Mostrando entradas con la etiqueta Semero. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Semero. Mostrar todas las entradas

lunes, 23 de junio de 2025

Zemeroia toponimoa

 Zemeroia da Donostiako baserri bat, desagertua. Joan diren azken bi mendeetako lekukoak daude Donostiako toponimian ikerlanean:

*ZEMEROIA: Semeroya (1814-1851, O.P.A., H-622, 57 v.), Semoria/ Semoriya (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Seméroya, ó Cemória (7) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Semeroya (1864, Casa de labor, N.P.G., 69 orr.), Semeroya (1975, caserío, S.S.D., 282 orr.); Zemoriya, Zemoria, Semoriya (1989, D.U.T.B.). 64-6-1, M.

Cemoriya (1840, playa de, D.U.A.-D-9-II-1956-7), Cemoriya (1887, punto, D.U.A.-D-16-1990-4243).
Lekuko zaharrenetan <s> nagusi da eta ziurrenik txistukaria horixe zen, <z> grafia hiperzuzenketa izan liteke. Toponimoak bi elementu izango zituen, artikulua zenbatu gabe. Blog honetan aztertutako toponimo gehienak ez bezala, bukaerakoa da ilunena, oinarrian antroponimo bat dagoelako, Semero, euskal jatorrikoa eta Semeronea eta Semerola toponimoetako oinarria dena. Lehenago esan bezala, bukaerakoa -oi- da, oi hitzaren homofonoa baina alde semantikotik onartezina. Baina hitz hori ziurrenik da hobi izenaren aldaera bat, gerora lexikalizatu zena, adiera bereizi batean. Hala bazen, egitura Semero + hobi + -a litzateke, hasieran *Semerobia izango zen baina gero bokalarteko ezpainkari ahostuna galdu eta ezaguna den Semeroia sortu zen. Egitura hori, PI + hobi ez da ezezaguna euskal toponimian, horrelakoak dira blog honetan aztertutako Lopesantxesobia eta Jaunperobia toponimoak.
Bidebatez, bitxikeria bat Semero antroponimoaz, Ibarguen-Cachopín Kronikakoa, Julen Arriolabengoak argitaratua, antroponimo hori oraindik, XVI. mende bukaeran ez zen ezezaguna eta garaiko etimologia bat eman zuten, okerra dena baina interesgarria, 163. or.:
Semero: "oviera por hijo a don Semero. E lo llamara Seme Ero, que quiere dezir 'fijo loco', porque todos sus aberes daba a los onbres lidiadores" (I: 506).

lunes, 28 de octubre de 2024

Semoroa toponimoa

Semoroa da Ataungo baserri bat. Euskaltzaindiaren web-gunean Ataungo toponimia sailean Semoroa toponimoa dago eta baita ere toponimo eratorri batzuk, Semorobarruti, Semorobarrutiko oilategi-oroia, Semoroko egileor-oroia eta Semorotxikioroia. Guztiak nahiko berriak dira eta interes handiena duena Semoroa bera da:

Semoroa
Semoroa: (= la casa de Semoro o Semoroiz). 1528 “Miquela de Semoroiz” en Echarri Aranaz. 1596, casa “Semoroitegui”. 1609 “casa llamada Semoroiz”. 1641 “Semorozessea”.
    Izaera: etxea
    Kokalekua: Kiñu zearra
    Erreferentzia: 12. karp. 354. zk. 5555 erreg.
Lekuko zaharrena Semoroitegui da, baina ziurrenik, hurrengo beste bi lekukoak kontuan hartuz, *Semoroiztegui izango zen. Hurrengo beste lekukoak dira "casa llamada Semoroiz" (1609) eta Semorozessea (1641). Nabaria da toponimoa mende horretan finkatu gabe zegoela, batean -tegi, bestean ezer ez eta azkenean etxe erabili zirelako. Semoroiz, aldiz, argia da eta eta lekuko hauetan iraunkorra, nahiz eta ezberdintasun batzuk agertu. Semoroiz patronimikoa litzateke, toponimo bihurtua eta oinarrian Semero antroponimoa izango zen. Semero izena beste bitan ikertu da blog honetan, Semerola eta Semeronea  toponimoetan.
Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian Semero antroponimoaren gaineko informazioa dago eta lekuko zaharrenak hauek dira:
semero berascoiz (1000-1100 [1881])
jaun semero de gorriz (1109 [1881])
azari et sanso semeroiz (1111 kop. [1968, 1990])
Azkena patronimikoa da eta Semeroiz dago eta Ataungo Semoroiz, bokal asimilazio baten ondorengoa da: e-o > o-o.
Egungo izena, Semoroa, aldatu zen, patronimikoaren atzizkia galdu zuen eta artikulua gehitu. Hau bitxia da eta beharbada toponimoaren finkapen ezak lagunduko zuen, baina XVII. mendeko lekuko gehiago ez dago eta ezin jakin aldaketa noiz izan zen.

viernes, 9 de agosto de 2024

Semeronea toponimoa

 Semeronea da Hondarribiko baserri bat. Izendegi ofizialeko lekukoak XX. mende bukaerakoak dira:

ZEMEONIA (1992)
semeonea (1993)
Semeronea (1993)
Ohikoa denez, aukeratu duten aldaera osoena da eta hori da azterketa etimologikoa egiteko onena. Toponimoaren bukaeran -(r)en eta artikulua daude, etxe izenetan ohikoa den bezala. Oinarrian antroponimo bat izan ohi da eta Hondarribiko toponimo honetan Erdi Aroko Semero dago. Semerola toponimoaren sarreran lekuko zaharrenak daude eta izenaren azterketa.

miércoles, 26 de junio de 2024

Semerola toponimoa

 Semerola da Aiako baserri baten izena. Toponimoaren lekuko zaharrena XIX. mendearen erdialdekoa da, Semerola (1857). Azken hamarkadetako ahozko aldaera Semeola da, bokalarteko /r/ galdu dela. Hau fenomeno arrunta da, batez ere ahozko hizketan, beharbada aldaketa hau erraztu da herri etimologiagatik, horrela, dauden bi elementuak oso argiak dira, seme eta ola 'etxola; burdinola', oso arrunta toponimian.
Lekuko zaharrenetan Semerola denez, hau da hobesteko aldaera eta hortik abiatu behar da analisi etimologikoa. Toponimoak bi elementu izan ditzake, azkena ola, baina oinarrikoa ez litzateke seme izen arrunta izango, nahiz eta lotura izan. Erdi Aroan izan zen antroponimo bat, Semero, lekukotza zaharra duena:

semero berascoiz (1000-1100 [1881])
jaun semero de gorriz (1109 [1881])
azari et sanso semeroiz (1111 kop. [1968, 1990])
Antroponimo honen jatorriari dagokionez, bi dira proposatutako jatorriak, Mitxelenaren arabera, Semeno antroponimotik sortua izango zen, bere Fonética histórica vasca tesian azaldu zuen bezala:
[...]
En arima 'alma', de anima, acaso por intermedio de *alima, hay disimilación de nasalidad, como en med. Semero, patr. S[e]meroyz, frecuente en Navarra, de Semeno, Semeno(n)is
[...]
Irigoenen arabera, -ro atzizkia erabiliz sortua izango zen, De re philologica linguae vasconicae IV, 228. or. (5. oin oharra):
[...]
Aioro formak Aio pertsona-izena duke oinarrian, geroago -ro berrekailua itsatsi zaiola, Seme / Xeme euskal jatorrikoak -no eta bere aldagarriak dituen bezala, eta femeninorako -na, eta inoiz -ro ere bai, Semero eginik, eta femeninorako Semera
[...]