2026(e)ko urriaren 26(a), astelehena

Gontzalonea toponimoa

 Gontzalonea da Hondarribiko baserri bat. Izendegi ofizialeko zaharrena XIX. mende erdialdekoa da, Gonzaloenea (1857). Beste guztiak XX. mende bukaerakoak dira Gonzalonea (1992), Gonzaloenea (1993)... XX. mendeko beste lekuko zaharrago bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

GONZALBO ENEA (GONTZALONIA) (prop.) Arkolla ballara
Harrigarria da /b/ hori, beste inon agertzen ez dena. Hondarribiko toponimia liburuan ere bada, eta XVIII. mendeko lekuko bat ere badu, 372-373. or.:
Gontzalonea
Kontzeptua: Baserria

Iturriak: 1737: Gonzalonea E-7-II-31-2 (3. or.)
1857: Gonzaloenéa Nomen. (43. or.)
1865: Gonchalonea Reg. 4 (90. or.)
1867: Gonzalonea Reg. 4 (92. or.)
1880: Gonchalonea D-9-1-2
1888: Conchalenia Reg. 24 (178. or.)
1891: Goncholanea D-7-1-7
1908: Gonzalenea H.A.05
1911: Gonchalonea o Gonchaloenea Reg. 4 (93. or.)
1922: Gonchalonea D-9-3-6
1945: Gonzalo-enea (15. or.)/ Gonzalonea (256. or.)/ Gonchalonea (301. or.) Amil.
1986: Gonzalo Enea (Gontzalonia) Ond. (156. or.)
1989: Gonzaloenea Hon. 34 (2. or.)

Ebakera: 1992: Kontxalonia Miguel Ugarte
1992: Kontxalenia Miguel Iridoi
1992: Kontxalenia Jose Arozena
1992: Kontxalenia / Gonzaloenea Juanito Gonzalez
1992: Gontxalenea Lorenzo Larretxea

Kokagunea: 41.50.6

Oharrak: “sita en el termino de Muliate” E-7-II-31-2. “la finca adquirida por Doña Eustasia Casadevante y Goenaga se titula Gonchalonea y no Becoerrota” Reg. 4 (1882, 92. or.).
“desaparecidos o en ruinas” Por. VIII (1987, 537. or.). Azaltzen da, alde batetik, “barrio de Arcola” (1865, 90. or.) edo “barrio de Arcoll”en (1894, 92. or.) eta, bestetik, “barrio de Santiago”n (1882, 92. or.) Reg. 4.
Lekukoetan behin bakarrik agertzen da lehenago aipatutako /b/ hori eta ziurrenik egilearen interpretazio bat zen. Hori arkaismo nabarmena izango zen baina aldaera ugarien artean lekuko bakarra XX. mendearen azken herenekoa izateak susmagarri bihurtzen du.
Toponimoak hiru elementu izango zituen, bukaeran artikulua, aurrerako genitiboa eta oinarrian Gonzalo antroponimoa, Untzalu antroponimoaren gaztelaniazko aldaera, Euskal Herrian ezezaguna ez zena, Alfonso Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan aipatzen denez:
3.184. GONÇALUO, GONÇALO, eta baita-ere GONÇALUET: Gonçaluo d’Arasçiel, (1366, PN-XIV, F.Tud., 440 orr.), Tudela-n; Gonçalo pastor, (1366, PN-XIV, F.Tud., 430 orr.), Cascant-en; Pero Garcia con Gonçaluet su fillo, (1330, PN-XIV, F.Est., 236 orr.), Larraga-n.
XIII menderako GONZALVO, GONÇAL: domno Gonzalvo capellano de Baigner, (1213, El gran Pr. Nav., dok. 151); don Gonçal Yuaines de Mendoça, (1289, El gran Pr. Nav., dok. 509).
Beraz, euskal lurraldean bi antroponimo erabili ziren, biak jatorri berekoak, bata Untzalu, euskararen bilakaera jasan zuena eta bestea Gonzalo, egokitze gabekoa, gaztelaniatik zuzenetik hartu eta erabilia.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina