Arrasateko toponimo honen informazio osoa, eta urria, Onomasticon 15: Arrasateko toponimia liburuan ageri da, 279. orrialdean. Lekuko bakarra dago, ahoz bildutakoa. Beraz XX. mendeko lekukoa litzateke.
Erdi Aroan bazen antroponimo germaniar bat, Leodegundia. Euskal Herrian bildutako antroponimo honen lekukoek hiru aldaera erakusten dituzte: Leguntia, Legundia eta Leundia. Donemiliaga Kukulako kartularioan bada domna Leguntia Esceverrianensis, 279, 1053. urtean. Legundia Leireko agirien artean bada: dompna Legundia de Javerri, 121. Azkenik, Leundia aldaeraren lekuko ezagun bakarra: Leundia de Gorrauz, 231, 1141. urtean. Iruñeko katedraleko agiri bilduman.
Kontuan izanik Leundia aldaera, hau izan zitekeen Leundia toponimoaren sortzailea. Ez zen inolako aldaketaren beharrik. Gainera, antroponimoa erabilia izan zen duela ia milurtea, beraz toponimoa sortuko zen garai hartan edo lehenago. Gerora, mende batzuetara, antroponimoa ez zen gehiago erabiliko.
Toponimo honek, beste askok bezala, iraupen luzea erakusten du, nahiz eta herri izena ez izan. Toponimo honen kasuan, gainera, milurte ia oso bat joan zen idatzirik gertatu gabe.
No hay comentarios:
Publicar un comentario