martes, 16 de abril de 2019

Mantxieta toponimoa

Nafarroako Larraun udalerriko toponimoen artean Mantxieta bazen, Errazkingo kontzejuan.
Lekuko zaharrena XVIII. mende hasierakoa da, Manchieta (1723), gerokoa da Manchita (1893) eta joan den mendearen bukaerakoak dira Manchéta eta Manchíta. Beraz, badirudi ie > i (eta behin e) laburketa gertatu dela.
Toponimoaren azken zatia, argi dago -eta atzizkia dagoela, baina hasierako mantxi- ilunagoa da. Dena den, Maintzia toponimoaren lekukoen artean Manchiategui bezalako bat bazela, tz > tx bilakaera gertatu zitzaiola. Bi fonemak ez dira elkarretatik oso urrun, baina ez da ahaztu behar sabaikaritzea dela txikigarritasuna sortzeko baliabide bat. Beraz, oinarria Ma(i)ntzia izan zitekeen, -eta atzizkia erantsiz *Mantzieta hipokoristikoa sortu eta gero Mantxieta bihurtua. Ez da ziurra, lehenago jarri bezala, azken urratsaren sabaikaritzea, automatikoa izan dela edo hipokoristikoa egiteko.
Inoiz izan bada *Mantzieta edo *Mantxieta antroponimoa, oraingoz ez da jaso eta geratzen den aztarren bakarra toponimo hau litzateke, Mantxieta.
Badago, dena den, beste azalpen bat, funtsean elementu antzekoak izango genituzke, baina esanahia ezberdina litzateke. Atzizkia, berriz ere, -eta litzateke, baina ez esanahi hipokoristikoa dena, baizik eta -eta atzizki toponimikoa, Atxeta, Urkieta eta beste toponimo askoren sortzailea. Batzuetan oinarrietan antroponimoak izaten dira. Mantxieta toponimoan bi aukera genituzke, Mantzio edo bere emakumezko aldaera Ma(i)ntzia.
Laburbilduz, Mantxieta toponimoa azaltzeko bi bide izango lirateke, Ma(i)ntzia izenean eratorritako *Mantzieta edo *Mantxieta hipokoristikoa(k), edo bestela, Mantzio/Ma(i)ntzia antroponimoari -eta atzizki toponimikoa erantsiz Mantxieta toponimoa sortu zen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario