Mostrando entradas con la etiqueta Andre. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Andre. Mostrar todas las entradas

martes, 14 de enero de 2025

Andratasolo toponimoa

 Arabako toponimo honen bi lekuko aurkitu dira, bata XVII. mendearen bukaeran eta bestea XVIII. mendearen hasieran, bi lekukoen arteko ezberdintasun bakarra da artikulua, azken lekukoa duena. Aipatutako lekukoak daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

ANDRATASOLO, 1692, labrantío de Ullibarri de los Olleros.
ANDRATASOLOA, 1715, heredad en Ullíbarri de los Olleros.
Toponimoak bi elementu lituzke, artikulua zenbatu gabe, bukaeran solo izena, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera eta, askotan gertatzen den bezala, interesgarriena (eta ilunena) oinarrikoa da, andrata- ezezaguna. Nabaria da andra hitza dagoela, andre hitzaren aldaera edo bere eratorpen aldaera. Hala ere, tartean beste zerbait geratzen da, -ta- hori eta gure ustez, antroponimo baten hondarra izan daiteke, Andraotoleta toponimoan bezala. Azken honetan lau elementu daude, bi antroponimikoak direnak, hasierakoak, Andra eta Gota, eta azkenekoak ola eta -eta lirateke. Andragota antroponimoaren aldaera bat zegoen XVI. mende hasierako Lekeition, herri horretan Andraota antroponimo ugaria zen eta azken urratsa izango zen ao > a laburketa. Litekeena da antroponimoaren ezagutza galdu zenean errazagoak izango ziren aldaketak eta gerta liteke garai batean *Andraotasolo toponimoa izatea edo, antroponimo osoagoarekin eginez, *Andragotasolo.

sábado, 28 de agosto de 2021

Andrandegieta toponimoa

 Andrandegieta Segurako hiru baserriren izenetan agertzen da: Andrandegieta, Andrandegietaberri eta Andrandegietazar.
XX. mendeko bigarren erdialdeko hiru baserri horien lekukoak daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

ANDRAUNDIETA BEKOA (pr.)
ANDRAUNDIETA ERDIKOA (p.)
ANDRAUNDIETA GOIKOA (pr.)
Toponimoetan bi aldaera daude, Andrandegieta eta Andraundieta. Bietan laburketak gertatuko ziren, Linazasororen lekukoetan bokalarteko /g/ galduko zen eta ondoren, ei > i bokal fusioa izango zen. Egungo toponimoan hori gertatu gabe dago, beharbada aldaera zaharrago bat berreskuratu delako. Bestelakoa da au diptongoa, zaharra izan liteke eta, beraz, *Andraundegieta osoago bat izango genuke. Diptongo hori zaharra izan daiteke, baina hori ez da ziurra, ezaguna da zenbaitetan diptongoa sortzen dela, horrela haundi < handi. Hala ere, *Andraundegieta aldaera berreraikia lagungarria izango da toponimoaren etimologia aurkitzeko. Honek, azkenik, beste aldaketa bat beharko luke jatorrizko izena aurkitzeko, on > un bilakaera, Gipuzkoako toponimian batzuetan gertatu zena, esaterako, Hondarribiko lehenengo lekukoen artean Undarribia dago. Bilakaera hori kontuan hartzen bagenu aldaera zaharrago bat eskuratuko genuke, *Andraondegieta.
Horrela, azterketa etimologikoa has liteke. Toponimoak hiru elementu lituzke, Andraon antroponimo hipokoristikoa, -tegi atzizkia eta, azken aldean, -eta atzizkia. Aldaketa ohiko bat litzateke, sudurkari atzean horzkaria ahostuntzea: t > d. Andraon euskal izena da, andra- 'andre' eta on izenondoa baturik. Toponimian ale batzuk utzi ditu, hala nola Andraonaena, Andreonaga eta Androndegi toponimoa, Azkoitikoa. Azken hau oso antzekoa da aztergai den Andrandegieta toponimoarekin, baina bilakaera ezberdina izan da.
Andrandegieta, beraz, Andraon antroponimoaren beste lekuko toponimiko bat gehiago litzateke.

sábado, 19 de junio de 2021

Andremiliasoro toponimoa

 Andremiliasoro Gipuzkoako Villabona herriko aurkintza bat da. Lekuko zaharrik ez dago eskura, baina toponimoaren egitura gardenak analisia ahalbidetzen du.
Toponimoak bi elementu lituzke, Andremilia antroponimoa eta soro izen arrunta. Ez da lehenengo aldia antroponimo hori aipatu dena blog honetan, Andramiliamadura toponimoan ere dagoelako. Sarrera horretan antroponimoaz informazio gehiago dago, izen elkartua da, andre + Milia 'Emilia' izenen elkarketa.

martes, 21 de abril de 2020

Andramuño toponimoa

Andramuño izeneko tontorra bada Albizturren, Gipuzkoan. Lekuko zaharrik ez badu ere, analisi errazekoa da.
Bi elementu lituzke: andra- 'andre' eta muino. Hala ere, zalantza egon liteke azken izenarekin, alde batetik muino izena bada, baina Munio antroponimoa ere ezaguna da.
Blog honetan hainbat antroponimo aztertuak izan dira, izen elkartuak, andre + PI egituraz osatuak, hala nola, Andran(t)sa, Andransakorta, Andransamendi eta Andransolo toponimoetan agertzen dena. Gehiago badira, Auria-rekin Andrauriakorta toponimoa, Gota-rekin, Andraotoleta toponimoa. Legundia izenarekin Andrelendia antroponimoa. Gehiago badira, Andre antroponimoaz, laburpena sarreran blog honetan aztertuak.
Izen elkartu hauetan argi ikusten da bigarren elementuetako antroponimoak emakume izenak direla, hau da, erdaretatik mailegatuetan -o gizonezkoekin eta -a emakumezkoekin erabili ohi da, eta horrela, agertzen diren antroponimoetan -a bukaera bada: Antsa, Auria, Gota... Guztiek bete dute, eta hori jakinik Andramuño toponimoaren bigarren elementua antroponimoa balitz Munia agertu beharko zuen, beraz, *Andramuña izan beharko luke. Hala ez denez, toponimo honen bigarren elementua munio izen arrunta bada. Ahaztu gabe toponimoa tontorra izanik, normala da muino izena izatea.

sábado, 9 de marzo de 2019

Andre antroponimoaz, laburpena

Azken aste hauetan Andre antroponimokoaz aritu gara eta mezu honetan laburpena izango da, ez dira dauden guztiak, baina daudenak badira.
Bi multzo nagusi egin ditzakegu, Andre eta atzizki edo izenlagun batekin agertzen diren antroponimoak eta Andre eta beste antroponimo bat elkarturik diren antroponimoak. Lehenengo multzokoak dira Andrekina izenarekin sortutako Andrakina toponimoa. On izenlagunarekin sortutako Andraon edo Andreon hainbat toponimotan agertzen da: Andraonaena, Andreonaga eta Androndegi toponimoetan. Bestelakoa litzateke Andraso antroponimoa, -so atzizkiaz osatutakoa baita. Eta multzo honen azkena, Txandre antroponimoa, hipokoristikoa egiteko hasieran tx- ezarria.
Azken multzokoak dira, Andre + PI egitura dutenak. Lehenengoa Andran(t)sa litzateke, Antsa antroponimoa elkartua: Andransakorta, Andransamendi eta Andransolo toponimoetan. Auria-rekin Andrauriakorta toponimoa. Bita izenarekin Andrenita ustezko antroponimoa aztertu genuen *Andrebitalarraina toponimoa utzi ziguna. Andra(g)ota antroponimoarekin, bigarren elementua Gota, Andraotoleta toponimoa. Legundia izenarekin Andrelendia antroponimoa aztertu genuen. Lopa izenarekin, Andralopa toponimoa. Mantzia-rekin Andremaintza toponimoa. Milia izenarekin,
Andramiliamadura toponimoa. Nafarra izenarekin, Andranafarrasagasti toponimoa. Oneka izenarekin, Androneka toponimoa. Eta, azkenik, Zuri-rekin, Andrazuri toponimoa.
Bestelakoak dira Andramortu toponimoa, ondoan mortu izena duena, elementu ez ohikoa toponimoetan, eta bukatzeko, Aundiara toponimoa, anderauren izen eratorriarekin sorturiko toponimoa.

martes, 5 de marzo de 2019

Aundiara toponimoa

Aundiara, Baztango toponimoa da. Hiru lekukoren bitartez ezaguna da, zaharrena, 1726. urtekoa Anderauena. Ondoren, 1884. urtekoa da Aineira. Azkenik, Aundiera, 1994. urtekoa.
Analisi etimologikorako egokiena, ohi bezala, zaharrena litzateke, Anderauena. Oinarrian, antza, anderauren izena izango genuke, eta bukaera aldean, -(r)en + -a, ohikoa etxe izenetan, jabegoa adierazteko.
Anderauren izenaren bi esanahiak, OEHaren arabera: "1. Joven dama; dama, señora (principal).
2. Camarera, doncella".
Nahiz eta antroponimoa ez izan, anderauren hitz zaharra andre izenaren eratorria bada, andera- 'and(e)re' + guren.
Toponimoari dagokionez, anderauren + -(r)en + -a > *Anderaurenena > Anderauena bilakaera haplologiaren ondorioa da, silaba berdinak edo oso antzekoak batuak gertatzen direlako.

