miércoles, 12 de noviembre de 2025

Zintururi toponimoa

 Zintururi da Etxebarriko auzo bat. Informazio gehiago agertzen da Asier Bidarten Etxebarriko toponimia liburuan, 86. or.:

Ikus daitekeenez, lekuko zaharrik ez du, zaharrena 1930-32. urteetakoa baita, Cintuduri forma duela. Gerora Cinturi (1951) eta Zintururi (1958) aldaerak hartu izan dira, baita Zintzuri (1978) ere.
Aldaerak kontuan izanik, aldaera jatorrena Zintuduri izan daiteke, Zintururi ahaztu gabe. Ezin da ahaztu toponimoak, gutxienez, bazeukan 500 urte baino askoz gehiago lehenengo lekukoak bildu arte. Beraz, aldaketarako aukera handia izan da. Dena den, oraindik -uri bukaera agertzen da. Aipatzeko beste bi ezaugarri baditu toponimo honek, izenaren bokal guztiak altuak direla, eta horrek adieraz dezake asimilazio joera indartsua izan dela eta bokaletan aldatzeko aukera kontuan hartu beharra dagoela. Bestetik, /nt/ fonema bikotea ez da batere ohikoa eta horrek, bokalekin ez bezala, ezaugarri zaharraren aztarrena erakuts dezake. Beraz, ZVntVr- formako antroponimoa bilatu beharra dago, jakinik r-r > d-r bilakaera gerta zitekeela. Izen egokiena zalantza handirik gabe, Zentol izan daiteke, Erdi Aroan izen ezaguna, Centullus latinaren ondorengoa.
Zentol antroponimoaren lekuko batzuk, Colección Diplomática del Concejo de Segura (Guipúzcoa) (1290-1500). Tomo II (1401-1450) liburutik jasoak: 
Çentol, carneçero, 90. agirian, 1401. urtean 
Pero Çentol de Masquiaran, 94. agirian, 1402. urtean
Çentol de Asesayn, 94. agirian, 1402. urtean
Lope Çentol de Yraegui, 145. agirian, 1426. urtean 
Pero Çentol de Bicunna, 149. agirian, 1426. urtean
Çentol Peres d'Oria, escrivano del Rey, 165. agirian, 1433. urtean
Proposatutako analisia zuzena balitz, Zentol + huri genuke toponimoaren egitura, oinarriaren bi bokalak aldatuko ziren, eta, beharbada hasierako *Zentol(h)uri aldatuko zen, *Zentoruri bihurtuz. Gero r-r > d-r disimilazioa gertatuko zen, Arrankudiaga toponimorako susmatu bezala. Egungo Zintururi beharbada Zintuduriren aldaera berantiarra izan liteke, baina hau ez da nahitaezkoa. Bokaletan asimilazioa gertatu da, huri elementuaren eraginez ziurrenik. Hala ere, Centullo erdal aldaera ezaguturik, *Zentul izatea ez litzateke ezinezkoa, baina ez beharrezkoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario