Mostrando entradas con la etiqueta -ko. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta -ko. Mostrar todas las entradas

jueves, 30 de abril de 2020

Zurko toponimoa

Zurko izeneko baserria bada Oiartzunen. Herri honetako toponimoak aztertzen dituen liburuan, Oiartzungo toponimia izenekoan informazio gehiago bada, 325. or.:
Zurko. Baserria.
Iturriozko baserria, 1499. urteaz geroztik dokumentatzen da.
Beraz, toponimo hori zaharra da, 500 urte baino gehiago dituelako. Baina lekuko zaharragorik bada, nahiz eta urte gutxi izan merezi du hona ekartzea. Documentación medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. III. 1320-1520 liburuko 47. agirian, 1490. urtean bada Joan de Çurco izeneko gizona.
Lekuko gehiago badira Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuan. Hasteko, 1. agirian 1499. urtean, 45. orr.:
El canpo que tiene entre el camino que va de la casa
del vicario a Çurco e Mendivill, toma lo suyo Çurco e
lo suyo Miguell de Arvide e lo suyo Liçarraga La Mayor e lo suyo Johango de Liçarraga, estimaron tierras de tresientos pies.
[...]
E Çurco, la casa, estimaron en dos millares pequennos
Bi orrialde ondoren, 47. orr.:
El mançanal e la tierra que tiene entre esta tierra de
canpo e el mançanal e la tierra de Aranhederra, entre
el camino que va de Çurco al rrío...
[...]
La tierra e mançanal qu’es entre Mendivill e Aristegui
e las tierras de Lope Sanches de Lecuona e Çurco
e el rrío...
Liburu berean beste hainbat lekuko badira, baina hauekin nahikoa da analisia egiteko.
Toponimoa ez bada aldatu, analisia egiteko Zurko baino ez dago. Jakinik baserria dela, oinarrian antroponimo bat izan liteke, hala ere, ez da horrelakorik ezagutzen. Baina antroponimian ez izateak ez du esan nahi inoiz izan ez denik. Euskal antroponimiaren lekukotza oso txikia da Erdi Aroaren hasierako mendeetan, adibidez.
Toponimo honetan antroponimoa bada, izengoitia izan liteke, eta hau egin liteke euskal hiztegiko elementuak hartuz. Badirudi azken zatia -ko atzizkia dela eta hasierakoa, zuhur izan liteke: zuhur + -ko > *zuhurko > *zurko. Hasperena galdu ondoren bi bokalen fusioa gertatu eta *zurko sortuko zen. Beharbada izengoitia sortu zenerako hasperena galdua zen: zur + -ko > zurko. Edonola ere, bietan elementu berberak erabiliak izan dira, ezberdintasun bakarra, izengoitiaren sorrera data.
Laburbilduz, Zurko toponimoa azaltzeko *zurko izengoitiaren izaera berreskuratu dugu, agirietan inoiz agertu gabe, baina toponimoari esker ezaguna.

martes, 9 de enero de 2018

Estebanungo antroponimoa

Oinarria eta analisi aski errazeko antroponimo hau behin baino ez da agertzen, Hondarribiko Esteban de Aduna izeneko marinel baten izengoiti bezala, El triunfo de las elites urbanas guipuzcoanas: nuevos textos para el estudio del gobierno de las villas y de la Provincia (1412-1539) liburuko 14. agirian, 1499. urtekoa.
Esteban antroponimo ezagunari bi atzizki hipokoristiko gehiturik sortu zen Estebanungo, lehenik -on eta ondoren -ko, sudurkari ondoren herskaria ahostundu zela. Baina ez zen *Estebanongo sortu, eta horrek beste urrats bat eskatzen du, on > un aldaketa ezaguna batez ere Ipar Euskal Herrian, baina Pirinioz hegoaldeko eskualdeetan ezezaguna ez dena, cf. Undarribia, Hondarribia-ren lehenengo lekukoen artean dagoena, lekuko bat aipatzearren.
Beste analisi diferente bat proposa liteke, antroponimoari -ngo atzizki bakarra gehitzea, baina horrela eginez gero, *Estebanengo sortuko zen. Oztopo hori saihesteko *Estebanu bezalako oinarria kontuan hartuz (Stephanus-en egokitzapena), -ngo atzizkia erantsi. Baina ez da horrelakorik bildu. Eta horrexegatik onena da elementu ezagunetik hasi, datuekin bat egiten duen egitura eraikitzeko.