Txandre antroponimoa

Oiartzungo testu zaharren artean badira Txandre izeneko emakume alargun baten aipuak. Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuaren 1. agirian, 1499. urtean agertzen dira lekukoak, beti Chandre idatzia, 130. or. bi aldiz, 140. eta 141. or. behin.
Antroponimo hau hipokoristikoa izango zen, eta txikitasuna erakusteko baliabideen artean bada /tx/ fonema erabiltzea. Horrela, blog honetan aztertutako *Txendoa izena, Txendoa eta Txendonea toponimoak azaltzeko erabilia, sendo hitzetik sortua: sendo > *txendo > *Txendo.
Txandre izenean ez dago s- > tx- bilakaerarik, hipokoristikoa egiteko hutsetik ezarri ziotelako tx- hasiera, *Txalaman antroponimoari bezala, oinarria Alaman antroponimoa zelako. Txalamanenea toponimoaren sortzailea izateagatik sortua, beste inon agertzen ez delako.
Beraz, oinarria Andre izango zen, eta afrikatuz jarri ondoren Txandre sortu zen, Erdi Aroaren bukaeran Oiartzunen bizi izan zen hipokoristikoa.

domingo, 3 de marzo de 2019

Androndegi toponimoa

Azkoitiko baserrien artean bazen Androndegi izenekoa, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan aipatua, Etxaosta mendi ballarako baserrien artean.
Lekuko zaharrik gabekoa, baina egitura nahiko gardena du, Andraon + -tegi. Ugariak dira -tegi duten toponimoak eta ez dira gutxi oinarrian antroponimo bat dutenak. Oraingoan Andraon izango litzateke, hainbat toponimoren sortzailea, adibidez, hemen aztertutako Andraonaena toponimoa bezala.
Bi aldaketa fonetiko gertatu dira, batetik ao > o bokal fusioa da, eta bestea t > d horzkariaren ahostuntzea, aurrean sudurkari bat zuelako. Ez du askoz gehiago erakusteko, baina bada Andraon antroponimoaren beste lekuko toponimiko bat gehiago.

Andranafarrasagasti toponimoa

Toponimo hau hiru lekukoren bitartez ezaguna da. Lekuko horiek bi liburutan agertzen dira, Erdi Aroko agiriak biltzen dituztenak. Lehenengoa Colección Diplomática del Concejo de Segura (Guipúzcoa) (1290-1500). Tomo II (1401-1450) liburua da eta han dagoen lekukoa Juan Sanches de Andranafarrasagasti, 94. agiria, 1402. urtekoa da. Beste liburua da Documentación Municipal de la Cuadrilla de Salvatierra: municipios de Asparrena y Zalduondo (1332-1520), honetan bi lekuko daude: Miguell de Andranafarrasagasti eta Pedro de Andranafarrasagasti, 43. agirian, 1516. urtean.
Andranafarrasagasti toponimoa Idiazabalgoa izango zen, hangoak direlako aipatzen diren hiru gizonak. Dirudienez ez dago lekuko gehiagorik eta, beraz, ez da gure egunetara heldu.
Analisia egiteko ohiko banaketa egin eta andra-nafarra-sagasti eskuratuko genuke, ziurrenik *Andranafarra antroponimoa eta sagasti izena. Azken hau ezaguna da euskal toponimia eta baita egungo hizkeran ere, baina antroponimoa, antza, ez da bildu orain arte. Nafarra gentilizioa izan daiteke, Nafarroakoa, baina antroponimoa ere izan zen, beste etnonimo asko bezala. Horrela, Libro Padrón de la Hacendera Raíz de la villa de Lequeitio (1510-1556), 1510-1566. urteen arteko Lekeitioko testu luze bat biltzen duen horretan, Nafarra de Amezketa izeneko emakumea agertzen da hiru aldiz: Nafarra de Amezqueta; Nafarra de Amezquetta, biuda eta Nafarra de Amezqueta, hija de Martin de Amezqueta. Eta beste batean Nafarra izeneko beste emakume bat ere aipaturik dago: "Yten, la meytad de las casas de Çareca que obo por la legitima de Nafarra, su muger". Beraz, argi geratzen da Erdi Aroaren bukaeran bazela Nafarra emakume izena.
Blog honetako beste antroponimo batzuk bezala, Andramilia, Andralopa, edo Andra(g)ota, izen elkartua zen, lehenengo elementua Andre litzateke (edo Andra, sartaldeko euskaraz) eta bigarrena antroponimo bat. Kasu honetan nafar etnonimoan oinarritutakoa.

martes, 26 de febrero de 2019

Andramiliamadura toponimoa

Toponimo hau Arabakoa da, eta lekukoak G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburutik jasotakoak dira:
"ANDRAMILAMADURA, 1716, término de Trocóniz.
ANDRAMILLAMADURA, 1689, mojonera de Trocóniz.
ANDRAMILIAMADURAGAIÑA, 1737, labrantío de Trocóniz.
ANDRAMILIAMADURA, 1548, mojonera de Elburgo."
Lekukoak Trokoiz (g. Trocóniz) eta Burgu (g. Elburgo) herrietakoak dira. Herri mugakideak izanik, toponimo bakarra izango zen. Bi lekukotan, gainera, mojonera aipatzen da, hau da mugarri lekua bezala itzul daitekeena.
Andramiliamadura litzateke lekuko zaharrena, Andramiliamaduragaiña toponimo eratorrian ere agertzen da aldaera hau. Bi (edo hiru) elementuz osatutako izena litzateke, oinarria antroponimikoa litzateke, andra eta Milia. Izen hau ezaguna da Andre Emili, andre gora kantu zahar ezagunean. Bi bertsio zahar heldu dira idatziz, 1665. urteko Andr´Emili´ andre gora, Oihenartek jasoa eta 1800. urte inguruko Andre Emili, andre gora G. Humboldt-ek jasoa. Lehenagokoa da Milia Lasturkoren eresia, XV-XVI. mendeetakoa, testuan andra Milia Lasturco dena gaztelaniaz Doña Emilia de Lastur bezala ezaguna zen, Garibairen arabera.
Testu horiek erakusten dute Erdi Aroan bazela Andramilia edo Andre Emili izena.
Toponimoaren bigarren elementua madura litzateke, padura ezagunaren Arabako aldaera.
Beraz, Andramilia antroponimoaren lekuko gutxiei Andramiliamadura toponimoaren lekukotasuna gehitu behar zaio.

Andralopa toponimoa

Andralopa toponimoa nafarra da, Berriobeitikoa. Lekuko zaharrena 1599. urteko Andre Lopan da, 1600. urtean Andrelopia jasotzen da eta 1623. urtean Andre Lopa. Baditu beste hainbat aldaera, baina Andralopa lehenengo aldiz 1799. urtekoa da. Toponimo baten aldaerak hasten badira bere esanahia galtzen denean, goiz gertatu zen Andralopa izenean, lehenengo lekukoek badute gero agertzen ez den ezaugarriren bat, edo sudurkaria edo /i/ bokala.
Andre Lopa aldaera jatortzat hartuz gero, bilakaera ez da handia izan, bokal asimilazioa gertatu omen da: a-e-o-a > a-a-o-a.
Andre Lopa antroponimoaren berri Irigoienek eman zuen bere Pertsona izenak euskaraz liburuan:
"4.15. ANDRE LOPA, emakume-izena: ego Lope Sanz filius Andre Lopa de Agessa, (1104, Doc. Artajoneses, dok. 31). Ikus LOPE hirugarren zerrendan."
Elementuak andre eta Lopa liratele, azken hau Lope ezagunaren emakumezko aldaera.

sábado, 23 de febrero de 2019

Andrelendia antroponimoa

Behin baino ez da agertu Andrelendia izena, Antonio Ubietoren Obituario de la catedral de Pamplona liburuan, testua 1277. eta 1286. urte artean kopiatua izan zen, hildakoak aurreko urteetakoak dira. Mende horretakoak eta, beharbada, aurrekoetakoak. Hildakoen artean bada, 19. orrialdean Andrelendia femina, ekainaren 3an hila, urte ezezagunean.
Izenak bi zati lituzke, andre eta *Lendia. Azken hau ez dago beste inon, baina bada oso antzekoa den bat, Legundia. Leundia toponimoaren sarreran izen hori apagai izan zen, jatorriz Leodegundia, germaniar izena, eta hemengo lekukoetan Legundia eta Leundia aldaerak izan zituen. *Lendia azken urratsa izango zen, beharbada Andrelendia izen elkartuaren barruan zegoelako. Bilakaera horrelakoa izango zen: Leodegundia > Legundia > Leundia > *Lendia, nahiz eta azken honen lekukorik ez izan. Beharbada izena hasieran Andreleundia izan zen eta ondoren laburtua izan zen.
Beraz, Andrelendia izenak bi aldaetik aberasten ditu euskal antroponimia, Andre(a) antroponimotik eta Le(g)undia antroponimotik.

Andraotoleta toponimoa

Arabako toponimo honen lekuko batzuk badira, hasteko, G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa litzateke:
"ANDRATOLETA 1706, monte en Altube."
Beste lekuko guztiak Federico de Barrenengoaren Onomástica de la Tierra de Ayala 2 Toponimia (Términos), hainbat orrialdetan; 22. or.:
"ANDATOLETA.—Mojonera con Altube.—Pico (791 mts.).—Entre Merkatxi (que queda al N.E.) y Monzorrotz (al SO), donde termina un camino que viene, por encima del Txori, desde Pepe txiki (Zuia).—Véase ANDRAOTOLETA"
Hurrengo orrialdean, 23. or.:
"ANDRAKOLETA.—Variante recogida oralmente.—Véase ANDRATOLETA.
ANDRAOTOLETA.—Regato.—Mojonera con Altube (1670).
ANDRATOLETA.—Var. de ANDRAOTOLETA".
Eta azkenik, 25. or.:
"ARRETXUALTUAGA.—Mojonera con Altube. «Se la dio (posesión al lugar de Baranbio) en voz y en nombre de los demás puestos llamados de Arretxualtuaga, Andraotaleta, dro, a la salida de Las Caldas y fuentes de Bulbona al término y cumbre de Unzegassogorta dro. al mojón de Arreluze de entre la dha. ta de Zuya y Valle de Orozko y de la cumbre de Aguinamendi» (1660) (Zuia)."
Beraz, lekukoen agerpen dataz ordenaturik: Andraotaleta (1660), Andraotoleta (1670), Andratoleta (1706). Besteek datarik ez dute: Andatoleta eta Andrakoleta.
Lekukoen zahartasuna eta eta gehinegoa kontuan hartuz aztertzeko aldaera egokiena Andraotoleta litzateke, eta hortik besteak sortuko ziren. Zenbait aldaketa fonetiko izan dira, bokalen fusioa (Andratoleta), bokal asimilazioa (Andraotaleta?), kontsonante disimilazioa (Andrakoleta) eta Andatoleta, azaltzeko zaila. Toponimoaren luzerak eta bere esanahiaren galerak eragingo zuen aipatutako aldaketetan, baita ere euskararen galerak, beharbada arrazoi nagusia.
Andraotoleta ez da toponimo sinplea, lau elementu dituelako, bi antroponimikoak direnak, hasierakoak, Andra eta Gota, eta azkenekoak ola eta -eta lirateke.
Antroponimoaren sortaldeko aldaera Andregoto izan zen, Irigoienek bere Pertsona izenak euskaraz liburuan adierazi bezala:
"3.24. ANDREGOTO: Nicholay d’Andregoto, (1330, PN-XIV, F.Est., 228 orr.), Larraga-n; Andregoto, (1366, PN-XIV, F.Sang., 485 orr.), Sanguessa-n; Pero Martin Andregoto, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 324 orr.), Lerin-en.
Ikus XIII menderako ANDREGOTO: Ad mea filia Andregoto dono toto illo qui fuit de don Eneco in Liaxe, (s. XI-XIII, El gran Pr. Nav., dok. 1); Andregoto, (s. XIII, El gran Pr. Nav., dok. 113).
Horrez gainera GOTO hutsik ere agertzen da (285): Goto, (1330, PN-XIV, F.Est., 286 orr.), Uillatuerta-n; Miguel Garçia, yermo de Goto, (1330, PN-XIV, F.Est., 287 orr.), Uillatuerta-n. Aurreko mendeetan bederen emakume-izena zen.
Leire-ko dokumentazioan ikus Andregoto, (f. 195, datarik gabe X-XII mendeetan).
————
285 Gentilizioan oinarritzen den anthroponymo visigothiko hau berez femeninoa da, maskulinoa Gota baitzen."
Dena den, Andregota ere ezaguna zen, Iratxeko eta Iruñeko katedraleko agirietan agertzen delako.
Baina sartaldean Andraota aldaera da aurkitzen dena. Libro Padrón de la Hacendera Raíz de la villa de Lequeitio (1510-1556) liburuan badira hainbat ale, Lekeition, Erdi Aroaren bukaeran, izen zabaldua zela erakusten dutenak. Lekukoak 1510-1566 urte ingurukoak dira:
"Andrraota de Çareca
Andraota de Arriaga
Andraota de Soloaran
Andraota de Malax
Andraota de Yartua
Andraota de Vnda
Andraota de Vrquiça
Andraota de Acha
Andrraota del Puerto
Andraota de Licona
Andraota de Leaegui
"
Beharbada *Andragota izan da inoiz baina oraingoz lekukorik ez da aurkitu. Beraz, toponimorako Andraota + ola + -eta > *Andraotaolaeta bezalakoa sortu zitekeen, eta gero, mendeak igaro ondoren toponimoa Andraotoleta bihurtu zen, eta orduan hasi zen paperetan jartzen. Bitartean aldaketa gehiago gertatu ziren eta horrela heldu ziren toponimoaren hainbat aldaera XX. menderaino.

martes, 19 de febrero de 2019

Androneka toponimoa

Androneka toponimoa Arroitz herrikoa da, Nafarroakoa. Lekuko zaharrena 1602. urtekoa litzateke, Androneca bezala idatzia. Hurrengo mendeetako lekukoetan aldaera batzuk badaude ere, nabaria da lekukoetako Androneka-ren nagusitasuna, agertzen diren aldaerak kotuan hartzekoak ez direla.
Toponimoak bi elementu izango lituzke, andre eta Oneka, Andreoneka antroponimoa eratu zutenak. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan dagoen bezala:
"4.17. ANDRE ONECA / ANDEREA ONECA (*ANDERE ONECA), emakume-izenak: Andre Oneca, (s. XIII, El gran Pr. Nav., dok. 122); Anderea Oneca de Aoiz, (s. XI-XII, El gran Pr. Nav., dok. 2). Ikus ONECA hirugarren zerrendan."
Oneka antroponimoa, Irigoienen arabera, Eneko-ren emakumezko aldaera litzateke, hasierako zatia, beharbada, on adjektiboaren analogiaz aldatua.
Andreoneka antroponimotik Androneka toponimora gertatu den aldaketa bakarra izan da bi elementuen elkargunean izandako fusioa.
Blog honetan behin eta berriz ikusi bezala, antroponimo huts batek toponimoa osatu zuen, bestelako elementu gehigarririk gabe.

Andreonaga toponimoa

Albiztur herriko baserria zen. Iñaki Linazasororen Gipuzkoako baserriak liburuan aipatzen da, XX. mendearen bigarren erdialdeko lekukoa litzateke, beraz.
Andreonaga aztertzeko, alde batetik -aga atzizkia izango zen eta hasierako zatia Andreon- litzateke, hau da, andre + on elementuekin sortutako antroponimoa. Blog honetan aztertutako Andraonaena izango litzateke Andreon izenaren sartaldeko aldaera.

Eguneraketa (2024-04-19):
Albizturren bada Andreona baserria. Herri berean dagoenez, Andreonaga toponimoaren egungo izena da, ziurrenik. Normalean alderantzizkio egoera gertatzen da, Gipuzkoako baserriak liburuan ahozko aldaerak jaso ohi dira eta laburragoak izan ohi dira. Toponimo honetan ez da hori gertatu, egungo izen ofizialean ez dator toponimoaren azken zatia, beharbada bokalarteko /g/ galdu zen eta ondoren bi bokal berdinak batu ziren. Dena den, lekuko lekuko gehiago beharrezkoak lirateke proposatutako bilakaera ziurtzat hartzeko.

sábado, 16 de febrero de 2019

Andrenita antroponimoa?

