Mostrando entradas con la etiqueta Peru. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Peru. Mostrar todas las entradas

lunes, 3 de junio de 2024

Perubeltz toponimoa

 Perubeltz zen Errenteriako aurkintza bat. Lekuko bakarra ezagutzen da, XVI. mende erdiko Perubelç (1551). Lekukoa oso argia da eta bi elementuz osaturiko toponimoa da, oinarrian Peru antroponimoa, Petriren aldaera bat erromantzetik jasoa eta ondoren beltz adjektiboa, zirrenik aipatutako Peruren izengoitia. Gizon horrek Peru beltz bezala ezaguna izango zen eta izen hori jaso zuen aurkintza berea izango zen garai batean. Peru antroponimoak bizitza luzea izan du euskal lurraldean eta hipokoristiko sortzailea ere izan zen, Peruzki toponimoan dago Peruren beste hipokoristiko bat eta, Perubeltz bezala, toponimiara jauzi egin zuena.

jueves, 1 de febrero de 2024

Aitaperukoa toponimoa

 Aitaperukoa da Oñatiko baserri bat. Lekuko zaharrena da Aitaperucoa, 1857. urtekoa, Izendegi ofizialeko datuen arabera. XX. mendeko toponimo lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

AITAPERUKOA (prop.), Olabarrieta auzoa
Toponimoak lau elementu ditu, artikulua, -ko atzizkia, baina oinarrikoak interesgarrienak dira, aita hitza, praenomen erabileran eta Peru antroponimoa. Erdi Aroan ez ziren ezezagunak horrelako izendapenak eta batzuk toponimiara ere igaro ziren, Atxamiku toponimoa bezala, sarrera horretan aitaren erabilera horretaz informazio gehiago dago.
Peru da Petri antroponimoaren beste aldaera bat, erromantzetik igaroa eta horrela /tr/ taldea desegin zen. Antroponimian erabili zen eta batzuetan toponimiara ere hedatu zen, Peruzki toponimoan bezala, azken horretan Peruren hipokoristiko bat genuke.
Beraz, Oñatiko toponimo hau Erdi Aroko erabilera antroponimiko baten ondorengoa da, bakarrik ez dagoena.

sábado, 2 de enero de 2021

Jaunperobia toponimoa

 Arrasateko toponimo honek bizitza luzea izan du, lehenengo lekukoak XV. mendearen erdialdekoak direlako. Arrasateko toponimia liburuan bildurik daude toponimo honen hainbat lekuko, 229-230. orrialdeetan:


Toponimoak hainbat aldaera izan ditu, izenaren luzerak lagundua. Bi elementu izango lituzke (edo hiru), Jaunperu antroponimoa eta hobi, -a artikulua ahaztu gabe. Jaun eta Peru 'Petri' izenez osatutako antroponimoa litzateke, eta jaun praenomen bezala erabilia izango zen, ohorezko izendapena.
Aipagarria da toponimoan hobi hitza dagoela eta erdal testuetan, behin eta berriz, foya hitza aipatzen dutela, egungo gaztelaniaz hoya dena. Bi hitzak loturik daude, latineko fovea hitzean jatorria dutelako.