jueves, 19 de julio de 2018

Torremuña toponimoa

Torremuña Errioxako herrixka da, Ajamil de Cameros udalerrikoa.
Erdi Aroko lekukoak badira, Colección Documental de Santa María la Real de Nájera. Tomo I (siglos X-XIV) liburuan badira bi lekuko zahar, biak XI. mendekoak:
Tor de Amunia, 7. agiria, 1044. urtekoa.
Tor de Amunna, 14. agiria, 1054. urte ingurukoa.
Toponimoa, argi geratzen den bezala, ez da euskaraz sortua, erromantzez baizik. Hala ere, interesa badu, euskal jatorrizko antroponimo bat erabilia izan zen toponimo hau egiteko, Amuna, hain zuzen. Amuña toponimoaren sarreran ikusi den bezala, Errioxako lekuko zaharrenetan Amunna ageri da, eta ahoskera hori islatu zen Torremuña toponimoan, antroponimoa aspaldi galdu ondoren. Beste aldetik, toponimoaren hasierako elementua tor 'dorre' da.
Laburbilduz, Errioxako toponimo erdalduna, barruan euskal antroponimo zahar bat duena, Errioxako lurretan ezaguna izan zena duela milurtea eta toponimo honetan geratu da, Amuna izena duela mende asko galdu ondoren.

No hay comentarios:

Publicar un comentario