Mostrando entradas con la etiqueta Johanis. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Johanis. Mostrar todas las entradas

viernes, 15 de mayo de 2026

Jandoniz toponimoa

 Jandoniz da Morgako baserri bat, Bizkaian. Herri berean Jandonizbarri etxea ere bada. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrena XVIII. mende bukaerakoa da, Jandonis (1796). Azken urteetan Jandunis zein Dandunis erabiltzen dira.
Azterketa etimologikorako Jandoniz egokiena da, lekuko zaharrena delako eta jatorrizko egoeratik hurbilago dagoelako. Jandoniz toponimoak gogorarazten du blog honetan aztertutako Jandonianiz toponimoa, Azkoitikoa. Honetarako jaun + done + Joanis proposatu genuen eta elementu berberak izango genituzke Bizkaiko toponimoan, baina honetan aldaketek aurrera egin zuten eta litekeena da haplologia gertatzea, hau da bi silaba berdin edo oso antzeko elkarren ondoan jarriz gero, bat galdu ohi da eta horrela, Jandonianiz zaharrago batean tarteko /a/ galdu ondoren haplologia izan zen eta azkeneko bi silabetatik bat geratu zen, Jandoniz sortuz.

jueves, 28 de octubre de 2021

Txonuko antroponimoa

 Antroponimo hipokoristiko hau behin aurkitu da, Arabako herri batzuen bilduma batean,
Colección Documental de la Cuadrilla Alavesa de Zuia. II. Archivos Municipales de Arratzua-Ubarrundia y Legutio liburuan dago aipatutako Txonuko A23 izeneko agirian, 1502. urtean, Chonuco de Vrrunaga.
Akatsik ez badago, izena aztertzerakoan nabarmena da bitxia dela, batez ere bukaeragatik. Baina azken zati hori ez da ezezaguna, gaztelaniazko hizkera batzuetan -uco atzizki txikigarria bada, Kantabrian ohikoa da erabilera hori, baita antroponimian ere. Hasiera zatia, txon- hori, Txoan antroponimo hipokoristikoarekin lotu beharko litzateke, Joan izenetik sortua. Liburu berean badago hipokoristiko honekin egindako izen bat, A33 izeneko agirian, 1518. urtean Choanco izeneko gizona aipatua da. Txoan + -ko egitura duena.
Beraz, Joan antroponimoaren beste hipokoristiko bat genuke, -uko atzizkiarekin egina.

martes, 4 de agosto de 2020

Jandonipe toponimoa

Jandonipe toponimoa bi herritan agertzen da, Bizkaian. Busturian eta Errigoitin bi baserriren izenetan dagoelako.
Lekuko zaharrik ez dago, baina izena nahiko argia da, lau elementu baditu: Jaun + done + Johani(s) + -pe. Lauetatik azkenak ez du aldaketarik jasan, besteek bai. Beharbada nabarmentzekoa da Johanis izeneko txistukaria galdua izatea, baina hori bera Jandoniane  toponimoan ere gertatu da. Dena den, bitxia da -i bukaera, eta ez -e bokalekoa.
Beharbada bi baserri horien inguruan hagionimo bat izan zen, santu izen bat, baseliza batekoak edo, eta horrexegatik bi baserri izen horietan santu izenak barruan dituzte.

sábado, 1 de agosto de 2020

Jandonianiz toponimoa

Jandonianiz izeneko baserria dago Azkoitian, Santa Krutz auzoan.
Lekuko zaharrago bat dago, XX. mendeko bigarren erdikoa, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburutik hartua:
JANDONIANIZ (col.), Santa Cruz ballara, Azkoitia
Lekuko zaharragorik ez badago ere, toponimoa nahiko gardena da, aldaketa batzuk jaso baditu ere. Hiru elementu lituzke, Jaun + done + Johanis antroponimoa. Jandoniane toponimoan bezala, baina azken izen honetan bukaerako elementuarekin erabilitako aldaerak ez du bukaeran txistukaririk, Donibane herri izenak bezala.
Toponimoa, ziurrenik, Erdi Arokoa da. Hurrengo mendeetan hagionimoak egiteko era gaztelaniaren menpekotasuna areagotu zelako, Sanjuanmendi toponimoan ikus daitekeenez bezala.

viernes, 31 de julio de 2020

Jandoniane toponimoa

Arrasateko toponimoa zen Jandoniane, behin bakarrik jasoa omen da, duela bi mende. Arrasateko toponimia liburan badago lekuko bakar hori, 135. orrialdean:
JANDONIANE, peña llamada        1822    HO (IX)
Nahiz eta lekuko gehiagorik ez izan, izena nahiko gardena eta horrek analisia ahalbidetzen du. Hiru elementuz osatutako toponimoa litzateke, Jaun + done + Joane. Elementu guztiak hitz batera eramatean, normala da laburketak izatea, eta hala gertatu da.
Toponimo oso antzekoa Donibane ezaguna litzateke, nahiz eta azken honek hasierako Jaun ez izan.