sábado, 14 de julio de 2018

Kaskonategi toponimoa

Arrasateko baserri izena, Musakola auzokoa. Onomasticon 15: Arrasateko toponimia liburuan ageri da toponimo horri buruko informazioa, 276. orrialdean eta hurrengoetan. Horren arabera, lehenengo lekukoak XV. mendekoak dira, 1475. urtekoak biak Casconategui eta Gasconategui bezala idatziak, zelai bat izendatzeko. Hurrengo mendeko lekukoak baserria aipatzen hasten dira. Lekuko guztiek k- dute hasieran, 1475.eko Gasconategui izan ezik.
Analisi etimologikoa egiteko, bi elementuz osaturik dago, bata kaskona- eta bestea -tegi atzizki ezaguna, Telutegi toponimoan ageri dena, adibidez. Gasconategui aldaerak erakusten du lehenengo zatia gaskona- lotu ahal dela gaskoi izenarekin, zuzenago, bere gaztelaniazko aldaera emakumezkoarekin, gascona hitzarekin.
Erdi Aroko onomastikan Gascon ez da izen ezezaguna, Iratxeko agirietan badago Gascon: Guillelmo Gascon de Stella, 152; Domingo Gascon, 231. Baita Gasconus aldaera latinizatua ere: dompnus Gasconus de Muriel, 146.
Gascon antroponimoak ezagutu al zuen emakumezko aldaerarik, *Gascona izan zitekeena? Badirudi aztertutako testuetan ageri ez dela.
Bi aukera daude gaskona- azaltzeko, nahiz eta biak jatorri berekoak izan, Gaskoiniako jatorriaren adierazle. Izan zitekeen gascona erdal hitza, jatorria azaltzeko zena, edo *Gascona antroponimoa, beharbada inoiz izan ez dena.
Aukera bat egitekotan, etnonimoari lehentasuna eman behar zaio. Emakume bat gaskoi jatorrikoa zena edo beste arrazoiren batengatik gaskona deitua eta hortik toponimoa jaio zen.
Hitz hasieran dagoen diferentzia txikia k/g erraz azaltzekoa da, bigarren silabako belare ahoskabeak lehenengoa asimilatu eta ahoskabe ere bihurtu zen: g-k > k-k. Gaskoi hitzaren aldaeren artean badira kaskoi eta kaskoin, hasiera ahoskabea dutenak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario