viernes, 6 de mayo de 2022

Matxikorta toponimoa

 Matxikorta da Oñatiko baso baten izena.
Lekuko zaharrik ez dago baina izena analiza daiteke, nahiz eta oinarriko antroponimoa ezin ziurtatu. Bigarren eta azken elementua korta hitz ezaguna da, baina hasierakoa Matxi antroponimoa izan daiteke edo Matxiko, beraz, aukerak hauek dira: Matxi + korta > Matxikorta, eta Matxiko + korta > *Matxikokorta > Matxikorta. Bi antroponimoekin ondorio bera izango genuke, baina batean haplologia gertatuko zen, hau da, bi silaba berdinak edo oso antzekoak elkarren ondoan jartzen direnean bat bakarra geratzen da.
Matxi zein Matxiko ezagunak dira Erdi Aroko euskal antroponimian, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuaren 63. orrialdean aipatuak dira:

Martin, Martingo, Martinko, Marti, Martiko, Matiko -> Matxin, Matxingo, Matxinko, Matxi, Matxiko. Hemen ez dakit tartean Mattin-en moduko bat egon den ala ez. Lekukotasunak: Machin de Sent Per (Donaz., 1353, Goih., 1966: 153), Machin de Suscun (Suh., 1353, ibid., 163), «Machin, el capero», Machin Hindirguo (Done., 1366, LPN, 529), Machin d’Aoz, Machin de Bera (1359, MD, 1971, 81), Machi d’Ozte(t) (Hozta, 1378, Goih., 1966: 219 = Martin d’Ozte(t), Machin d’Ozte(t), Machico d’Ozte(t)...
Matxiren jatorria Marti izenean dago, Matxinen jatorria Martin izenean dagoen bezala. Matxiko izenaren azken elementua -ko atzizkia da, hipokoristikoak ere sor ditzakeena. Matxiko toponimian ere bada, Matxikobaso toponimoan adibidez, baina Matxikorta bestelakoa da, beharbada Oñatiko historian arakatuz, toponimoa hobeto uler liteke, eta oinarriko antroponimoa zehaztu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario