jueves, 1 de febrero de 2024

Aitaperukoa toponimoa

 Aitaperukoa da Oñatiko baserri bat. Lekuko zaharrena da Aitaperucoa, 1857. urtekoa, Izendegi ofizialeko datuen arabera. XX. mendeko toponimo lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

AITAPERUKOA (prop.), Olabarrieta auzoa
Toponimoak lau elementu ditu, artikulua, -ko atzizkia, baina oinarrikoak interesgarrienak dira, aita hitza, praenomen erabileran eta Peru antroponimoa. Erdi Aroan ez ziren ezezagunak horrelako izendapenak eta batzuk toponimiara ere igaro ziren, Atxamiku toponimoa bezala, sarrera horretan aitaren erabilera horretaz informazio gehiago dago.
Peru da Petri antroponimoaren beste aldaera bat, erromantzetik igaroa eta horrela /tr/ taldea desegin zen. Antroponimian erabili zen eta batzuetan toponimiara ere hedatu zen, Peruzki toponimoan bezala, azken horretan Peruren hipokoristiko bat genuke.
Beraz, Oñatiko toponimo hau Erdi Aroko erabilera antroponimiko baten ondorengoa da, bakarrik ez dagoena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario