Mostrando entradas con la etiqueta Esteban. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Esteban. Mostrar todas las entradas

lunes, 11 de diciembre de 2023

Estebangoa toponimoa

 Estebangoa da Aretxabaletako eraikin bat. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

ESTEBANGOA (prop.), Oro auzoa
Lekukoak berdinak dira eta, beraz, izen bakarra dago aztertzeko, Estebangoa. Toponimoak hiru elementu ditu, bukeran -ko eta artikulua eta oinarrian, Esteban antroponimoa. Euskaraz ohikoa izan da Eztebe egokitzapena, Estebe toponimoan dagonea, baina Esteban ere oso arrunta da, baita toponimian ere, Estebanetxea toponimoak erakusten duen bezala.
Oikonimian ohikoa da -ren + -a bukaera izatea, baina batzuetan -ko atzizkia ere erabili izan da, Martokoa toponimoa bezala, oinarrian Marto antroponimoa duela.

miércoles, 23 de noviembre de 2022

Estebantxuenekoa toponimoa

 Murelagako etxe honen lekukotza guztia Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan dago:

Estebanchuenecoa [N, TO]
Esttebanchuenecoa (la casa de) [Puebla de Aulestia (calle de la)], Murelaga, a.1876, FogVizcayaMs.
Lekuko bakarra da, XIX. mende bukaerakoa, baina egitura argikoa, beharbada toponimoa ere ez da oso zaharra. Toponimo honetan *Estebantxu antroponimo hipokoristikoa dago, eta etxe izenetan ohikoak diren -(r)en eta -a artikulua.
*Estebantxu izenean Esteban antroponimoa dago eta -txu atzizki txikigarria, oso izen antzekoa Estebantxo da, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatua, 215. or.:
Estebantxo (Esteban): Estebántxo (El.); Uterga herriko 1727ko Estebanchorena etxe izenaren oinarrian ere badago.
Azken honek -txo atzizkia duen bitartean, bestean -txu atzizkia dago, *Estebantxu sortuz.
Ez dira hauek Esteban antroponimoaren hipokoristiko bakarrak, Estebanungo antroponimoa ere aztertua izan da blog honetan.

jueves, 8 de septiembre de 2022

Estebanetxea toponimoa

 Errigoitiko toponimo honen bi lekuko daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Estebanechea [N, TO]
Esteuanechea (la casa de), Rigoitia, a.1641, FogVizcayaMs

Estabanechea [N, TO]
Estebanechea (la caseria de), Rigoitia, a.1745, FogVizcayaMs.
Toponimoak bi elementu lituzke, Esteban antroponimoa eta etxe izena, -a artikulua zenbatu gabe. Antroponimoak ez du azalpenik behar, tradizio biblikotik jasoa da eta egun ere ez da ezezaguna. Euskaraz Eztebe aldaera erabilia izan da, Doneztebe herri izenean ikus daitekeenez. Esteban, dena den, aspalditik erabili izan da euskal lurretan, Estebanungo antroponimoak erakusten duen bezala.
Bigarren elementua etxe izena da, ez da arrunta toponimoetan antroponimo baten ondoren egotea, baina adibide batzuk badira, Barbaraetxe, Otxandaetxea eta Otsoetxe toponimoak bezala.

martes, 9 de enero de 2018

Estebanungo antroponimoa

Oinarria eta analisi aski errazeko antroponimo hau behin baino ez da agertzen, Hondarribiko Esteban de Aduna izeneko marinel baten izengoiti bezala, El triunfo de las elites urbanas guipuzcoanas: nuevos textos para el estudio del gobierno de las villas y de la Provincia (1412-1539) liburuko 14. agirian, 1499. urtekoa.
Esteban antroponimo ezagunari bi atzizki hipokoristiko gehiturik sortu zen Estebanungo, lehenik -on eta ondoren -ko, sudurkari ondoren herskaria ahostundu zela. Baina ez zen *Estebanongo sortu, eta horrek beste urrats bat eskatzen du, on > un aldaketa ezaguna batez ere Ipar Euskal Herrian, baina Pirinioz hegoaldeko eskualdeetan ezezaguna ez dena, cf. Undarribia, Hondarribia-ren lehenengo lekukoen artean dagoena, lekuko bat aipatzearren.
Beste analisi diferente bat proposa liteke, antroponimoari -ngo atzizki bakarra gehitzea, baina horrela eginez gero, *Estebanengo sortuko zen. Oztopo hori saihesteko *Estebanu bezalako oinarria kontuan hartuz (Stephanus-en egokitzapena), -ngo atzizkia erantsi. Baina ez da horrelakorik bildu. Eta horrexegatik onena da elementu ezagunetik hasi, datuekin bat egiten duen egitura eraikitzeko.