lunes, 9 de mayo de 2022

Irastortza toponimoa

 Irastortza Gipuzkoako toponimoa da, Oiartzunen baserria da, baita Antzuolan ere. Azkenik, Zalbidian badira Irastortzabekoa eta Irastortzagoikoa izeneko baserriak.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko batzuk daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, Zadibikoak:

*IRASTORZA BEKOA (prop.)
IRASTORZA TXIKI (prop.)
Oiartzungo baserria ere aipatzen du:
IRASTORZA (en ruinas), Arragua ballara
Irastortzaren lekuko zaharrenak Erdi Arokoak dira, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren 8. agiria, 1399. urtean agertzen dira bi gizon, Irastortza deitura dutenak:
Lope de Yrastorza
[...]
Juan de Yrastorza
Toponimoan iraztortza hitza genuke, hitz eratorria, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan azaldua:
331. — iraztor «helechal» (guip. iñastor «helecho»), derivado de ira, iratze: irastorza.
Hitz elkartu honen oinarrian iraztor izena dago eta ondoren -tza atzizkia, toponimoan ugaritasun esanahia duena:
iraztortza.
irastortza, iraztortz.
Helechal. v. 1 iraztor (3).
Zelai ta iraztorzen azal gaiñean sortutako lañoak. Lh Yol 168. Mardul zegon irastortza. "Helechal". Or Eus 329. Iraztortz eta otegiz aberatsago ezinez. "Fougeraies". Ardoy SFran 32s.
Hitz honen lehenengo lekukoa XX. mendekoa da, 1921. urteko Lhanderen eleberrikoa. Beraz, 522 urte lehenagokoa litzateke Ataungo agirikoa. Horretaz, gain, iraztor izenaren lehenengo lekukoa XVII. mendearen erdialdekoa da eta horrela, iraztor izenaren lekuko zaharrena 250 urtez aurreratuko litzateke.

viernes, 6 de mayo de 2022

Kastora eta Kastoramendi toponimoak

 Toponimo hauei buruzko informazio guztia Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua izan da:

CASTORA, término de Sendadiano.
CASTORAMENDI, 1876, labrantío de Luzuriaga.
GASTORAMENDI, término de mojonera del despoblado de Ullíbarri.
Bi dira aztertzeko toponimoak, Kastora eta Kastoramendi. Gastoramendiri buruz, dirudienez, Luzuriaga inguruan Ullibarri izeneko leku despopulatu bat zegoen eta horrek esan nahiko luke Kastoramendi eta Gastoramendi toponimo beraren aldaerak direla. Azken izen honetan hasierako herskaria ahostundu da, arrazoi ezagunik gabe.
Bi toponimo hauetan Kastora antroponimo emakumezkoa oinarria izango zen, batean antroponimo hutsa toponimo bihurtua eta bestean, azken elementua mendi izena litzateke.
Kastora antroponimoa ezaguna izan zen Araba aldean, eta izenaren lekukoak jaso dira Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak, XVI. mendetik hona jasoak eta horien bitartez Kastoraren lekukoak bildu dira:

Lekukotza ez da handia eta berankorra da, XVIII. mendekoa, baina argi geratzen da Araban erabilia izan zela.

Matxikorta toponimoa

 Matxikorta da Oñatiko baso baten izena.
Lekuko zaharrik ez dago baina izena analiza daiteke, nahiz eta oinarriko antroponimoa ezin ziurtatu. Bigarren eta azken elementua korta hitz ezaguna da, baina hasierakoa Matxi antroponimoa izan daiteke edo Matxiko, beraz, aukerak hauek dira: Matxi + korta > Matxikorta, eta Matxiko + korta > *Matxikokorta > Matxikorta. Bi antroponimoekin ondorio bera izango genuke, baina batean haplologia gertatuko zen, hau da, bi silaba berdinak edo oso antzekoak elkarren ondoan jartzen direnean bat bakarra geratzen da.
Matxi zein Matxiko ezagunak dira Erdi Aroko euskal antroponimian, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuaren 63. orrialdean aipatuak dira:

Martin, Martingo, Martinko, Marti, Martiko, Matiko -> Matxin, Matxingo, Matxinko, Matxi, Matxiko. Hemen ez dakit tartean Mattin-en moduko bat egon den ala ez. Lekukotasunak: Machin de Sent Per (Donaz., 1353, Goih., 1966: 153), Machin de Suscun (Suh., 1353, ibid., 163), «Machin, el capero», Machin Hindirguo (Done., 1366, LPN, 529), Machin d’Aoz, Machin de Bera (1359, MD, 1971, 81), Machi d’Ozte(t) (Hozta, 1378, Goih., 1966: 219 = Martin d’Ozte(t), Machin d’Ozte(t), Machico d’Ozte(t)...
Matxiren jatorria Marti izenean dago, Matxinen jatorria Martin izenean dagoen bezala. Matxiko izenaren azken elementua -ko atzizkia da, hipokoristikoak ere sor ditzakeena. Matxiko toponimian ere bada, Matxikobaso toponimoan adibidez, baina Matxikorta bestelakoa da, beharbada Oñatiko historian arakatuz, toponimoa hobeto uler liteke, eta oinarriko antroponimoa zehaztu.

miércoles, 4 de mayo de 2022

Ibeltzaldeko iturria toponimoa

 Ibeltzaldeko iturria da Asteasuko iturburu bat.
Lekuko zaharrik ez dago, baina analisia nahiko gardena du, alde batetik iturri izen arrunta eta gainontzekoaz, -ko atzizikiaz gain, Ibeltzalde toponimoa izango genuke. Azken honek bi elementu izan ditzake, edo hiru. Azkena alde hitza genuke eta aurreko aldean ibeltz-, ur + beltz izan daitekeena. Ur hitzaren eratorrietan u(h)- bezala agertzen da, Uarkape toponimoan uharka dago, esaterako. Gutxitan i- aldaera hartzen du, Iberondo toponimoan, ur + bero + ondo bezala analiza daitekeena. Beraz, Ibeltzalde toponimoa eskema ezagun batean dago eta alde horretatik ez zen oztoporik hemen aurkeztutako izango analisi honetarako.

Matxikobaso toponimoa

Matxikobaso da Durango eta Iurretako pinudi baten izena.
Toponimoak lekuko zaharrik ez du baina, aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, analizatzeko ez da zaila. Bi elementu daude, Matxiko antroponimoa eta baso izen arrunta.
Matxiko hipokoristikoa da, Matxi 'Martin' + -ko egitura duena. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuaren 63. orrialdean aipatua da:

Martin, Martingo, Martinko, Marti, Martiko, Matiko -> Matxin, Matxingo, Matxinko, Matxi, Matxiko. Hemen ez dakit tartean Mattin-en moduko bat egon den ala ez. Lekukotasunak: Machin de Sent Per (Donaz., 1353, Goih., 1966: 153), Machin de Suscun (Suh., 1353, ibid., 163), «Machin, el capero», Machin Hindirguo (Done., 1366, LPN, 529), Machin d’Aoz, Machin de Bera (1359, MD, 1971, 81), Machi d’Ozte(t) (Hozta, 1378, Goih., 1966: 219 = Martin d’Ozte(t), Machin d’Ozte(t), Machico d’Ozte(t)...

lunes, 2 de mayo de 2022

Zeladoste toponimoa

 Zeladoste da Laudioko etxe baten izena, Aretako auzoan dagoena.
Ez dago lekuko zaharrik eta toponimoaren iturri bakarra da Laudioko mapa toponimikoa:

Zeladoste izenaren analisia posiblea da eta hemen emango den interpretazioa lekuko bakar honetan oinarritua dago. Aldaketa ezezagunik gertatuz gero, etimologia aldatu beharko litzateke.
Toponimoak bi elementu lituzke, bukaerakoa oste da 'atzeko aldea', sartaldeko hitza. Hasierako izena zelata da, Zelataun toponimoan dagoen hitz bera, baina zelada aldaera erromantzatua erabiliz. Euskal testuetan ez dagoen arren, ezaguna izango zen inguru horretan. Arabako erdal eremuko toponimian ezaguna zen, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan lekuko toponimiko batzuk daude:
CELADA (La...), 1724, labrantío de Los Huetos.
CELADAS, 1706, labrantío de Ribabellosa. 1748, íd. de Salcedo.
CELADILLA (La...), 1828, labrantío de Santa Cruz del Fierro.

Matxitena toponimoa

 Matxitena da Abadiñoko Mendilibarbeaskoa baserriaren beste izena.
XVIII. mende bukaerako lekuko bat dago Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Machitena [N, TO]
Machitena (la caseria de) [Muncharaz (cofradia de)], Abadiano, a.1796, FogVizcayaMs.
Toponimoaren oinarrian antroponimo bat dago, Matxite, eta bukaeran etxe izenetan ohikoak dira -(r)en eta -a.
Matxiteren Erdi Aroko lekuko batzuk daude P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuaren 195. or.:
Matxite (Matxi): Machite (Aranatz, 1366, LPN, 570), Machite de Berastegui (NB, 1368, Goih., 1966: 364), Machite d’Iraçu (Ziz., 1391, Roldán, 1991, 33, 82. or.), Machite de Aguiregui (Sak., 1407, Crespo et al., 1996, 65, 25. or.), Machyte de Olalde (Deba, 1436, Her. & Bar., 2006, 34, 122. or.).
Beraz, Abadiñoko toponimo hau Matxite antroponimoaren lekuko toponimiko bat da, eta Matxiteren erabilera eremua Bizkairaino zabaltzen du.