g>-z idatzirik baitago (cf. Andergina). Zernahi dela, oinarrian zahar izenondoa dugu, bi lekukotasunetan.
Izengoiti hori ziurrenik ere badago blog honetan aztertutako Zarkindegi toponimoan, baina honetan ez zen aldaketarik izan. Zarkimindegi aldaera zaharrean aldaketa txiki bat izan zen, sudurkari fusio bat, Zarkin + mindegi batzerakoan nm > m gertatu zelako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario