sábado, 2 de febrero de 2019

Andraonaena toponimoa

Toponimo hau Luzuriagakoa zen, Arabakoa, eta Erdi Aroko lekukoei esker ezaguna da, Documentación Municipal de la Cuadrilla de Salvatierra: municipio de San Millán-Donemiliaga (1214-1520) liburuan aurkitzen dira toponimo honen hainbat lekuko: Andraonaena, 26. agiria, 1415. urtean, hiru aldiz. Gero 37. agirian, 1459. urtean bi lekuko daude, bi aldaera erakusten dutenak, Andraoñana eta
Andraonana.
Badirudi lekuko zaharrenek aldaera jatorrena islatzen dutela, Andraonaena. Analisia, beste hainbestetan bezala, PI + -(r)en + -a litzateke. Oinarriko antroponimoa Andraona litzateke, hau da, 'andre ona'. Erdaretan ezaguna da antroponimoa eta bon(a) 'on' dituzten izenak, adibidez: Bonadomina, Bonafemina, Bonefilius, Bonupatre, Bonushomo, beste askoren artean. Bonadomina eta Bonafemina, esaterako, Andraona-ren izen baliokide egokiak lirateke.
P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan Andraon bada, 168. or.:
"Andraon (Andre, Andreo): Andraon de Pisueta (Lekeitio, 1556, Enríquez et al., 1993, 2, 165. or.), Andraon (Lekeitio, 1510/1556, ibid., 82. or.)".
Aipatu beharra dago bi lekukoetan ezin jakin Andraon gizon izena den ala emakumezkoa. Salaberrik Andraon izenerako bi oinarri posible ikusten omen ditu, Andre edo Andreo, eta atzizkia -on litzateke, ondoko erdararen -ón atzizkiaren antzera mailegatua. Baina ematen dituen -on atzizki honen antroponimo gehienak, ia guztiak, erdaretatik jasoak dira: Arnalton, Aton, Aujeron, Baskon, Bernardon, Bertranon, Berdulon... Beraz, kasu hauetan eraketa erdaretan gertatu ziren, eta horri gaineratu behar zaio oinarria Andreo izango bazen, *Andreon sortuko zela. Baina, oinarria Andra bazen, gertatu zitekeen euskal oinarria izatea eta -on atzizkirik ez izan azken zatia.
Andraonaena toponimoan oinarria Andraona bazen, ageriko analisian Andraona 'andre ona', bada, Andraon antroponimoan oinarria Andra 'andre' litzateke eta azken zatia on adjektiboa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario