Mostrando entradas con la etiqueta Andraon. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Andraon. Mostrar todas las entradas

sábado, 28 de agosto de 2021

Andrandegieta toponimoa

 Andrandegieta Segurako hiru baserriren izenetan agertzen da: Andrandegieta, Andrandegietaberri eta Andrandegietazar.
XX. mendeko bigarren erdialdeko hiru baserri horien lekukoak daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

ANDRAUNDIETA BEKOA (pr.)
ANDRAUNDIETA ERDIKOA (p.)
ANDRAUNDIETA GOIKOA (pr.)
Toponimoetan bi aldaera daude, Andrandegieta eta Andraundieta. Bietan laburketak gertatuko ziren, Linazasororen lekukoetan bokalarteko /g/ galduko zen eta ondoren, ei > i bokal fusioa izango zen. Egungo toponimoan hori gertatu gabe dago, beharbada aldaera zaharrago bat berreskuratu delako. Bestelakoa da au diptongoa, zaharra izan liteke eta, beraz, *Andraundegieta osoago bat izango genuke. Diptongo hori zaharra izan daiteke, baina hori ez da ziurra, ezaguna da zenbaitetan diptongoa sortzen dela, horrela haundi < handi. Hala ere, *Andraundegieta aldaera berreraikia lagungarria izango da toponimoaren etimologia aurkitzeko. Honek, azkenik, beste aldaketa bat beharko luke jatorrizko izena aurkitzeko, on > un bilakaera, Gipuzkoako toponimian batzuetan gertatu zena, esaterako, Hondarribiko lehenengo lekukoen artean Undarribia dago. Bilakaera hori kontuan hartzen bagenu aldaera zaharrago bat eskuratuko genuke, *Andraondegieta.
Horrela, azterketa etimologikoa has liteke. Toponimoak hiru elementu lituzke, Andraon antroponimo hipokoristikoa, -tegi atzizkia eta, azken aldean, -eta atzizkia. Aldaketa ohiko bat litzateke, sudurkari atzean horzkaria ahostuntzea: t > d. Andraon euskal izena da, andra- 'andre' eta on izenondoa baturik. Toponimian ale batzuk utzi ditu, hala nola Andraonaena, Andreonaga eta Androndegi toponimoa, Azkoitikoa. Azken hau oso antzekoa da aztergai den Andrandegieta toponimoarekin, baina bilakaera ezberdina izan da.
Andrandegieta, beraz, Andraon antroponimoaren beste lekuko toponimiko bat gehiago litzateke.

domingo, 3 de marzo de 2019

Androndegi toponimoa

Azkoitiko baserrien artean bazen Androndegi izenekoa, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan aipatua, Etxaosta mendi ballarako baserrien artean.
Lekuko zaharrik gabekoa, baina egitura nahiko gardena du, Andraon + -tegi. Ugariak dira -tegi duten toponimoak eta ez dira gutxi oinarrian antroponimo bat dutenak. Oraingoan Andraon izango litzateke, hainbat toponimoren sortzailea, adibidez, hemen aztertutako Andraonaena toponimoa bezala.
Bi aldaketa fonetiko gertatu dira, batetik ao > o bokal fusioa da, eta bestea t > d horzkariaren ahostuntzea, aurrean sudurkari bat zuelako. Ez du askoz gehiago erakusteko, baina bada Andraon antroponimoaren beste lekuko toponimiko bat gehiago.

sábado, 2 de febrero de 2019

Andraonaena toponimoa

Toponimo hau Luzuriagakoa zen, Arabakoa, eta Erdi Aroko lekukoei esker ezaguna da, Documentación Municipal de la Cuadrilla de Salvatierra: municipio de San Millán-Donemiliaga (1214-1520) liburuan aurkitzen dira toponimo honen hainbat lekuko: Andraonaena, 26. agiria, 1415. urtean, hiru aldiz. Gero 37. agirian, 1459. urtean bi lekuko daude, bi aldaera erakusten dutenak, Andraoñana eta
Andraonana.
Badirudi lekuko zaharrenek aldaera jatorrena islatzen dutela, Andraonaena. Analisia, beste hainbestetan bezala, PI + -(r)en + -a litzateke. Oinarriko antroponimoa Andraona litzateke, hau da, 'andre ona'. Erdaretan ezaguna da antroponimoa eta bon(a) 'on' dituzten izenak, adibidez: Bonadomina, Bonafemina, Bonefilius, Bonupatre, Bonushomo, beste askoren artean. Bonadomina eta Bonafemina, esaterako, Andraona-ren izen baliokide egokiak lirateke.
P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan Andraon bada, 168. or.:
"Andraon (Andre, Andreo): Andraon de Pisueta (Lekeitio, 1556, Enríquez et al., 1993, 2, 165. or.), Andraon (Lekeitio, 1510/1556, ibid., 82. or.)".
Aipatu beharra dago bi lekukoetan ezin jakin Andraon gizon izena den ala emakumezkoa. Salaberrik Andraon izenerako bi oinarri posible ikusten omen ditu, Andre edo Andreo, eta atzizkia -on litzateke, ondoko erdararen -ón atzizkiaren antzera mailegatua. Baina ematen dituen -on atzizki honen antroponimo gehienak, ia guztiak, erdaretatik jasoak dira: Arnalton, Aton, Aujeron, Baskon, Bernardon, Bertranon, Berdulon... Beraz, kasu hauetan eraketa erdaretan gertatu ziren, eta horri gaineratu behar zaio oinarria Andreo izango bazen, *Andreon sortuko zela. Baina, oinarria Andra bazen, gertatu zitekeen euskal oinarria izatea eta -on atzizkirik ez izan azken zatia.
Andraonaena toponimoan oinarria Andraona bazen, ageriko analisian Andraona 'andre ona', bada, Andraon antroponimoan oinarria Andra 'andre' litzateke eta azken zatia on adjektiboa.