Mostrando entradas con la etiqueta Zuri. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Zuri. Mostrar todas las entradas

viernes, 26 de marzo de 2021

Fraiskozurikoa toponimoa

 Antzinako Bergarako etxe bat zen, lekuko bakarra dago, 1836. urtekoa, Fraiskozurikua bezala jasoa:

"[etxea] comunmente llaman de Fraiscozuricua, sita con sus heredades en la calle de Arruriaga abajo de esta dicha villa"
Toponimoak lau elementu lituzke, azken biak atzizkiak, -ko eta -a, artikulua. Hasierako biak etxeari izena emango zion antroponimoa lirateke, Fraisko 'Frantzizko' eta zuri. Azken hau ez da ezezaguna, Andrazuri toponimoan andra + zuri izango genukeelako. Fraisko izenak aldaketa batzuk jasan ditu, hasiera Frantzisko izango zelako, batetik txistukari disimilazioa, bietatik bakarra geratu zelako, fenomeno ezaguna, esaterako, Antso euskal izena Santso-ren egokitzapena delako. Ondoren, bokal arteko sudurkaria galduko zen, Jaolatza toponimoan bezala, 1448. urtean Jaunsolaza zelako. Izen honetan ere txistukari disimilazioa gertatu zen. Bokal arteko sudurkari horren galera berantiarra litzateke, XV. mendeko Jaunsolaza lekukoa kontuan harturik eta horrek azalpena eskatzen du, mota horretako beste galera bat toponimian ezaguna da, Lemoa/Lemona bezalako leku izenetan gertatu dena, hain zuzen.

sábado, 16 de febrero de 2019

Andrazuri toponimoa

Andrazuri toponimoa Oñatikoa da, Gipuzkoakoa. Lekuko zaharrik ez bada ere, egitura erraz antzematen da, andra 'andre' eta zuri. Baina ez da izen arruntez osaturik, ziurrenik *Andrazuri antroponimoa bazen, kontuan izanik Andrezuri ere bazela. A. Irigoienek, bere Pertsona izenak euskaraz liburuan erakusten duen bezala:
"4.21. ANDRE ZURIA, ANDREÇURIA, emakume-izenak: Andre Zuria, (1190 inguruan, El gran Pr. Nav., dok. 65); Semero de Andreçuria, (1247, El gran Pr. Nav., dok. 315); Eximinus de Andreçuria, (1250, El gran Pr. Nav., dok. 331). Ikus ÇURIA hirugarren zerrendan."
Irigoien nafar lekukoez baliatu zen, baina beste eskualdeetako agirietan ez da *Andrazuri bezalakorik agertu. Bi elementuak hitz arruntak baziren ere, antroponimo bezala ere ezagunak dira, Andre eta Zuri. Horrela ulertu behar da Oñatiko toponimoa, antroponimo batez osatua.