martes, 15 de mayo de 2018

Illordu toponimoa

Arabako lurraldeko Arbulu izeneko herrian bada edo bazen Illordu toponimoa. Iturri bakarra Gerardo Lopez de Gereñuren lana da, Toponimia alavesa liburuan, Arabako toponimoen bilketa erraldoia dena, eta han agertzen da: "ILLORDU, término de Arbulo".
Lopez de Gereñuk ez zuen datarik jarri, beraz, bere garaian bildutakoa izan liteke, hau da, XX. mende erdialdean. Lekuko bakarra denean gutxieneko kontua behar da, are gehiago zaharra ez bada. Alde batetik kopiaketa edo entzuketa arazoak izan zitezkeen, eta bestetik, toponimoa sortu zenetik bildu arte mendeak joan ziren eta tartean toponimoak aldaketak jaso zitzakeen. Beraz, segurtasun handiagoa izateko lekuko gehiago beharrezkoak dira, eta hobe zaharrak balira.
Etimologiari dagokionez, blog honetan atertutako Illordo toponimo gipuzkoarraren jatorri bera izan dezake, Illurdo, Erdi Aroko antroponimoa. Illordo bezala, antroponimo soila izango litzateke toponimoa, bestelako gehigarririk gabe, ez atzizkirik edo beste elementurik. Hau, dena den, ez da ezohikoa, blog honetan badira antroponimo hutsak toponimo bihurtuak, adibidez Dornaku, Esuste edo Kimera, gutxi batzuk aipatzearren.
Toponimoak jatorri hori izanez gero, aldaketa bakarra jaso zuen Illurdo > Illordu, bokal metatesia. Aldaketaren arrazoia ez da ezagutzen, beharbada herri etimologia? Illurdo ez zen ulergarria garaiko euskaldunentzat, baina Illordu aldiz, hil + ordu bezala uler zezaketen, bitxia toponimo baterako, baina behintzat esanguratsua, Illurdo ez bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario