Bizkaian badira bi toponimo Txakartegi izenekoak, bata Txakartegi baserria Amoroton, bestea Txakartegi basoa Ispasterren. Bi herriak mugakideak direnez, litekeena toponimo bakarra izatea eta ondoren hedatzea, agian lehenago baserri izena eta gero basoa.
Amorotoko baserriaren aipamenak badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Vizcaya de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan, zaharrena 1704. urtekoa litzateke:
"Chacartegui [N, TO]
Chacartegui (la caseria de), Amoroto, a.1745, FogVizcayaMs.
Chacartegui (la cassa de), Amoroto, a.1704, FogVizcayaMs. -/Yzpaster, a.1704 ,
FogVizcayaMs.
Chacarttegui (la casa de), Amoroto, a.1796, FogVizcayaMs."
Txakarrenea toponimoan ikusi bezala, Txakarra izengoitia ezaguna zaigu Erdi Arotik, eta hori izan daiteke Txakartegi-ren oinarria.
Luis Maria Mujikak eman zuen analisia diferentea da, Crítica a las etimologías del “Diccionario de apellidos vascos” N. Narbarte izenburuko lanean:
"TXAKARTEGUI “Paraje pequeño”. Narbarte parte de una variante de txikar —pequeño—, esto es, de txakar B-m-mu. “menudo, muy pequeño”. Más bien, hay que interpretarlo como “lugar de chaparro, roble pequeño, breña” desde txapar, siendo Txakartegi variante probable de Txapartegi. Cfr. APV, 154".
Mujikaren etimologian beharrezkoa da aldaketa bat, Txapartegi > Txakartegi, baina aldaketaren beharra ez du azaltzen, ez du lekukorik ematen non aldaketa hori ematen den. Kontua izenik toponimoaren elementu guztiak ezagunak direla, oinarria Erdi Aroan ere agertzen zela, baita azken mendeetan ere, ahaztu gabe lehen aipatutako Txakarrenea toponimoa, baserri izen honetan, gainera, oinarrian elementu antroponimiko bat izatea normala litzateke. Beraz, Txakartegi toponimoan ere Txakarra hipokoristikoa izango zen, artikulurik gabe: Txakar + -tegi, cf. Telutegi toponimoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario