Mostrando entradas con la etiqueta Maiora. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Maiora. Mostrar todas las entradas

lunes, 5 de enero de 2026

Maiorako atxa toponimoa

 Maiorako atxa da Muxikako tontor bat. Izendegi ofizialeko lekuk zaharrenak XX. mende bukaerakoak dira eta ez da aldaketarik: maiorako atxa (1986, 1999)... Toponimoaren analisiak izen bakarra du eta argia dago azken elementua atx dela, haitz izenaren aldaera sartaldekoa, eta artikulua. Lehen elementuan, -ko atzizkiaz gain, Maiora antroponimoa genuke, beharbada *Maiorako antroponimo hipokoristikoa dago. Beste aukera litzateke hurbil *Maiora toponimoa izatea. Maiora antroponimo emakumezko honetaz, Maioregi toponimoaren sarreran informazio gehiago dago.

miércoles, 17 de abril de 2024

Montemaora toponimoa

Montemaora da Busturiako baserri bat. Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialean lekukoetan aldaerak daude: Montemaortu (1704), Montemaora (1798), Montemaro (1955), Montemoro (1986)... Lekuko zaharrena oso aldentzen da besteetatik eta horrek azalpen bat merezi du. Izan ere, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan dago data horren lekuko bat (eta bakarra):

Montemaora [N, TO]
Montemaora (la cassa de), Busturia, a.1704, FogVizcayaMs.
Azken irakurketa zuzena da, bestea azaldu beharra dago eta agiri hauen beste argitarapen bat dago, Jaime de Kerexetaren Fogueraciones de Bizkaia del siglo XVIII. Liburu horretan dago Busturiako izen hori, 85. or.:
Monte Maortúa: To. Nárdiz; / J. Artía.
Beraz, kontuan izanik beste lekukoak, Kerexetarena irakurketa txarra litzateke eta kanpoan uztekoa.
Analisi etimologikoan sartuz, bitxia da Bizkai erdian erdarazko toponimo bat aurkitzea, aurkitzen zaion etimologia zuzena bada. Toponimoak bi elementu lituzke, hasieran monte 'mendi' gaztelaniazkoa eta bukaeran Maora, Maiora antroponimo emakumezkoaren aldaera, Maioregi toponimoan dagoena, esaterako.
Maora aldaeraren lekukorik bada A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan:
3.240. MAYORA / MAORA (324), MAYORACO, emakume-izena, eta baita-ere MAYOR / MAOR: Mayora de Garcia Pero Eynneca, (1330, PN-XIV, F.Est., 228 orr.), Larraga-n; Pascoal et Maria, filos de Ferrando Maora, (1330, PN-XIV, F.Est., 240 orr.), Beruinçana-n; Pero Mayoraco, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 532 orr.), Çigua-n; dona Mayor, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 336 orr.), Viana-n; Ferrando dona Maor, (1330, PN-XIV, F.Est., 241 orr.), Miranda-n.
XII menderako MAIOR: et Elvira et Maior et Tota, (1178, El gran Pr. Nav., dok. 48).
————————
324 [j] duela eta [j] gabe.
Laburtuz, monte + Ma(i)ora > Montemaora. Erdaraz sortutako toponimoa da monte hitza duelako, eta elementuek ere erromantzezko ordena dutelako.

miércoles, 27 de julio de 2022

Mayora toponimoa

Mayora da Arabako toponimo bat, Urizaharra herrikoa, erdaraz Peñacerrada, aurkintza bat eta tontor bat izendatzeko.
XX. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

MAYORA, término en Sierra Cantabria.
Toponimoan antroponimo huts bat genuke, Maiora, emakumezkoa. Maioregi toponimoaren sarreran Maioraren Erdi Aroko lekuko batzuk daude, nafarrak.

martes, 26 de marzo de 2019

Maioregi toponimoa

Lesakako toponimo hau hainbat eratorriren bitartez ezaguna da egun: Maioregiko bidea, Maioregiko erreka, Maioregiko harria eta Maioregiko lepoa. Maioregi toponimoaren lekuko gehienak nahiko berriak dira, bat izan ezik, 1499. urtean Maioregui bildu zelako.
Maioregi ez da aldatu azken mendeetan eta hau izango da aztertzeko aldaera nagusia, 1928. urteko Mayori, argi dagoen bezala, laburketa delako, lehenik bokal arteko /g/ galduko zen eta gero ei > i bokalen laburketa gertatuko zen.
Maioregi bi elementuz osatutako toponimoa litzateke, blog honetan aztertutako gehienak bezala. Azken elementua hegi 'aldapa, aldatsa; ertza', oso ohikoa euskal toponimian. Hasierakoa Maiora litzateke, antroponimo bat, emakumezkoa. Bazeukan Maior aldaera, baina hala izanez gero, *Maiorregi sortuko zen, ziurrenik.
Maiora izenaren informazioa badago A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan:
"3.240. MAYORA / MAORA (324), MAYORACO, emakume-izena, eta baita-ere MAYOR / MAOR: Mayora de Garcia Pero Eynneca, (1330, PN-XIV, F.Est., 228 orr.), Larraga-n; Pascoal et Maria, filos de Ferrando Maora, (1330, PN-XIV, F.Est., 240 orr.), Beruinçana-n; Pero Mayoraco, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 532 orr.), Çigua-n; dona Mayor, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 336 orr.), Viana-n; Ferrando dona Maor, (1330, PN-XIV, F.Est., 241 orr.), Miranda-n.
XII menderako MAIOR: et Elvira et Maior et Tota, (1178, El gran Pr. Nav., dok. 48).
————————
324 [j] duela eta [j] gabe."
Irigoienek emandako lekuko horien garaian sortuko zen Maioregi toponimoa, Erdi Aroaren bigarren erdian, beharbada.