martes, 26 de marzo de 2019

Maioregi toponimoa

Lesakako toponimo hau hainbat eratorriren bitartez ezaguna da egun: Maioregiko bidea, Maioregiko erreka, Maioregiko harria eta Maioregiko lepoa. Maioregi toponimoaren lekuko gehienak nahiko berriak dira, bat izan ezik, 1499. urtean Maioregui bildu zelako.
Maioregi ez da aldatu azken mendeetan eta hau izango da aztertzeko aldaera nagusia, 1928. urteko Mayori, argi dagoen bezala, laburketa delako, lehenik bokal arteko /g/ galduko zen eta gero ei > i bokalen laburketa gertatuko zen.
Maioregi bi elementuz osatutako toponimoa litzateke, blog honetan aztertutako gehienak bezala. Azken elementua hegi 'aldapa, aldatsa; ertza', oso ohikoa euskal toponimian. Hasierakoa Maiora litzateke, antroponimo bat, emakumezkoa. Bazeukan Maior aldaera, baina hala izanez gero, *Maiorregi sortuko zen, ziurrenik.
Maiora izenaren informazioa badago A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan:
"3.240. MAYORA / MAORA (324), MAYORACO, emakume-izena, eta baita-ere MAYOR / MAOR: Mayora de Garcia Pero Eynneca, (1330, PN-XIV, F.Est., 228 orr.), Larraga-n; Pascoal et Maria, filos de Ferrando Maora, (1330, PN-XIV, F.Est., 240 orr.), Beruinçana-n; Pero Mayoraco, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 532 orr.), Çigua-n; dona Mayor, (1350, PN-XIV, L.Mon.Est., 336 orr.), Viana-n; Ferrando dona Maor, (1330, PN-XIV, F.Est., 241 orr.), Miranda-n.
XII menderako MAIOR: et Elvira et Maior et Tota, (1178, El gran Pr. Nav., dok. 48).
————————
324 [j] duela eta [j] gabe."
Irigoienek emandako lekuko horien garaian sortuko zen Maioregi toponimoa, Erdi Aroaren bigarren erdian, beharbada.

No hay comentarios:

Publicar un comentario