Aita etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Aita etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2024(e)ko apirilaren 15(a), astelehena

Txapaderne toponimoa

Txapaderne da Arabako toponimo bat, arkeologiarekin lotutakoa:

Arqueología. Yacimiento arqueológico al aire libre, en la sierra de Arkamo (Álava), cerca de la cima del monte Crucijadas, a 780 m s.n.m. Se han recogido numerosas piezas de sílex correspondientes al Calcolítico o la Edad del Bronce. Ref. «C. A. A.», 1987.
Toponimoaren bukaerak antz handia du blog honetan aztertutako beste toponimo batekin, Valdepadernarekin. Sarrera horretan Mikel Belaskoren aipua jaso genuen, Paternain toponimoaz ari zela, aztergai den toponimoarekin lotutakoak:
Menéndez Pidal cita un numeroso grupo de nombres de localidades en los que forma parte el citado nombre de persona [Paternus]: Paternoy y Paternué (Huesca), Villapadierna (León), Padierna (Asturias), Paderna (Lugo), Paterna (Almería, Huelva, Cádiz, Albacete), Padierno (Salamanca), Padiernos (Salamanca, Ávila), Paderne (Oviedo y Galicia, varios), Padiérníga (Santander), Trespaderne (Burgos) y Maderne (Santander). En Francia se encuentran Padern (Paternum en 805) y Pernes (Paternis 994) con el mismo origen.
Antroponimoa Paternus latinetik erromantzezko bilakaera jaso zuen, horregatik bokal arteko /d/. Baina toponimoak beste elementu bat izan zuen, hasierako txa- hori. Erdi Aroko antroponimian aita izena erabilia izan zen praenomen bezala, ponte izenaren aurrean, Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan azaltzen duen bezala:
20. —aita «padre»: Aytola. Puede verse en R. Menendez Pidal (Toponimia prerrománica hispana, 223 ss.) la abundancia con que aparece en documentos medievales hispánicos, especialmente castellanos, el nombre Eita (Aita), solo o generalmente precediendo a otro, así como su forma castellana Echa (Egga) y la falsa corrección Ecta (-ct- latino ha dado -ch- castellano): Eita Hoco, Eita Hacurio, Eita Azenari, Acta Fanni, Acha Vita, Eggavita Moriellez, Egga Lacine en el CSM, cf. Ama Nafarra, Ama Sarracinaz en el mismo cartulario (vasc. ama «madre»), Ama dota (= Tota, Toda), Lacarra 250.
Batzuetan toponimiara ere heldu ziren izen horiek, Atxamuño eta Atxamiku toponimoetan bezala, batean Munio antroponimoa dago eta bestean Domiku. Txapaderne toponimoan aferesia gertatu zen, hasierako bokala galdu zelako.

2024(e)ko otsailaren 1(a), osteguna

Aitaperukoa toponimoa

 Aitaperukoa da Oñatiko baserri bat. Lekuko zaharrena da Aitaperucoa, 1857. urtekoa, Izendegi ofizialeko datuen arabera. XX. mendeko toponimo lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

AITAPERUKOA (prop.), Olabarrieta auzoa
Toponimoak lau elementu ditu, artikulua, -ko atzizkia, baina oinarrikoak interesgarrienak dira, aita hitza, praenomen erabileran eta Peru antroponimoa. Erdi Aroan ez ziren ezezagunak horrelako izendapenak eta batzuk toponimiara ere igaro ziren, Atxamiku toponimoa bezala, sarrera horretan aitaren erabilera horretaz informazio gehiago dago.
Peru da Petri antroponimoaren beste aldaera bat, erromantzetik igaroa eta horrela /tr/ taldea desegin zen. Antroponimian erabili zen eta batzuetan toponimiara ere hedatu zen, Peruzki toponimoan bezala, azken horretan Peruren hipokoristiko bat genuke.
Beraz, Oñatiko toponimo hau Erdi Aroko erabilera antroponimiko baten ondorengoa da, bakarrik ez dagoena.

2018(e)ko abenduaren 14(a), ostirala

Atxamuño toponimoa

Atxamuño toponimoa Araban bada, Bernedo eta Arraia-Maeztu artean.
Lekuko gehiago eta zaharragoak, 1767. urtekoak, José Antonio González Salazar-en Montaña alavesa. Comunidades y pastores liburuan, 394. or.:
portillo de ACHAMUNIO
paso de ACHAMUÑO
portillo de ACHAMUÑO
Kontuan izanik mendi aldeko toponimoa dela, edonork uste lezake hasierako elementua atx 'haitz' dela, eta bukaerakoa muino. Biak egokiak toponimoaren kokapen geografikoa dela eta. Baina geratuko litzateke fonema bat, bokal bat azaldu gabe, atx-a-muño. Ez da oztopo gaindiezina, baina bada beste azalpen bat, arazorik gabe toponimo osoa azaltzen duena, hipotesi antroponimikoa.
Toponimoa bi elementuz osaturik izango litzateke, Atxa 'Aita' eta Munio. Lehenengoa ezaguna da, blog honetan beste bi toponimotan ere agertu delako, Atxamiku toponimoan eta Txarabitana toponimoan. Beraz, Arabako hiru toponimotan Atxa 'Aita' elementu antroponimikoa izango litzateke.
Munio antroponimoa ezaguna izan zen Erdi Aroan, baina oinarriak, beharbada, aurreko garaietan baditu. Behintzat, lehenengo milurtearen bukaeraren aldean bizirik zegoen, eta gero itzali zen.

2018(e)ko azaroaren 20(a), asteartea

Atxamiku toponimoa

Arabako toponimo honen lekuko bakarra XVIII. mende hasierakoa da eta G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa liburuan bada:
"ACHAMICU, 1704, labrantío en Adana"
Lekuko gehiago bildurik ez dagoenez, lekuko bakar honekin azterketa egin beharra dago, jakinik lekuko bakarrek eragiten duten ziurtasun eza nabarmena.
Analisi etimologikoa egiteko, toponimoa ikusi eta berehala sumatzen da bukaerako silaba, batere ohikoa ez dena eta askotan denbora urrunera eramaten duela, eta baita ere kanpoko hizkuntzetara, Mutriku toponimoa bezala.
Atxamiku toponimoak, aldiz, ez du hain bide luzerako aukera emango, izan ere, gure etimologiaren arabera, toponimoa Erdi Aroan sortuko zen.
Atxamiku izenak bi elementu izango lituzke, Atxa 'Aita' eta Domiku. Biak antroponimoak, Aita, Mitxelenak adierazi bezala, praenomen bezala erabilia izan zen, gaztelaniaz zein euskaraz. Beraz, Atxa Domiku izeneko gizon bat izan zen toponimoari izena utzi ziona. Gerora, mendeen joanetan, izena laburtu zen, ziurrenik lehenik bokalarteko /d/ galdu zen eta ondoren /o/ bokala, eta prozesu hori bukatua izango zen XVIII. menderako.
Aita izenaren erabileraren beste lekuko toponimiko bat litzateke Txarabitana, hemen aztertutako toponimoa.

2018(e)ko urriaren 30(a), asteartea

Txarabitana toponimoa

Arabako Apinaiz herriko toponimoa. Egungo aldaera Txarabitana da, hala agertzen da Cuadernos de toponimia 2 Montaña alavesa liburuaren 43. orrialdean:
"Municipio: Maestu. Toponimia de Apellaniz.
8.— Charabitana."
G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan ere egungo aldaera bada:
"CHARABITANA, heredades de Apellániz"
Eta baita ere aldaera zaharrago bat:
"ACHARABITANA, 1800, labrantío de Apellániz".
Lekuko gehiago eta zaharragoak José Antonio González Salazar-en Montaña alavesa. Comunidades y pastores liburuan, 203. or.:
"En el año 1787 se muestra el comienzo de su mojonera en la fuente del AZCARRO mientras que en el año 1647 se llama fuente de CHARAVITANA, lo mismo que en 1742 se le llama CHARAVITANA, en 1756 se escribe ACHARABITANA y en 1735 ACHABITARANA".
Aldaera guztiak lirateke Txarabitana, Atxarabitana eta Atxabitarana. Azken hau litzateke aldaera jatorrena eta analisia hortik hasi behar da. Banaketa litzateke Atxabita- + haran + -a.
Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan Atxa Bita antroponimo elkartua aipatu zuen:
"20. —aita «padre»: Aytola. Puede verse en R. Menendez Pidal (Toponimia prerrománica hispana, 223 ss.) la abundancia con que aparece en documentos medievales hispánicos, especialmente castellanos, el nombre Eita (Aita), solo o generalmente precediendo a otro, así como su forma castellana Echa (Egga) y la falsa corrección Ecta (-ct- latino ha dado -ch- castellano): Eita Hoco, Eita Hacurio, Eita Azenari, Acta Fanni, Acha Vita, Eggavita Moriellez, Egga Lacine en el CSM, cf. Ama Nafarra, Ama Sarracinaz en el mismo cartulario (vasc. ama «madre»), Ama dota (= Tota, Toda), Lacarra 250".
Atxabita antroponimoa bi izenez osaturik dago, Atxa 'Aita' eta Bita, latinezko Vita izenean oinarritua. Izen elkartuak arrakastua izan zuen, Euskal Herriaz kanpoko hainbat lekuko agertzen direlako, Donemiliaga, Cardeña eta Oñako agiri zaharretan. Tartean Valpuestako agiri batean ere bada lekuko bat, Ecta Bita, 1050. urtean, 54. agirian, nahiz eta testua Burgosko Mambliga herriko kontuez izan.
Toponimo honen bilakaera ez da oso luzea, baina nahikoa aspaldiko egitura iluntzeko, zorionez bada lekuko zahar bat, aldaketarik gabekoa, Atxabitarana. Bilakaera horrelakoa izango zen: Atxabita + haran + -a > Atxabitarana > Atxarabitana > Txarabitana. Tartean -ra- silabaren aurreratzea, eta aferesia, lehenengo bokalaren galera.