sábado, 6 de abril de 2019

Maintzia toponimoa

Maintzia Irungo toponimoa da, etxe izena. Irungo udalaren orriak ematen duen informazioan oinarritua, lekuko zaharrena, Maincia, 1625. urtekoa litzateke, gerora ere erabilia. Dena den, bada beste zenbait izenez ezaguna, Manciategui, Manchiategui, Mainsia, Maintziya... Aldaerak aztertu eta bi dira nagusiak, Maintzia eta Manziategi. Azken honetan argi dago Ma(i)ntzia eta -tegi atzizkiaz oinarritua dagoela.
Oinaria Maintzia da, Mantzio antroponimoaren emakumezko aldaera. Izen honetaz badago lekurik A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan:
"3.238. MAYNÇIA, MANCIA, MENÇIA, emakume-izena: Bertulon de Maynçia, (1330, PN-XIV, F.Est., 300 orr.), Artaxona-n; Mainçia Ederra, (1330, PN-XIV, F.Est., 302 orr.), Artaxona-n; Pero Sanchis Maynçia, (1330, PN-XIV, F.Est., 290 orr.), Oteyça-n; Mancia, su hermana, (1330, PN-XIV, F.Est., 296 orr.), Artaxona-n; Mençia Lopez, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 345 orr.), Leza-n; Mençia, (1366, PN-XIV, F.Est., 623 orr.), Funes-en. Ikus ANDRE MANCIA laugarren zerrendan.
Bada MAYÇA ere: Johan de Mayça, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 367 orr.), Auarçuça-n.
XIII menderako MAINCIA: Maincia, (s. XIII, El gran Pr. Nav., dok. 106).
Mancho izenari dagokio. MAINCIA femenino despalatalizatua besterik ez dateke. Ikus MANCHO."
Aipagarria da Maintzia aldaera ia nagusi bihurtua, Mantzio izenean agertzen ez dena, antza. Dirudienez, azken /i/ bokalaren eraginez, lehenengo siladan ere agertu zena: Mantzia > Maintzia. Beharbada horrela ere azal daiteke Mentzia aldaera, ai > e gertatu bazen: Maintzia > Mentzia. Dena den azken bilakaera ez da batere ohikoa euskeraz eta horrexegatik, gerta liteke Mentzia izenaren azalpena besteren bat izatea.
Irungo Maintzia toponimoak antroponimo zahar bat islatuko zuen eta bitxia bada ere, Mantziategi aldaera izan zuen.

1 comentario:

  1. Irungo Maintzi(y)a izeneko baserria, gaur egun Pio Baroja Institutua dagoen lekutik metro batzuk beherago zegoen. 1896-1901eko planoan ikus daiteke kokapena. XX. mendeko erdialdera arte ageri dira aipamenak, Irungo Udal Artxiboan.
    Bestalde, Hondarribiko Jaitzubia auzoan Maintzienea baserria dago/zegoen.

    ResponderEliminar