miércoles, 20 de diciembre de 2023

Gurbizar toponimoa

 Gurbizar da Erroibar ibarreko herri hustu bat, Nafarroakoa. Euskaltaindiaren EODA datu basetegian informazio oparo dago Gurbizar toponimoaz, lekuko zahar eta berriak eta etimologia bat. Toponimoa XIV. mendean agertzen da lehenengo aldiz paperean:

garcia de guruiçar (1366)
gurbiçarr (1366)
lope gurbiçarr (1366)
[...]
Toponimoak ez du aldaerarik erakutsi papereratu zenetik, oso egonkorra izan da. Agertzen den etimologia bakarra Mikel Belaskoren Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra. Apellidos navarros liburukoa da:

[...]
Probablemente de gurbe, gurbi 'pomera' (sorbus domestica) y zahar 'vieja'.
[...]
Gurbi izena, gurbitz hedatuagoaren aldaera da, nahiz eta lekuko idatzia oso urria den:
gurbi.
(AN-erro ap. A Apend ).
Madroño. v. gurbitz.
(AN-gip-ulz ap. A; Lcq 87). "Acerolillo" A.
Alde horretatik, arazorik ez, alde semantikoan ere ez dago oztoporik, ugariak dira Euskal Herriko herri izenak landare izen batez osatuak direnak. Hala ere, badago beste azalbide bat, aldaketa fonetiko larri bat behar duena, baina alde semantikoan erabat egokituko zen. Beharbada hasierako elementua gurbi izan beharrean *burgi zen. Hitz hau ez da euskal testuetan agertzen, Nafarroako herri izena aipatzeko ez bada, baina ondorengo toponimiko batzuk utzi ditu euskal lurretan, Burgi herriaz gain, badira *murgi aldaerarekin hainbat toponimo, Murgia, Murgiondo, Murgialdai... Baita Murgizar toponimoa ere, aztergai den toponimorako etimologia berdina duena.
Murgi edo burgi oinarria duten toponimoetan herrixkak edo aipatuak dira, Gurbizar izan zen bezala. Hala izan bazen, bilakaera laburra izan zen, *burgi + zahar > *Burgizar > Gurbizar. Aldaketaren arrazoia izan liteke *burgi hitza galdu zela eta orduan aldakera errazagoa izan zela, baina *burgi hitzarekin osaturiko beste toponimoetan ez zen aldaketa hori gertatu. Beharbada Gurbizar toponimaren txikitasunak lagunduko zuen, ezin ziur izan. Proposatutako etimologia zuzena bada, aldaketa garai oso zaharretan gertatuko zen, XIV. menderako aldaketa gertatua zen eta finkatua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario