jueves, 20 de septiembre de 2018

Otsoeta toponimoa

Otsoeta Zornotzako baserria da.
Lekuko zaharrik ez bada ere, Erdi Aroko antroponimo bat dago, guztiz egokitzen dena, Otxoeta. Alfonso Irigoienek Pertsona izenak euskaraz liburuan hauxe jarri zuen:
"3.267. [...] Bada OCHOETA / OCHETA ere, seguru asko emakume-izena, eta baita-ere O[T]SOTA: Ochoeta, (1330, PN-XIV, F.Est., 236 orr.), Larraga-n; Ocheta de Saragueta, (1366, PN-XIV, F.Pamp.Mont., 550 orr.), (en la ciudat et Nauarreria de Pomplona); Osota, (1330, PN-XIV, F.Est., 300 orr.), Artaxona-n.
XIII menderako OCHOETA: Ochoeta, (1288 inguruan, El gran Pr. Nav., dok. 498)".
Irigoienek eman zituen lekuko guztiak nafarrak ziren, XIII-XIV. mendeetakoak; beraz, Zornotzako toponimo honek lekuko bat gehiago biltzen du, toponimikoa, beharbada lehenengoa, eta Bizkaikoa. Horrek adieraziko luke antroponimo honek agiri zaharretan bildutako hedapena baino handiagoa ezagutu zuela.
Antroponimoaren elementuak Otxoa antroponimoa eta -eta atzizki hipokoristikoa, erromantze batetik mailegatua, Irigoienek adierazten duen bezala beste lan batean, De re philologica linguae uasconicae V liburuan bildutako Formación de hipocorísticos en la onomástica medieval de área vascónica, 19. orrialdean.
Nabarmentzekoa da toponimoaren afrikatua, Irigoienen lekuko ia guztiek <ch> dute, Osota izan ezik, eta hau ziurrenik egun <ts> digrafoz idatziko genuke, Otsoeta bezala. Beraz, toponimoak afrikatu zaharra gordeko luke.
Beste aukera etimologiko bat litzateke otso animalia izenari -eta atzizki multzogarria eranstea, baina toponimian ez da ohikoa horrelako egitura. Horri gaineratu behar zaio etxe izena dela eta horiek, blog honetan behin eta berriz ikusi bezala, normalean antroponimo batez osaturik daude.
Beraz, Otxoeta antroponimoaren lekuko toponimiko bat litzateke Zornotzako Otsoeta baserria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario