Mostrando entradas con la etiqueta Kimera. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Kimera. Mostrar todas las entradas

viernes, 23 de abril de 2021

Emereta toponimoa

 Emereta Asparrenako aurkintza da, beraz, Arabako toponimoa.
Lekuko zaharrak daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan, XVII.mendetik hasita:

EMERATA, 1754, mojonera Gordoa-Luzuriaga.
EMERETA, 1652, anterior.
Gainera, badira bi toponimo eratorri, Emeretagaña eta Emeretazulo:
EMERETAGAÑA, 1818, como anteriores.
EMERET-GAÑA, término de la mojonera del despoblado de Ulibarri.
EMERETAZULO, término de la mojonera del despoblado de Ulibarri.
Toponimoak bi elementu lituzke, Wimara antroponimoa eta atzizkia, -eta. Antroponimo hori Bizkaiko toponimo batean omen dago, Kimera toponimoan, hain zuzen. Hasierako fonema galduko zen, /w/ egokitzeak hainbat irtenbide zeuden eta bat izango zen fonema galtzea. Ondoren lehenengo silaba asimilatuko zen, bigarrenaren eraginez: i-e-a > e-e-a.
Atzizkirako bi aukera daude, -eta atzizki multzogarria izatea, baina antroponimo batekin ez da egokia, eta, bestea, leku esanahia izatea, hau da, Wimara izenekoaren lekua. Ez da ahaztu behar hirugarren aukera badela, -eta atzizki hipokoristikoa, Otsoeta toponimoan Otxoeta antroponimoa izan zitekeelako, Otxoa antroponimotik sortutako izen hipokoristikoa. Hori aplikatu Arabako toponimoari eta *Emereta antroponimoa izan zitekeen? Antroponimo ustezko honen lekuko zuzenik ez dago baina horrek ez du esan nahi inoiz izan ez denik.
Laburbilduz, toponimo honetan Wimara antroponimoa litzateke eta, azken zatian, -eta atzizkia, lekua adieraztekoa edo, aukera gutxiagoekin, atzizki hipokoristikoa, eta horrek esan nahiko luke lehenago izan zela *Emereta antroponimoa, lekukorik gabekoa.

martes, 23 de octubre de 2018

Imira toponimoa

Toponimo arabarra, lehenengo lekukoa G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan bada:
"IMIRA, 1632, labrantío de Los Huetos".
Toponimoa gure egunetara ere heldu da, Cuadernos de toponimia 5 Toponimia menor de Vitoria-Gasteiz liburuan jasoa, 13. or.:
"Municipio: Vitoria-Gasteiz. Toponimia de Hueto Arriba y Hueto Abajo
27.—Imira."
Toponimoak ez du bestelako aldaerarik erakutsi azkeneko 400 urtetan, beraz, hori izango da aztertzeko forma. Blog honetan aztertutako hasierako toponimoen artean bazen bat, Kimera toponimoa. Han proposatu genuen Wimara antroponimoa zela, eta Imira toponimorako ere proposamen berdina egingo dugu. Wimara antroponimoaren aldaera asko badira, eta toponimo honetarako egokiena Wimera izan liteke, horri bi aldaera gertatuko zitzaizkion, batetik hasierako kontsonantea galdu, /w/ ez zegoen euskaraz, eta irtenbide bat izango zen, besterik gabe, ez ahoskatzea. Bigarren aldaketa bokalei dagokio, i-e > i-i asimilazioa gertatuko zen, bi bokalak berdinduz.

domingo, 31 de diciembre de 2017

Kimera toponimoa

Gatika eta Zornotzako toponimo horrek, nahiz eta izaki mitologiko baten izen berbera izan, bestelako azalpena izan beharko luke, neotoponimo ez bada. Aukera bat Erdi Aroko antroponimo germaniko bat izan daiteke, Wimara, hain zuzen. Euskal Herrian ospe handirik ez zuen lortu, edo behintzat ez da lekuko askorik aurkitu testu zaharretan, baina beste eskualde batzuetan bai, Katalunian esaterako, Erdi Aroko lekuko ugari, aldaera askorrekin, hona lagin bat Repertori d'antroponims catalans I liburutik hartua: Gimar, Gimara, Gimarane, Gimarani, Gimaranis, Gimaranus, Gimare, Gimera, Gimeram, Gimerane, Guimar, Guimara, Guimarane, Guimarani, Guimera, Quimara, Quimaranne, Quimasa, Quimera, Ruimara, Rumiara, Vimara, Vimarane, Vimariani, Viumarane, Wamadrane, Wimar, Wimara, Wimarana, Wimarane, Wimarani, Wimaranne, Wimarano, Wimaru, Wimarus, Wimas, Wimasa, Wimera, Wimero, Wirmarani... Tartean Quimera bada, Bizkaiko toponimoaren homofonoa. Hori izan liteke bere jatorria, zuzenena, edo Kimara aldaeratik, i-a > i-e bilakaeratik igaro ondoren. Aukerak bat baino gehiago badira, Wimara antroponimoak aldaera ugari izan zituelako. Etimologia zuzena balitz, toponimo honek 1000 urte inguru izan lezake.