Nafarroako Zarrakaztelu herriko toponimo zaharren artean bazen Pueyo Blanco de Andrenita la Rayna izenekoa. Libro Becerro del Monasterio de Santa María de la Oliva (Navarra): Colección Documental (1132-1500) liburuan aipua badago, 48. agirian 1319. urtean. Toponimo luze honetan bi hizkuntza badaude, toponimoa erdarazkoa litzateke baina barruan euskarazko beste toponimo bat izango zuen. Hasierako zatia Pueyo blanco erdarazkoa litzateke eta ondorengoa euskarazkoa, Andrenita la Rayna. Andrenita antroponimoa litzateke eta ondoren dagoen la Rayna hori larraina izango litzateke. Beraz, toponimo euskaldun bat izango zen, gero toponimo erdaldun baten zati bihurtu zena.
Hala ere, ez da toponimoaren egitura interesgarria den bakarra. Barruko antroponimoa, Andrenita, bitxia da. Hasteko, ez da ageri beste inon. Analizatzea ere ez da erraza, ezagunetik ezezagunerako analisia eginez andre-n-ita izango genuke, andre izena ezaguna da, baita ere -ita atzizkia, erdaraz ohikoa izen arruntekin, baita hipokoristikoak sortzeko ere. Euskarazko antroponimian ere badira adibide batzuk, eta blog honetan proposatu dugu Otsaita toponimoa *Otsaita antroponimo berreraikitik sortua izan zitekeela.
Baina tartean /n/ bat geratzen da, azaltzeko zaila. Konponbidea erraza litzateke onartzen badugu tarteko sudurkari hori benetakoa ez zela. Hau da, zerbait gertatu zen, testua idazterakoan edo irakurtzerakoan, akats egin zuten eta <u> zena <n> bezala interpretatu zuten. Akats hori ez da ezezaguna, blog honetan bada adibide bat, Andransakorta toponimoaren lekukoen artean bada Andrausacorta bezalako bat.
Akats hori ere badago A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan:
"3.19. ANDREAUSA: Andreausa, casera del obispo [sic], (1366, PN-XIV, F.Est., 605 orr.), Esteilla-n (284).
————
284 Hala irakurririk dago edizioan. Ikus beherago Auso ere kasu berean. Andreansa ote da?"
Beraz, zuzenketa eginez gero benetan agertu behar zuena <Andreuita> izango zen, hau da, Andrebita. Izen hau elkartua litzateke, Andre eta Bita izenez osatua. Bita ezaguna da antroponimian. Txarabitana (http://euskal-onomastikaz.blogspot.com/2018/10/txarabitana-toponimoa.html) toponimoaren elementuak Atxa 'Aita' + Bita + haran + -a lirateke, Atxabita antroponimo elkartua izango zen toponimo honen oinarria. Eta bere emakumezko paraleloa Andrebita litzateke, Irigoienen aipatutako liburuan ere agertzen dena:
"4.13. ANDRE BITA, emakume-izena: illa casa de Andrebita (m° de Adoain), (datarik gabe, Leyre, f. 207). Ikus VITA hirugarren zerrendan."
Beraz, garai batean Andrebitalarraina toponimoa izango zen, eta gerora beste toponimo bat sortu zen, euskarazkoa barruan zeukana: Pueyo Blanco de Andrebitalarraina.

Andrazuri toponimoa

Andrazuri toponimoa Oñatikoa da, Gipuzkoakoa. Lekuko zaharrik ez bada ere, egitura erraz antzematen da, andra 'andre' eta zuri. Baina ez da izen arruntez osaturik, ziurrenik *Andrazuri antroponimoa bazen, kontuan izanik Andrezuri ere bazela. A. Irigoienek, bere Pertsona izenak euskaraz liburuan erakusten duen bezala:
"4.21. ANDRE ZURIA, ANDREÇURIA, emakume-izenak: Andre Zuria, (1190 inguruan, El gran Pr. Nav., dok. 65); Semero de Andreçuria, (1247, El gran Pr. Nav., dok. 315); Eximinus de Andreçuria, (1250, El gran Pr. Nav., dok. 331). Ikus ÇURIA hirugarren zerrendan."
Irigoien nafar lekukoez baliatu zen, baina beste eskualdeetako agirietan ez da *Andrazuri bezalakorik agertu. Bi elementuak hitz arruntak baziren ere, antroponimo bezala ere ezagunak dira, Andre eta Zuri. Horrela ulertu behar da Oñatiko toponimoa, antroponimo batez osatua.

martes, 12 de febrero de 2019

Andrauriakorta toponimoa

Toponimo hau Gipuzkoakoa zen, bi lekuko baino ez dira jaso, biak XV. mendearen bukaerakoak. Onomasticon 15: Arrasateko toponimia liburukoak dira bi lekukoak:
"ANDRAURIACORTA, arroyo que desçiende de    1476    HO (1), 29 or.
ANDRAURIA CORTA, en                1477    HO (1), 58 or."
Azterketa etimologikoa eginez, bi elementuz osaturiko toponimoa litzateke, Andrauria eta korta, Andransakorta bezala. Oinarria Andrauria antroponimoa litzateke, A. Irigoienek bere Pertsona izenak euskaraz liburuan aipatu zuen:
"3.18. ANDRE AURIA: Andre Auria, (1366, PN-XIV, F.Sang., 478 orr.), Uztarroz Goyena-n.
Ikus Leire-ko dokumentazioan XI menderako ANDERE AURIA: Andere Auria Acenariz, 1085, f. 43), eta Andere Auria Zaarra, (1085, f. 44).
Eta XII mendean ANDRE AURIA / ANDERE AURIA: Andre Auria, (1190 inguruan, El gran Pr. Nav., dok. 65); Andre Auria et filia eius Christina, (1157, Doc. Artajoneses, dok. 103); Andere Auria, (c. 1158-1159, Doc. Artajoneses, dok. 126).
Bada DOYNORIA ere, erdarazko ordain zehatza: dona Doynoria, (1330, PN-XIV, F.Est., 256 orr.), Casanueua-n. Ikus ORIO, ORIA."
Arrasateko lekuko toponimikoak erakusten du Andrauria aldaera, baita izen honen hedapena Gipuzkoako sartalderaino ere heldu zela.

Andransolo toponimoa

Toponimo hau behin baino ez da agertzen, Araban eta XVIII. mendearen hasieran. Iturria G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa liburu aipagarrian bada:
"ANDRANSOLO, 1722, labrantío de Virgala Mayor."
Uste badugu toponimoak ez duela jaso idazketa, kopia edo irakurketa arazorik, dagoen lekuko bakarretik hasi beharra dago azterketa etimologikoa, toponimoaren elementuak antzemateko asmoz. Zatiketa Andran- eta solo litzateke, azkena hitz ezaguna da, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Baina hasierakoa iluna da, andra izena izan liteke baina /n/ sudurkariak azalpena behar du. Zenbaitetan aldaketak gertatzen dira bi elementu elkartzen direnean, adibidez: haritz + -di > harizti. Izen elkartuaren bi elementuek aldaketak jaso dituzte, haritz izenak afrikatua aldatu eta orain frikaria da, bitartean -di atzizkiaren herskaria ahoskabetu da, d > t bihurtuz aurreko afrikatuaren bitartez.
Andransolo toponimoan bada beste aldaketa mota bat, lehenengo elementuaren bukaera eta bigarrenaren hasiera elkartu dira, berdintsuak zirelako. Oinarrian Andransa antroponimoa bazen, elkartzerakoan *Andransasolo sortuko zen, baina lotura guneko bi silabak oso antzekoak ziren, sa eta so eta batu dira, haplologia izeneko prozesuaren bidez.
Andransa antroponimoaren lekuko toponimikoak agertu dira blog honetan, Andransakorta eta Andransamendi toponimoak. Beraz, hiru toponimo lirateke antroponimo horretatik sortuak, hirurak sartaldean.

sábado, 9 de febrero de 2019

Andransamendi toponimoa

Toponimo hau Arabakoa zen, Ariz herrikoa (gaztelaniaz Aríñez). Lekuko bakarra dago, XVI. mende hasierakoa eta G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa liburuan jasoa:
"ANDRANSAMENDI, 1517, labrantío de Ariñez."
Toponimoaren azterketa erraza da kontuan izanik lehenengo elementua Andransa antroponimoa dela. Andransakorta sarreran bere etimologia eta hainbat adibide agetzen dira. Hemen, antroponimoaren beste lekuko bat gehituko dugu A. Irigoienek bildutako kopuru txikiari, Repartimientos y Foguera-Vecindario de Bilbao (1464-1492) liburukoa, hain zuzen:
"Andrransa de Çeberyo (1. agiria, 1464. urtekoa),
Andra Ansa de Çeberyo (2. agiria, 1470. urte eta gero),
Andraansa de Çeberyo (3. agiria, 1473-1475. urte inguruan)."
Pertsona bera izango zen emakume hau, Andra Antsa Zeberioko, nahiz eta hiru era ezberdinez idatzi bere izena.
Andransakorta toponimoaren sarrerako antroponimo honen lekukoak nafarrak baziren, aipatutako Andra Antsa Zeberioko bazen sartaldekoa, Bizkaikoa, ez oso urrun Arabako toponimotik, baita ere Andransakorta gipuzkoarretik.