lunes, 23 de junio de 2025

Zemeroia toponimoa

 Zemeroia da Donostiako baserri bat, desagertua. Joan diren azken bi mendeetako lekukoak daude Donostiako toponimian ikerlanean:

*ZEMEROIA: Semeroya (1814-1851, O.P.A., H-622, 57 v.), Semoria/ Semoriya (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Seméroya, ó Cemória (7) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Semeroya (1864, Casa de labor, N.P.G., 69 orr.), Semeroya (1975, caserío, S.S.D., 282 orr.); Zemoriya, Zemoria, Semoriya (1989, D.U.T.B.). 64-6-1, M.

Cemoriya (1840, playa de, D.U.A.-D-9-II-1956-7), Cemoriya (1887, punto, D.U.A.-D-16-1990-4243).
Lekuko zaharrenetan <s> nagusi da eta ziurrenik txistukaria horixe zen, <z> grafia hiperzuzenketa izan liteke. Toponimoak bi elementu izango zituen, artikulua zenbatu gabe. Blog honetan aztertutako toponimo gehienak ez bezala, bukaerakoa da ilunena, oinarrian antroponimo bat dagoelako, Semero, euskal jatorrikoa eta Semeronea eta Semerola toponimoetako oinarria dena. Lehenago esan bezala, bukaerakoa -oi- da, oi hitzaren homofonoa baina alde semantikotik onartezina. Baina hitz hori ziurrenik da hobi izenaren aldaera bat, gerora lexikalizatu zena, adiera bereizi batean. Hala bazen, egitura Semero + hobi + -a litzateke, hasieran *Semerobia izango zen baina gero bokalarteko ezpainkari ahostuna galdu eta ezaguna den Semeroia sortu zen. Egitura hori, PI + hobi ez da ezezaguna euskal toponimian, horrelakoak dira blog honetan aztertutako Lopesantxesobia eta Jaunperobia toponimoak.
Bidebatez, bitxikeria bat Semero antroponimoaz, Ibarguen-Cachopín Kronikakoa, Julen Arriolabengoak argitaratua, antroponimo hori oraindik, XVI. mende bukaeran ez zen ezezaguna eta garaiko etimologia bat eman zuten, okerra dena baina interesgarria, 163. or.:
Semero: "oviera por hijo a don Semero. E lo llamara Seme Ero, que quiere dezir 'fijo loco', porque todos sus aberes daba a los onbres lidiadores" (I: 506).

No hay comentarios:

Publicar un comentario