Mostrando entradas con la etiqueta Wimara. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Wimara. Mostrar todas las entradas

viernes, 25 de noviembre de 2022

Umerez toponimoa

 Egun, Umerezgaztañeta toponimoa dago, Oñatiko basoa. Izen honek bi elementu ditu, Umerez eta gaztaineta. Azken hau bitan ere bana daiteke, bukaeran -eta atzizkia eta hasieran, gaztaina.
XX. mendeko bigarren erdialdeko beste toponimo bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

*UMEREZKOA (2 viv.) (prop.), Mugia auzoa, Oñati
Azken toponimo hau litzateke Umerez + -ko + -a, toponimo eratorria litzateke, baina ez du informazio osagarririk Umerez toponimoari buruz.
Umerez zaharra da, Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta lekuko zahar ugariak ditu XVI. mendearen erdialdetik aurrera:

 Umerez oso izen bitxia da, patronimikoa dirudi, baina oinarria oso iluna da. Gainera, -ez bukaera du eta ez ohikoa den -iz, Urtizerreka toponimoa bezala. Baina beharbada jatorrizko izenean -iz zegoen eta -ez berria da, Idiakez toponimoa bezala, lehenago Idiakaiz zelako. Antzeko bilakaera izan bada, atzeranzko urratsa egin eta *Umeraiz berreskuratuko genuke. Azken aldaketa bat beharrezkoa da, ezaguna da sartaldeko euskaran /u/ dagoela beste euskalkietan /i/ dagoen hitz batzuetan. Horrela uzen - izen, ule - ile bezalako bikoteak daude. Antzekoa gertatuko zen, edo bokal disimilazio bat, Jandustegi toponimoan bezala, bildutako aldaera zaharrena Jandistegi delako. Beraz, i-i > u-i aldaketa gertatu zen. Hau ere Umerez toponimoari eraginez eta *Imeraiz eskuratu genuke eta banaketa oso argia litzateke, Wimara PI + -iz. Wimara antroponimo germanikoa da, aldaera ugari ezagutzen zaizkio eta euskal lurretan ondorengo toponimiko batzuk utzi ditu, tartean Memerea, Emerando, Emereta eta Imira toponimoak. Ikus daitekenez, gehienetan hasiera bokalikoa da, ez kontsonantikoa, Umerez izenean bezala.
Bitxikeria bat, penintsula iberikoan badago egitura bera duen herri izena, Guimarães, Portugalgo ipar-mendebaldeko udalerri bat da, Bragako barrutikoa. Bilakaera ezberdina da, normala, jakinik hizkuntza ere ezberdina dela.

Eguneraketa (2023-05-06):
Sarreran bildutako lekuko zaharrena 1541. urtekoa da baina lekuko zaharragoak badira Colección Documental del Archivo Municipal de Oñati (1149-1492) liburuan, 34. agirian, 1489. urtean:

Elvira de Umeres, çinco maravedis.
[...]
Pedro de Umeres, dies maravedis.
Beraz, lekuko hauekin mende erdi bat aurreratu litzateke toponimo honen lekukotza. Etimologiak ez du aldaketaren beharrik eta proposatutakoa lehen bezain onargarria da.
 

lunes, 24 de octubre de 2022

Memerea toponimoa

 Memerea da Bizkaiko Muskiz herriko auzo baten izena.
XVIII. mende bukaerako lekuko bat dago Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Mimerea [N, TO]
Mimerea (barrio de), Musques (San Julian de), a.1796, FogVizcayaMs.
Lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, XVI. eta XVII. mendeen Memerearen lekuko batzuk daude:

Mimerea ere bada, baina lekuko bakarra dago:

Toponimo honek bi azterketa etimologiko jaso ditu, lehenengoa Fernando Fernández Palacios ikertzailearen Lengua e historia del Asón al Cadagua : (épocas prerromana y romana) tesian dago. Lekuko zaharrena ematen du eta latin etimologia bat, 1140. or.:
1031. Memerea (Musques)
IGC 61.
En un documento del año 1503 se nombra a un tal Ynigo de la Syerra de Memerea (Portugalete 2: doc.113, p. 77).
Recuerda al NP *Memoria y su derivación adjetival Memoriana, atestiguada en la Península ibérica en el Anónimo de Rávena (320).
Azkena Ander Ros Cubasen Las lenguas antiguas del Alto y Medio Nervión (2013) lanean dago, 20. or.:

Santurtziko Mamariga eta Memerea lotzen ditu, baina ez du zehaztasunik ematen.
Hemen aztergai den izena beste bide batetik azalduko da, toponimoaren bi aldaerak kontuan haztuz, Memerea eta Mimerea. Jakina, lehena zaharragoa izateaz gain, lekuko gehiago ditu.
Toponimoak bi elementu lituzke, Wimara antroponimoa eta -a artikulua. Jakina, oso agerikoa da aldaketa batzuk geratu direla, Wimara + -a > *Wimarea emango zuelako. Hasteko, Wimara antroponimoak aldaera ugari izan zituen, horrela, Kimera toponimoaren sarreran, Katalunian jasotako aldaera batzuk zerrendatu genituen: Gimar, Gimara, Gimarane, Gimarani, Gimaranis, Gimaranus, Gimare, Gimera, Gimeram, Gimerane, Guimar, Guimara, Guimarane, Guimarani, Guimera, Quimara, Quimaranne, Quimasa, Quimera, Ruimara, Rumiara, Vimara, Vimarane, Vimariani, Viumarane, Wamadrane, Wimar, Wimara, Wimarana, Wimarane, Wimarani, Wimaranne, Wimarano, Wimaru, Wimarus, Wimas, Wimasa, Wimera, Wimero, Wirmarani... Batzuk kakografiak dira, idazketa, irakurketa edo kopiaketa prozesuetan gertatutako akatsak, baina beste aldaera batzuk ahoskeraren isla zuzenak dira. Horrela, bigarren bokalean /e/ behin baino gehiagotan agertu ohi da baina aldaketa gehienak lehenengo kontsonanteari dagozkio. Toponimoaren hasierakoa azaltzeko, beharbada /w/ > /b/ aldaketa gertatuko zen eta, beraz, *Bimera bezalako aldaera batetik hasi beharko genuke. Ondorengoa erraza da azaltzen, b-m > m-m asimilazioa, i-e > e-e bokal asimilazioa eta, azkenik, aa > ea disimilazio automatikoa. Horrela, Memerea eskuratuko genuke.
Antroponimo honekin sortutako toponimoak badira euskal lurretan, Emerando, Emereta eta Imira toponimoak bezala, hauetan guztietan hasierako kontsonantea galdu zen, aipatutako Kimera toponimoan ez bezala.

miércoles, 11 de mayo de 2022

Emerando toponimoa

 Emerando da Meñaka eta Mungiako biztanle-entitatea. Honetaz gain, badira bi toponimo eratorri, Emerandoibarra baseria Mungian eta Emerandoerreka Bakion eta Mungian.
Meñakako eta Mungiako Emerando auzoaren lekuko zaharrena, Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian oinarriturik, XIII. menderaino heltzen da:

emerando (1236 [1785])
emerando, joan ganzandes de (1376/08/01 [1785])
emerando (1516/05/19 [1785])
Geroztik izena ez da aldatu, lekuko berriagoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:
Emerando [N, TO]
Emerando (cofradia de), Munguia (anteiglesia de), a.1876, FogVizcayaMs.
Emerando (confradia de), Munguia, a.1641, FogVizcayaMs.
Emerando (uarrio de), Meñaca, a.1876, FogVizcayaMs.
Hemerando (cofradia de), Meñaca, a.1745, FogVizcayaMs.
Hemerando (cofradia de) (Larrauri y), Munguia (anteyglesia de), a.1745, FogVizcayaMs.
Emerando_Ybar (la casa de) [Emerando (cofradia de)], Munguia (anteiglesia de), a.1876, FogVizcayaMs.

Toponimoa ez da ezertan aldatu azken ia 800 urteetan, oso egonkorra izan da eta, beraz, aztertzeko izen bakarra dago, Emerando. Bi elementuz osaturik izan liteke, oinarrian Wimara antroponimoa izan liteke eta ondorengorako bi aukera daude, -ondo leku postposizioa eta -ndo atzizki hipokoristikoa. Zalantza bera dago blog honetan aztertutako Emereta toponimorako, -eta atzizki multzogarria ala hipokoristikoa?
Hipokoristikoa izan bazen, Wimara + -ndo eransketa gertatu zen, atzizki hau ezaguna da antroponimia zaharrean, Hondarribiko Uxando toponimoan Otsando antroponimoa izango zen, hau da, Otso(a) antroponimoa eta -ndo atzizkia.
Beste aukeran, Emera toponimo bat izango zen eta ondoan zegoen lekuari *Emeraondo izena jarri zioten, gerora Emerando geratu zena. Hala izan bazen, XIII. menderako laburketa gertatua zen.
Wimara antroponimoak euskal toponimian ale gehiago utzi omen ditu, Imira eta Kimera toponimoak, hauetan antroponimo hutsa izango zen. Wimara nahiko aldaturik agertzen zaigu, baina antroponimoak aldaera ugari ezagutu zituen, tartean Gimara, Quimera, Wimera... Kimera toponimoaren sarreran aldaera gehiago daude. Wimera aldaeratik hasita, bi aldaketa izango ziren, batetik hasierako /w/ galdu zen eta bestetik, bokal asimilazioa izan zen: i-e > e-e.

martes, 23 de octubre de 2018

Imira toponimoa

Toponimo arabarra, lehenengo lekukoa G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan bada:
"IMIRA, 1632, labrantío de Los Huetos".
Toponimoa gure egunetara ere heldu da, Cuadernos de toponimia 5 Toponimia menor de Vitoria-Gasteiz liburuan jasoa, 13. or.:
"Municipio: Vitoria-Gasteiz. Toponimia de Hueto Arriba y Hueto Abajo
27.—Imira."
Toponimoak ez du bestelako aldaerarik erakutsi azkeneko 400 urtetan, beraz, hori izango da aztertzeko forma. Blog honetan aztertutako hasierako toponimoen artean bazen bat, Kimera toponimoa. Han proposatu genuen Wimara antroponimoa zela, eta Imira toponimorako ere proposamen berdina egingo dugu. Wimara antroponimoaren aldaera asko badira, eta toponimo honetarako egokiena Wimera izan liteke, horri bi aldaera gertatuko zitzaizkion, batetik hasierako kontsonantea galdu, /w/ ez zegoen euskaraz, eta irtenbide bat izango zen, besterik gabe, ez ahoskatzea. Bigarren aldaketa bokalei dagokio, i-e > i-i asimilazioa gertatuko zen, bi bokalak berdinduz.

domingo, 31 de diciembre de 2017

Kimera toponimoa

Gatika eta Zornotzako toponimo horrek, nahiz eta izaki mitologiko baten izen berbera izan, bestelako azalpena izan beharko luke, neotoponimo ez bada. Aukera bat Erdi Aroko antroponimo germaniko bat izan daiteke, Wimara, hain zuzen. Euskal Herrian ospe handirik ez zuen lortu, edo behintzat ez da lekuko askorik aurkitu testu zaharretan, baina beste eskualde batzuetan bai, Katalunian esaterako, Erdi Aroko lekuko ugari, aldaera askorrekin, hona lagin bat Repertori d'antroponims catalans I liburutik hartua: Gimar, Gimara, Gimarane, Gimarani, Gimaranis, Gimaranus, Gimare, Gimera, Gimeram, Gimerane, Guimar, Guimara, Guimarane, Guimarani, Guimera, Quimara, Quimaranne, Quimasa, Quimera, Ruimara, Rumiara, Vimara, Vimarane, Vimariani, Viumarane, Wamadrane, Wimar, Wimara, Wimarana, Wimarane, Wimarani, Wimaranne, Wimarano, Wimaru, Wimarus, Wimas, Wimasa, Wimera, Wimero, Wirmarani... Tartean Quimera bada, Bizkaiko toponimoaren homofonoa. Hori izan liteke bere jatorria, zuzenena, edo Kimara aldaeratik, i-a > i-e bilakaeratik igaro ondoren. Aukerak bat baino gehiago badira, Wimara antroponimoak aldaera ugari izan zituelako. Etimologia zuzena balitz, toponimo honek 1000 urte inguru izan lezake.