Mostrando entradas con la etiqueta Zentol. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Zentol. Mostrar todas las entradas

viernes, 19 de diciembre de 2025

Zentoliturri toponimoa

 Zentoliturri zen Errenteriako toponimo bat, lekuko gehienek 50 urte baino ez dute hartzen, XVIII. eta XX. mendeen artean:

1787     Zentoliturri
1814     Centoliturri
1826     Centoliturri
1826     Centoliturri
Geratzen da berriena, Zontoliturri, Luis Maria Mujikak jasoa bere Gipuzkoako toponimoen bilketa erraldoian, XX. mendearen bukaeran. Argi dago bokal asimilazioa gertatu dela, bigarrenak lehena asimilatu zuelako. Dirudienez, lekuko gehiago ez dago, beharbada ez da gure egunetaraino heldu baina dauden datuekin etimologia eman daiteke zalantzarik gabekoa. Toponimoak bi elementu izan zituen, bukaeran iturri izena eta oinarrian Zentol antroponimoa. Errenterian bertan badago antroponimo honekin sortutako toponimo bat, Zentolenea. Toponimo honen sarreran Zentolen gaineko informazio gehiago.

miércoles, 12 de noviembre de 2025

Zintururi toponimoa

 Zintururi da Etxebarriko auzo bat. Informazio gehiago agertzen da Asier Bidarten Etxebarriko toponimia liburuan, 86. or.:

Ikus daitekeenez, lekuko zaharrik ez du, zaharrena 1930-32. urteetakoa baita, Cintuduri forma duela. Gerora Cinturi (1951) eta Zintururi (1958) aldaerak hartu izan dira, baita Zintzuri (1978) ere.
Aldaerak kontuan izanik, aldaera jatorrena Zintuduri izan daiteke, Zintururi ahaztu gabe. Ezin da ahaztu toponimoak, gutxienez, bazeukan 500 urte baino askoz gehiago lehenengo lekukoak bildu arte. Beraz, aldaketarako aukera handia izan da. Dena den, oraindik -uri bukaera agertzen da. Aipatzeko beste bi ezaugarri baditu toponimo honek, izenaren bokal guztiak altuak direla, eta horrek adieraz dezake asimilazio joera indartsua izan dela eta bokaletan aldatzeko aukera kontuan hartu beharra dagoela. Bestetik, /nt/ fonema bikotea ez da batere ohikoa eta horrek, bokalekin ez bezala, ezaugarri zaharraren aztarrena erakuts dezake. Beraz, ZVntVr- formako antroponimoa bilatu beharra dago, jakinik r-r > d-r bilakaera gerta zitekeela. Izen egokiena zalantza handirik gabe, Zentol izan daiteke, Erdi Aroan izen ezaguna, Centullus latinaren ondorengoa.
Zentol antroponimoaren lekuko batzuk, Colección Diplomática del Concejo de Segura (Guipúzcoa) (1290-1500). Tomo II (1401-1450) liburutik jasoak: 
Çentol, carneçero, 90. agirian, 1401. urtean 
Pero Çentol de Masquiaran, 94. agirian, 1402. urtean
Çentol de Asesayn, 94. agirian, 1402. urtean
Lope Çentol de Yraegui, 145. agirian, 1426. urtean 
Pero Çentol de Bicunna, 149. agirian, 1426. urtean
Çentol Peres d'Oria, escrivano del Rey, 165. agirian, 1433. urtean
Proposatutako analisia zuzena balitz, Zentol + huri genuke toponimoaren egitura, oinarriaren bi bokalak aldatuko ziren, eta, beharbada hasierako *Zentol(h)uri aldatuko zen, *Zentoruri bihurtuz. Gero r-r > d-r disimilazioa gertatuko zen, Arrankudiaga toponimorako susmatu bezala. Egungo Zintururi beharbada Zintuduriren aldaera berantiarra izan liteke, baina hau ez da nahitaezkoa. Bokaletan asimilazioa gertatu da, huri elementuaren eraginez ziurrenik. Hala ere, Centullo erdal aldaera ezaguturik, *Zentul izatea ez litzateke ezinezkoa, baina ez beharrezkoa.

miércoles, 15 de diciembre de 2021

Zentolenea toponimoa

 Zentolenea da Errenteriako baserri bat, badu toponimo eratorri bat, Zentolenberri, baserria dena eta baita hilerria ere.
Errenteriako Udalaren web-gunean bi toponimoak agerten dira, eta lekukotza ugaria ere ematen dute, Zentolenea toponimoaren zaharrenak:

1786     Centolenea           APO
1794     Centolenea           AME A/1/113
1808     Centolenea           JIJCO
1819     Centolenea           AME C/7/II/1/1
1828     Centolenea           AME B/6/1/4
Askoz gehiago badira, ia beti izen bera dago, baina salbuespen gutxi batzuk badira, XIX. mendearen bukaeran Centonenea behin baino gehiagotan agertzen da. Dirudienez, asimilazioaren ondorioa da, l-n > n-n, baina aldaera ez zen nagusitu eta gerora ez da berriz agertu.
Zentoleneaberri toponimoaren lekukotza oso txikia da, lekuko bakarra baino ez dago:
1990     Zentolenea Berri baserria
Ziurrenik neotoponimoa da, azken hamarkadetan sortutakoa. Horren berritasunak berri izenondo ematen dio, Errandoberri toponimoan gertatuko zen bezala.
Zentolenea askoz zaharragoa da, baina izena ez da ia aldatu. Toponimoak hiru elementu ditu, Zentol antroponimoa, eta -(r)en + -a, jabetza adieraztekoak.
Egun ez da batere ohikoa Zentol, baina Erdi Aroan ezaguna izan zen eta litekeena da mende batzuk ondoren ere irautea. A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz nola eman liburuan lekuko zahar batzuk aurkeztu zituen:
3.327. SENTOL, ÇENTOL: Pero Gil, fijo de Sentol, (1366, PN-XIV, F.Est., 600 orr.), Vxanavilla-n; Johan Çentol, (1350, PN-XIV, L. Mon.Est., 360 orr.), Mues-en; Pascoal Çentol, (1366, PN-XIV, F.Est., 607 orr.), Esteilla-n.
Zentol antroponimoak utzitako lekukotza ez da oso handia, baina Zentolenea toponimoak corpus hori handitzen laguntzen du.