Amunaga Bizkaiko toponimoa da, Gernika-Lumon eta Muxikan badira Amunaga izena duten hainbat leku izen, auzo bat, baserri bat eta erreka bat. Izen honen lekuko bakarra dago Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Vizcaya de los siglos XVII y XVIII liburuan, XVIII. mende bukaerakoa:
"Amunaga [N, TO]
Amunaga (la casa de), Luno, a.1796, FogVizcayaMs., a.1798, FogVizcayaMs".
Azterketa etimologikoa egiteko, argi dago hasieran oinarri bat dagoela eta bukaeran -aga atzizkia. Oinarria Amuna litzateke, ziurrenik antroponimoa, nahiz eta antroponimo honen jatorria amona, amuna izen arrunta izan, Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan azaltzen duen bezala:
"44. —Amunna n. pr. (vasc. amona, amuna «abuela»): top. Ammunola hacia 1150 (BRSVAP, Y. 425); ap. Amunabarro, Amunategui. Antrop. Amuna Sanz (Leire, 1097 y 1177), Amuna Eneconiz (ib., 1177), ambos en Luchaire, Amunna mora (CSM 214, 1074), etc.; y. también la Vida de Sancta Oria de Berceo. Como el vasc. aitona (cf. Bonuspater CSM 114, 1038, Bonipatri ib. 100, 1030), está formado con el adjetivo on «bueno»."
Mitxelenak jarritako Amuna-ren lekukoez gain, bada Donemiliaga Kukulako agiri zaharren artean bat, eta hori litzateke lehenengo agirian dagoena, 759. urtean: Amunna hic roboravi. Horrek atzeratuko lituzke lehenengo lekukoa mende batzuk, VIII. mende erdira arte.
Amunaga toponimoko oinarria Amuna antroponimoa izanez gero, toponimoaren sorrera milurte oso bat atzera eraman beharko litzateke, nahiz eta lehenego lekukoa duela 200 urtekoa izan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario