Mostrando entradas con la etiqueta Maintzia. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Maintzia. Mostrar todas las entradas

martes, 16 de abril de 2019

Mantxieta toponimoa

Nafarroako Larraun udalerriko toponimoen artean Mantxieta bazen, Errazkingo kontzejuan.
Lekuko zaharrena XVIII. mende hasierakoa da, Manchieta (1723), gerokoa da Manchita (1893) eta joan den mendearen bukaerakoak dira Manchéta eta Manchíta. Beraz, badirudi ie > i (eta behin e) laburketa gertatu dela.
Toponimoaren azken zatia, argi dago -eta atzizkia dagoela, baina hasierako mantxi- ilunagoa da. Dena den, Maintzia toponimoaren lekukoen artean Manchiategui bezalako bat bazela, tz > tx bilakaera gertatu zitzaiola. Bi fonemak ez dira elkarretatik oso urrun, baina ez da ahaztu behar sabaikaritzea dela txikigarritasuna sortzeko baliabide bat. Beraz, oinarria Ma(i)ntzia izan zitekeen, -eta atzizkia erantsiz *Mantzieta hipokoristikoa sortu eta gero Mantxieta bihurtua. Ez da ziurra, lehenago jarri bezala, azken urratsaren sabaikaritzea, automatikoa izan dela edo hipokoristikoa egiteko.
Inoiz izan bada *Mantzieta edo *Mantxieta antroponimoa, oraingoz ez da jaso eta geratzen den aztarren bakarra toponimo hau litzateke, Mantxieta.
Badago, dena den, beste azalpen bat, funtsean elementu antzekoak izango genituzke, baina esanahia ezberdina litzateke. Atzizkia, berriz ere, -eta litzateke, baina ez esanahi hipokoristikoa dena, baizik eta -eta atzizki toponimikoa, Atxeta, Urkieta eta beste toponimo askoren sortzailea. Batzuetan oinarrietan antroponimoak izaten dira. Mantxieta toponimoan bi aukera genituzke, Mantzio edo bere emakumezko aldaera Ma(i)ntzia.
Laburbilduz, Mantxieta toponimoa azaltzeko bi bide izango lirateke, Ma(i)ntzia izenean eratorritako *Mantzieta edo *Mantxieta hipokoristikoa(k), edo bestela, Mantzio/Ma(i)ntzia antroponimoari -eta atzizki toponimikoa erantsiz Mantxieta toponimoa sortu zen.

martes, 9 de abril de 2019

Maintzinea toponimoa

Lezoko baserrien artean bada Maintzinea izenekoa. Lekuko oso zaharrik ez dago, baina Iñaki Linazasorok bere Caseríos de Guipuzcoa liburuan aipatua zuen, izenean diferentziarik ez zela. Beharbada Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan aipatzen duen Lezoko etxeen artean Mancia de Rementari egungo Maintzinea bada. Hala izanez gero, XVII. mendearen hasieran bazen Maintzinea toponimoa, nahiz eta izena bera ez izan.
Analisi etimologikoa erraza da, jakinik Ma(i)ntzia antroponimoa bazela, ondoren -(r)en + -a erantsi eta mendeen joanean Maintzinea bezala finkaturik gelditu zen. Blog honetako Maintzia toponimoan antroponimo bera genuke, dirudienez emakumezko izen horrek erabilera handikoa izan zen duela mende asko.

sábado, 6 de abril de 2019

Maintzia toponimoa

Maintzia Irungo toponimoa da, etxe izena. Irungo udalaren orriak ematen duen informazioan oinarritua, lekuko zaharrena, Maincia, 1625. urtekoa litzateke, gerora ere erabilia. Dena den, bada beste zenbait izenez ezaguna, Manciategui, Manchiategui, Mainsia, Maintziya... Aldaerak aztertu eta bi dira nagusiak, Maintzia eta Manziategi. Azken honetan argi dago Ma(i)ntzia eta -tegi atzizkiaz oinarritua dagoela.
Oinaria Maintzia da, Mantzio antroponimoaren emakumezko aldaera. Izen honetaz badago lekurik A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan:
"3.238. MAYNÇIA, MANCIA, MENÇIA, emakume-izena: Bertulon de Maynçia, (1330, PN-XIV, F.Est., 300 orr.), Artaxona-n; Mainçia Ederra, (1330, PN-XIV, F.Est., 302 orr.), Artaxona-n; Pero Sanchis Maynçia, (1330, PN-XIV, F.Est., 290 orr.), Oteyça-n; Mancia, su hermana, (1330, PN-XIV, F.Est., 296 orr.), Artaxona-n; Mençia Lopez, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 345 orr.), Leza-n; Mençia, (1366, PN-XIV, F.Est., 623 orr.), Funes-en. Ikus ANDRE MANCIA laugarren zerrendan.
Bada MAYÇA ere: Johan de Mayça, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 367 orr.), Auarçuça-n.
XIII menderako MAINCIA: Maincia, (s. XIII, El gran Pr. Nav., dok. 106).
Mancho izenari dagokio. MAINCIA femenino despalatalizatua besterik ez dateke. Ikus MANCHO."
Aipagarria da Maintzia aldaera ia nagusi bihurtua, Mantzio izenean agertzen ez dena, antza. Dirudienez, azken /i/ bokalaren eraginez, lehenengo siladan ere agertu zena: Mantzia > Maintzia. Beharbada horrela ere azal daiteke Mentzia aldaera, ai > e gertatu bazen: Maintzia > Mentzia. Dena den azken bilakaera ez da batere ohikoa euskeraz eta horrexegatik, gerta liteke Mentzia izenaren azalpena besteren bat izatea.
Irungo Maintzia toponimoak antroponimo zahar bat islatuko zuen eta bitxia bada ere, Mantziategi aldaera izan zuen.